Artzaintzaren erakusleihoa

Guaixe 2023ko ira. 5a, 14:10

Jendea gazta postuen artean ibiltzen.

Uharteko Sustraia gazta bosgarrena izan zen. Ardiki gisatu txapelketa Etxarri Aranazko Gure Etxea elkarteak eskuratu zuen. Artzain txakurren lehiaketan Jesux Razkin bigarrena izan zen, eta Euskal Herriko txapelketarako sailkatu zen. 

Eguraldiak, euriak, baldintzatu zuen aurten artzaina eta artzaintza ardatz dituen festa. Horrek aurreko urteetako jendeketarik ez biltzea ekarri zuen; hala ere, mordoa elkartu zen. Eguna bera irisgarriagoa izateko, Artzain Egunak estreinakoz ezgaitasuna duten pertsonendako egokitutako aparkalekua izan zuten herrian bertan. Ospakizunak erakarri zituenak aterkiak itxi eta zabaldu ibili behar izan ziren goizean. Aralar Mendi elkarteak gazta lehiaketako epaileak elizako estalpean aterpetu zituen, eta ardiki lehiaketako eltzekoa udaletxean dagoen haurren txokoan banatu zen. 

Ohi bezala, eguerdian, antolatzaileek omenaldia egin zuten. Aurten Aralar Mendi elkartearen aitortza hiru lagunendako izan zen: Felisa Goñi Ezkurra, bere lan ibilbideagatik eta Ultzamako Bentatik eskualdeko produktu eta kulturaren sustapenean egindako lanagatik; Zacarias Puente Herboso, gazta txapelketako epaimahaian gehien aritutako epaileetako bat eta, azkenik, hil berri zen Benjamin Urdiain Mendoza sukaldaria, urtetan gazta txapelketako epaile izandakoa. Haien omenez, dantzariek aurreskua dantzatu zuen. Ondoren, Puentek aukera baliatu zuen berak idatzitako bi liburu elkarteari oparitzeko. 

Goizean zehar, Rikardo Goikoetxea artzainak lehengo erara gazta nola egiten zen erakutsi zuen Erreka kalean. Hainbat gazta egin ondoren, soberan gelditu zen gazta freskoa dastatzera eman zuten haren laguntzaileek. Plazan, berriz, hainbat artzainek beraien salmenta postua jarrita zuten. Pintxoak, gaztak eta gazta zaharrak dastatzeko eta erosteko aukera izan zuten bisitariek. Tokiko produktuen eta artisauen azokek osatu zuten usaimen, dastamen eta ikusmena gozarazi zuten eskaintzak. Latxa ardiaren morfologia eta genetika lehiaketako artaldeak eta artzain txakurren erakusketak makina bat jende erakarri zuten. Baita ardi motzaileen jardun biziak ere. 

Bazkal aurretik egin zituen Aralar Mendi elkarteak sari banaketak. Ohi bezala, jendearen jakin-mina piztu zuen sari banaketak. Baina, batez ere, gazta irabazle erdiaren enkanteak. Kortaria gaztandegiko Infernuko gasna sarituaren enkantea 3.000 eurorekin abiatu zen. Eskaintzak egin zituztenen artean zeuden Alhambra jatetxeko Ignacio Idoate eta Javier Diaz, Tres Reyes hoteleko Victor Sanchez eta Carlos Oiarbide jatetxekoa. Azkenean, gazta erdia Castillo de Gorraiz jatetxeko Alberto, Oskar, Patxi eta Jose Ignacio anaien esku gelditu zen. Jatetxeak 25 urte bete zituela-eta, hori ospatzeko eskuratu zuten gazta erdia. Haren truke, 4.750 euro ordaindu zituzten, joan den urtean baino 50 euro gehiago. 

Arratsaldean artzainek beraien txakurrekin batera artaldea gidatzeko zuten abilezia erakutsi zuten. Bost artzain eta sei txakur lehiatu ziren. Hiru artalde izan ziren lehiaketan, eta ez zuten gehiegi lagundu. Aritz Ganboak, esaterako, lehiaketa uztea erabaki zuen. Bigarren probara Antonio Alustiza  bere bi txakurrekin eta Jexus Razkin pasa ziren. Aurrenaren Ttiki izan zen onena.