Hurrengo hilabete eta erdian hainbat gremioetako langileak Uharte Arakilgo udaletxetik pasako dira. Txomin Uharte Baleztena alkateak azaldu duenez, "udaletxearen jarduera edo irekiera baimena egunean jartzeko egin beharreko lanak dira". Azaldu duenez, alde batetik, suteei aurre egiteko segurtasun neurriak ezarriko dituzte. "Egurrezko zorua leundu eginen da lehenik eta suteen kontrako berniza emanen dute ondoren. Ke detektagailua ere jarriko da. Hori solairuetan, eskaileretan eta argi-zuloan eginen da".
Horretaz aparte, Uhartek jakinarazi du irisgarritasuna hobetzeko "komunean pasabidea zabalduko da, gurpildun aulkian sartzen direnak eroso ibil daitezen". Erorketen kontrako neurriak ere hartuko dituzte bai leihoetan, baita goiko solairuko eskailerako barandan. Azken hori 1,1 metroko altuerara jarriko dute. Eskaileretako barandari eusten dioten zutabeen arteko espazioa txikituko dute, haurrek tartean bururik sar ez dezaten. "Aukera baliatuko dugu bigarren pisu guztia margotzeko", gaineratu du alkateak. Lanak garagartzaroaren 15erako despedituta egotea espero du.