Estreinako elkartasun azoka hartu zuen Uharte Arakilek lastailaren 12an. Udalak Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun zerbitzuak, Sakana Harrera Harana elkarteak eta Uharte Arakilgo San Migel eskolak antolatu zuten. Azokan lortutako etekinak eskolaz kanpoko indartze akademikoa garatzeko sortu den boluntario taldeari, Uharteko Urak taldeari, eman zaizkio, material didaktikoa eros dezan.
Elkartasun azoka, zergatik?
Bai. Duela hilabete batzuk Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko Begoña Zestau Baraibarrekin hitz egin genuen. Aipatu zuen premiazkoa zela elkartasun azoka bat egitea, batetik, komunitatea sortzeko, jendearekin harremanak sendotzeko eta, bestetik, gizarte ekimenei bultzadatxo bat emateko. Horretan hasi ginen, gogotsu.
Estreinakoa?
Bai, bai. Baina jendearen erantzuna ikaragarria izan da. Material ikaragarri bildu dugu. Gainera, bi bilketa egin genituen aldi berean. Bilketaren zati bat Marokoko lurrikarak kaltetuendako izan zen, eta bidali genuen. Beste zati bat, elkartasun azokarako gorde dugu. Eta, hala eta guztiz ere, asko-asko bildu da. Oso oso pozik gaude.
Azokarako zer eskatu zenuten?
Etxean erabiltzen ez ditugun eta egoera onean dauden gauza horiei eman nahi genien, alde batetik, bigarren bizitza bat; hainbeste ez kontsumitzeko, hainbeste ez sorrarazteko, eta horrek eragiten dituen albo-kalte horiek guztiak pixka bat ere ekiditeko edo saihesteko. Bestalde, horrekin beste behar batzuk ere estali nahi genituen. Esate baterako, egoera zaurgarrian dauden pertsona horiek ere eskubidea izateko edo errazago iristeko zenbait produktutara. Iruditu zitzaigun denon artean pixka bat jarrita bizitzak gehiago erraz ditzakegula.
Gure artean ere horrelakoak badaude eta ez ditugu ikusi nahi, ezta?
Hori da hitza: nahia. Zeren, berez, egon badaude. Ekonomia doan bezala, prezioen igoera eta hori guztia kontuan hartuta, badauzkagu gure inguruan, gure aldamenean, pertsona asko benetan gorriak ikusten ari direnak. Behar adina jaten ez duen jendea, seguruenik lehenetsi behar direlako alokairuak edo gastu batzuk. Eta hori oso-oso gogorra da.
Zer jaso zenuten salgai jartzeko?
Alde batetik, arropa asko daukagu; gizon-emakume eta haurrentzako arropa pilo-pilo bat. Zapatak ere dezente, liburuak, bitxiak... Badago emakume komunitate bat oso-oso zoragarria dena eta ekarri dizkigute beste herrialde batzuetako pintxo eta janari goxo-goxoak. Tea ere bai. Badaude ere sentsibilizazio kanpainarako hainbat elementu. Eta gero gauza berezi bat-edo. "Guau!" efektu bat eman nahi genion azokari, eta Uharteko estoldetatik grabatutako poltsak pertsonalizatu ditugu. Haietan, Huarte alderantziz idatzita ikusi daiteke, estolden grabatuekin.
Hori, zertarako?
Jendea erakartzeko. Ez da beste ezer. Baizik eta Uharten propioa egin duguna, eta Uharteko elkartasuna pixka bat bultzatzeko ekimen bat da. Nahi genuen pertsonalizatu, benetan esanez: "Uharten gaude, oso harro gaude uhartekoak izateaz". Eta, horretaz aparte, nahi dugu aldarrikatu: uhartekoak den-denok gara, beharrak dauzkatenak, behar gutxiago dauzkagunak eta guztiak.
Komunitatea egiteko nahiari keinua?
Herria egin nahi dugu. Eta nahi dugu herri bat inklusiboa, baina inklusiboa benetan, ez partxeatutako herri bat. Nahi dugu bere nortasunaz harro dagoen herri bat. Harrerako herri bat nahi dugu, herri sozial bat, nahi dugu bizigarria den herri bat. Denok izan behar ditugu begiak erne, ikusteko beharrak dauden horretan denoi tokatzen zaigula, eta denok daukagula ardura puntu bat.
Uharteko Urak poltsetara mugatuko da, edo emaria izanen du?
Uholdeak izanen dira! Espero dut, bai. Uhartek, berez, urarekin lotura handia dauka; ura zirrikitu guztietatik pasatzen den eta eraldatu egiten den gauza bat da. Iruditu zitzaigun oso poetikoa eta oso interesgarria. Marka hori hartu dugu gure ekimenaren ikur izan dadin.
Poltsetatik harago doa, beraz.
Elkartasun azoka honetatik aterako dugun diru hori Uharteko Urak izeneko ekimen bat bultzatzeko erabiliko da. Elkartu gara boluntario batzuk, Uharteko eskolaren inguruko gurasoak eta beste. Akademikoki jarraipena eta errefortzu akademikoa behar duten ikasleak hartuko ditugu eta saiatuko gara jarraipen hori egiten, edo indartze prozesu horiek abian jartzen. Zeren konturatu gara, nahiz eta guraso askok borondatea baduten, ez daude gaituta edo ez daukate gaitasunik curriculumaren hainbat atali aurre egiteko. Iruditzen zaigu elkartasuna ere badela, norberak beretzako nahi duena, besteei ere eskaini ahal izatea.
Atzean ez gelditzeko, integraziorako eta komunitatea egiteko.
Bai. Eta, horretaz aparte, nik uste dut ere puntu egoista bat ere izan dezakeela. Zenbat eta maila orokor hobea dagoen gela batean, denon seme-alabak askoz hobeto egongo dira. Eta nik nahi ditudan bizilagunak dira erabat ahaldundutako eta erabateko eta osoko bizilagunak.
Beraz, maila akademikoari erreparatuko diozue. Hori hasiera da, edo horretan geldituko da?
Hori hasiera baino ez da. Udalak badauzka bi ekimen hor. Alde batetik, sortu dugu talde bat euskarari errefortzua emateko. Eta beste gauza bat izango da boluntario talde hori, errefortzu akademikoan zentratuko dena. Eta, noski, akademikoa izeberg baten puntatxo bat da. Horrekin nahi duguna da beraiek parte sentitu daitezen. Behar horiek pixka bat integratu, barneratu eta gure egin.
Boluntarioek ere errealitate batzuk ezagutzeko aukera izanen dute.
Bai, eta harremanak sendotzeko eta, seguruenik, gure artean elkartzeko eta beste mota batetako harreman oso aberatsak sortzeko.
Boluntarioak badituzue?
Gutxi dauzkagu zoritxarrez eta tamalez. Boluntarioak behar ditugu. Inork nahiko balu honetan parte hartu, nahiz eta bertakoa ez izan, baina ekimena interesgarria iruditzen baldin bazaio, ongi etorria izanen da. Pentsatzen ari naiz erretiratuta dauden hainbat irakasle, horretan arituak direnak edo horrekin esperientzia duten pertsonengan. Uharteko Urak taldearekin harremanetan jarri nahi dutenek udaletxera (948 464 036) hots egitea aski dute. Han emanen dizkiete behar dituzten xehetasun guztiak. Espero dudana da hurrengo urtean herri pixka bat aberatsagoa aurkitzea.