"Azienda larrirako albaitariak gero eta gutxiago dira"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko ira. 12a, 13:00

Santos Goñi Larraia, kaikua eskutan, omendu zutenean.

Artzain Egunean antolakuntzaren eta sektorearen aitortza jaso zuen Santos Goñi Larraia albaitari ohiak.

Ihebardarrek gazta berriaren irekiera ospakizunean, apirilaren 21ean, egin bezala, Aralar Mendi elkarteak ere aitortza egin zion herriko albaitariari. Horretarako, Artzain Eguna baliatu zuen. Santos Goñi Larraiaren ibilbidea eta Artzain Eguneko antolakuntzan emandako laguntza aitortu zuten. Izan ere, ardi motzaileen eta artzain txakurren txapelketetan laguntzaile izan baita urtetan. 

Zergatik ikasi zenuen albaitaritza? 
Iruñerriko herri bat txiki batekoa naiz, Imarkoaingoa. Etxean beti bi behi eta txerriak genituen. Txikitan, askotan, txerrien eta behien erditzeen ardura nuen gurasoak oporretan joaten zirenean. Behiak ere jaisteko ardura ere banuen. Antza, orduan zaletu nintzen, betidanik barruan nuen zaletasun hori. Gainera, lehengusu bat eta osaba bat albaitariak ziren. Horrek azken bultzada eman zidan ikasketak erabakitzerakoan. 

Non ikasi zenuen?
Zaragozako Unibertsitatean ikasi nuen. Orduan bost urteko ikasketa zen. Gogorra egin zitzaidan hain urruti joan beharra, egia esan, ni etxetik gutxitan atera bainintzen. Baina ederki ikasi nuen. 

Ikasketak bukatuta, garbi zenuen zertan lan egin nahi zenuen?
Behin bukatu eta gaindituta nuela, bai: landa eremuko albaitaria izan nahi nuen, animalia handiekin lan egin nahi nuen. Hori nuen gustuko. 

Zergatik landa albaitaria?
Herrikoa naizelako, eta herriek tira egiten didatelako. Hiriak ez zaizkit gustatzen. Madril edo Bartzelonara joatea asko kostako litzaidake. Ez naiz hiri handien zale, beti herrikoa izan naiz. 

Nolaz bukatu zenuen Uharte Arakilen lan egiten? 
Altsasun bizi zen albaitari bat zegoen (Juan Jose Ruiz de Arriaga). Lanari ezin heldu zegoen eta hots egin zidan. Aurretik joatea nahi zuen, baina soldadutza bukatu ondoren hasi nintzen berarekin lanean. Sakana Iruñerritik gertu dago eta gustuko dut. 

Noiz hasi zinen albaitari lanean? 
Uharte Arakilen 1984ko apirilean. Eta Uharte Arakil aukeratu nuen ibarraren erdi partean zegoelako. Nire ustez aukera egokiena zen. Irurtzun eta Ziordia artean lan egin izan dut berrogei urtez. 

Azienda larri eta xehearekin lan egin duzu? 
Nire lan ibilbidearen akaberan mundua aldatu da, jendeak maskotak izatera jo du gehiago. Maskota ugari dago eta arlo horretan lan egiten hasi nintzen. Bi lan motak uztartu nituen akaberan. Akaso, lan gehiago egiten nuen maskotekin azienda larriarekin baino. Izan ere, maskoten kopuruak gora egin duen bezala, azienda larriarenak, zoritxarrez, behera egin du. 

Azienda larriarekin lan egitea kontu serioa da. Abeltzainek diru asko dute jokoan. 
Prezioekin kontuz ibili behar genuen. Guk kontuan hartzen genuen haiek aziendarekin zer irabazten zuten eta guk zer irabazi genezakeen. Prezioak estutu beharra genuen. Baina animalia txikiak, maskotak, beste mundu bat da. 

Abeltzainekin zer erlazio zenuen? 
Erlazio ona izan dut, ez dut arazorik izan. Jendearekin lan egiten duenak ezin du sekula jende guztiarekin ongi moldatu. Beti izanen duzu zeraren bat. Baina kudeatzen jakinda... ez dut inolako arazorik izan eta, egia esan, oso pozik egon naiz. Berrogei urtez aritzeko pozik egon behar, bestela!

Albaitari izan zaren bitartean lan egiteko moduak aldatuko ziren. 
Izugarri! Azienda gobernatzean garai bateko ganaduzaleek gaur egungoek baino askoz trebeagoak ziren. Baina bitarteko gutxiago zituzten. Animaliak eusteko garaian, askotan, aldamenei laguntza eskatzen zitzaien. Orain teknikaren bidez egiten dena lehen jendearekin ederki asko egiten zen. 

Zergatik ziren trebeagoak?
Aziendarekin denbora gehiago egoten ziren. Esaterako, behiak etxe azpian zituzten. Orain behi granja etxetik kilometro batera edo pare batera dute. Garai batean behi bat erditzear zegoenean orduero jaisten zen abeltzaina behia ikustera. Orain desberdina da, granjetan kamerak jarrita dituzte eta etxetik begiratzen dute. Bestalde, abeltzainekin tratua estuagoa zen orduan, haiekin luze egoten zinen. Zortzi behi izanen zituen, baina abeltzain harengana urtean, apika, hogeitan joaten zinen. Egun berrehun behi dituen abeltzain batengana beharbada hirutan joaten zara.

Gero eta abeltzain gutxiago esan duzu. Albaitariei eragin dizue horrek?
Bai, gero eta abeltzain gutxiago dago, eta azienda gehiago dute. Egia da abeltzainak azienda ugari izatean pixka bat profesionalizatzen direla eta, horregatik, albaitariei lan gutxiago eskatzen digute. Garai batean, askotan, albaitari lanaz aparte beste abeltzain bat laguntzen duen abeltzainarena egin nuen. Orain hori asko aldatu da. 

Gero eta maskota gehiago. Eta denetariko maskotak gainera!
Denetarik bizi behar izan dut, gauza onak eta txarrak. Dakizkidan gauzak, ez dakizkidanak. Ni ikasten ari nintzela azienda larriarekin praktika handiagoa genuen. Animalia txikiena ez zegoen gizartean hain garatuta. Asko aldatu da. 

Zer moduz maskoten jabeekin?
Pixka bat zailagoak dira, baina, ongi. Ganaduzaleekin bezala. Gizarte kontu bat da hori, ez du zerikusirik azienda larria edo maskotak izan. 

Animalien inguruko legedia ere aldatu da. Lanean eragin du?
Azken erabakian eragin du. Apika urte bat edo bi gehiago jarrai nezakeen lanean. Baina burokrazia eta paper kontuek, albaitariari baino idazkari bati edo besteren bati dagozkion lanak egin beharrak... Nire izateko moduagatik, eragina izan zuten.     

Entziklopediaren garaitik Internet garaira salto egin dugu. Zer eragin izan du?
Abeltzainen lanean izugarria izan da. Duela hamabost urte bazeuden bost edo hamar urtetan erretiroa hartu behar zuten adineko abeltzainak. Nik uste jubilazioa aurreratu zutela burokrazia kontuengatik. Esaterako, nik ikasketak ditut eta gaizki moldatu naiz. Beraz, oinarrizko ikasketak zituen jendea, pentsa!

Lehen zalantzaren bat zenuenean, norengana jotzen zenuen? 
Orain Internetera jotzen duzu. Abantaila ikaragarria da. Nik etxean liburu pila ditut. Denetariko liburuak eta aldizkariak erosten nituen. Beste albaitari batzuekin ere iritzia partekatzen zenuen, eskarmentua zuten albaitariekin. Eta horien artean denetarik dago, batzuk laguntzeko prest zeuden, besteak uzkurrago jokatzen zuten. Bizilegea. 

Zientzia aurrerapenak ere bizi izan dituzu. 
Izugarri aurreratu da. Ni zaharkituta gelditu naiz. Mundu digitalean azken dinosauroetako bat naiz. 

Albaitari belaunaldi aldaketa badago? 
Bai, badago. Baina gaur egungo albaitariak arlo digitalean trebeagoak izan behar dute. Azienda larrirako albaitariak gero eta gutxiago dira. Hor zailagoa da belaunaldi aldaketa izatea. Animalia txikiekin kontrakoa gertatzen da, halako klinikak asko ugaritu dira. 

Jubilatuta zer moduz bizi da?
Osasuna izanda, erretiroa hartuta oso ongi bizi da. Jubilazioa 65 urtetan jarri zutenak ez zuten ezer oparitu. Adin horrekin, fisikoki eta psikologikoki, nekatuta gaude. 

Erlazionatuak