Uharte Arakilgo Sargaitz indutrialdean dagoen Urrizmendi enpresa ilbeltzaren 2an hasiko da lanean. Trefilados de Navarra edo Trefinasaren filiala da enpresa berria, eta haren aldamenean du lantegia. Fabrika berrian ekoiztuko dutena Trefinasa kostu egoki eta kontrolatuan hornitzeko izanen da. Argindar lineendako alanbroia edo alanbre lodia bi prozesuren bidez lortzen da. Batetik, aluminioa galdatuta. Lehengaia hiru iturritakoa izanen da: erositako lingoteak, beste jarduera batzuetan baztertutakoa eta erositakoa edo enpresaren beraren jardunetik beretik berreskuratutakoa. Bestetik, materiala laminatzea forma eta pieza komertzialak edo diseinu berezikoak lortzeko.
Enpresako arduradunek Navarra Capitali jakinarazi diotenez, lantegirako langile falta dute. Horregatik, Sakanako Enpresen Elkartearen laguntzaz langileak bilatzen ari da. Bestalde, Nafar Lansarek hitzarmena eskaini dio langileak opatu eta haiek trebakuntzan laguntzeko. Lantegia martxan denerako ogibidea ezagutzea nahiko lukete Urrizmendiko arduradunek.
Urrizmendiz
Enpresa martxan jartzeko, hasiera batean, 8,5 milioi euroko inbertsioa eta 20 langileren kontratazioa aurreikusten zen. Gauzak aldatu dira. Inbertsioa 9,5 milioikoa da eta 25 langile ariko dira. Urrizmendik “azken belaunaldiko” makineria dauka, fabrikazio eta galdaketa prozesu osoa automatizatzeko aukera ematen duena. Gainera, Scala sistema ere badu, “prozesuaren parametro guztiak eta emisioak ikuskatzeko erabiltzen dena”, azaldu diote Navarra Capitali enpresatik. Horri esker, Urrizmendik urtean 14.000 tona alanbre egiteko asmoa du, eta horretarako hiru txandatan jardungo du, asteko zazpi egunetan.
Enpresako arduradunek ekonomia agerkari digitalari jakinarazi diotenez, proiektuaren jatorria 2008an finantza arloak sortutako krisiaren ondorengo egoeran dago. Izan ere, Trefinasa alanbre-hornitzailerik gabe geratzeko beldur izan zen 2012 eta 2017 artean. Izan ere, krisi hartan Europako fabrika askok ixteko mehatxua baitzuten. Uharte Arakilgo konpainiak bere jardunari eustea lortu zuen. Baina alanbre hornitzailea izanen zen filial bat sortzeko ideia mahai gainean jarri zuten Trefinasako buruek. Ideia baztertu egin zuten, baina orain kostuak igo egin direnez, berriro heldu diote. Filialarekin “hornidura kostu egokian eta kontrolatuan ziurtatzen dugu”, azaldu diote arduradunek Navarra Capitali. Momentuko langile falta gorabehera, proiektuak aurrera eginen duela jakinarazi dute arduradunek.