Zazpi gazte ubertearrek osatzen dute aurtengo kintada: Moha Khlifi, Maddi Lakuntza Casanova, Ixone Lakuntza Casanova, Uxune Campos Uharte, Aingeru Uharte Navarro, Oihana Jaka Aranguren eta Mikel Arrieta Lizarraga.
Otsailaren 16an, osteguna, hasiko dituzte ospakizunak. Kintoen ospakizunak ihoteekin bat egiten dute, eta horregatik ere kintoek ahalik eta arraroen jantziko dira, beste batzuen arropa edo arropa zaharra erabiliz; betaurreko handiak eta koloretako ilerodeekin. Bazkaltzera elkartuko dira eta, ondoren, Amurginen dauden baserriak eta Itxesia auzoko goiko partea bisitatukod ituzte. Trikitilarien laguntza izanen dute. Zazpikoteak udalak utzitako eraikin batean pasako dituzte kinto ospakizunetako gauak. Hala ere, lehenengo egunean "juerga gutxi" eginen dutela esan dute.
Otsailaren 17an, ostirala, gosaldu ondoren kinto eskean jarraituko dute. Goizean, enpresetatik eta Zerradoa auzotik pasako dira. Dirua ez ezik, etxe batzuetan jatekoak ematen dizkiete. Bazkaltzera joanen dira eta arratsaldean eskean jarraituko dute. Afaldu ondoren parranda eginen dute kintoek.
Otsailaren 18an, larunbata, ihoteak izanen dira Uharte Arakilen eta jendea kalera aterako dela baliatuta eskean ariko dira kintoak ere. Bazkaldu ondoren ihote kalejiran parte hartuko dute eta gauean kinto zaharrak eta kinto gazteak afaltzera gonbidatuko dituzte.