Jardunaldiak urriaren 26an eta 27an egin behar zituzten, baina eguraldi txarraren aurreikuspenengatik atzeratzea erabaki zuten, eta azaroaren 2an eta 3an eginen dute. Hitzaldia urriaren 25ean, ostirala, egin zuten.
1. Zer dira arto jardunaldiak?
Julen. Artoaren ezagutza zabaltzeko jardunaldiak dira. Artoarekin produktu berriak egiten ari gara, eta gure leloa da Artoa ez da bakarrik taloa egiteko; artoa zer den erakusteko egin ditugu. Badira arto mota desberdinak. Orduan, egun bat non jendeak artaburuak hartuko dituzte, irekiko dituzte eta ikusiko dute, esaterako, artoa koloretakoa izan daitekeela.
2. Aurtengoa bigarren edizioa da.
Txomin. Aurreko urtean hedapen publikorik ez genuen egin; auzolan txiki batean arto bilketa bat egin genuen, eta horren bueltan eta bertako hazien gaiarekin pentsatu genuen zerbait egin zitekeela. Proposamena hor zegoen eta ON horri eman diogu. Arakil aldean sentsibilizazio lan handia egiten ari dira hazien bankuekin, eta gu ere parte gara. Horrelako gauzak sustatzeko eta indartzeko ezin dugu aukera galdu.
Nerea. Arakilgo proiektua martxan jarri zenean eta prospekzioa egin zenean, ez zen artorik, garirik edo garagarririk agertu. Erabat galduta zegoen. Beraz, konturatzen gara gure inguruan landatzen den arto guztia erabat industriala eta transgenikoa dela, eta abereak loditzera bideratuta. Oso garrantzitsua da nola elikatzen garen fokua jartzea.
3. Eta zergatik Uharte Arakilen?
J. Uharte Arakilek eta biok badaukagu produktore bat amankomunean; etorkizunean gehiago ere izan daitezke. Hemen haziekin lan asko egin dute, eta aukera polit bat ikusten nuen produktore horrekin, Txominekin, Udalarekin eta garapen agentziarekin elkarlana egitea. Aurreko urtean zerbait xumea egin genuen, azken unean antolatutakoa, eta hurrengo urterako zerbait berezia prestatzea hitz egin genuen; iritsi da.
4. Ostiralean hazien inguruko hitzaldia izan da.
N. Jardunaldietan transmititu nahi den hori kontestuan jartzeko da; bertako barietateen berreskuratzea eta manteatzearen garrantzia. Euskadiko Hazien Sareko kide batek emango du hitzaldia eta, ondoren, Arakilgo Udalak berreskurapenaren esperientzia kontatuko du. Dastaketa parte hartzeilea eigngo dugu ere; esandakoa errealitatera ekarriko dugu. Parte hartzera animatzen dut jendea, polita izango da.
5. Eta asteburuan artoa jasoko duzue.
N. Dena auzolanean zentratu dugu; helburua da auzolanean artoa biltzea. Esperientzia horren barruan Ekotaloko taloak dastatuko dituzte ere, eta umeendako talo tailerra izango da. Bertan Arakilgo barietateekin eta Nafarroako Hazien bankuko mahaitxo bat egongo da, eta arto barietateen haziak eskuratzeko aukera izango da ere.
6. Arto mota desberdinak daude. Zeintzuk? Zein da hoberena?
J. Mexikotik gizon bat etorri zen eta esan zuen onena guk erabakitzen duguna izango dela. Denbora eta hobekuntza behar da, eta interesatzen zaizkigun haziak aukeratu. Onena hori da, eta jardunaldietan hori erakutsi nahi dugu ere. Gu kulinarikoki gozoenak direnak bilatzen goaz. Motei dagokionez, horiak, beltzak eta abar izan daitezke, eta bakoitzak propietate desberdinak ditu.
T. Aurten hezetasun handiegiarekin joan da uda, eta hainbat produktuk arazoak dituzten bezala, artoak ere baditu. Datorren urteko eguraldia ez dago gure esku; koloreak eta abar ez ezik, beste hainbat faktore zaindu behar dira ere.
7. Zein da artoaren zikloa?
J. Guk maiatzaren 15aren bueltan ereiten dugu. Ziklo motzakoak irailaren erdialdean jasota zeuden, baina hemengoa oraindik bertan dago.
T. Normalean maiatzaren erdialdetik ekainaren hasierara arte. Martin Txiki eta jentilen kondairak ongi azaltzen du noiz jaso behar den.
8. Nolakoa izan da aurtengo uzta?
J. Aurten nahiko eskasa. Baina uzta eskas urtean identifika ditzakegu artaburu indartsuenak; zutik dagoen artoa arto ona da eta hazitarako erabiliko da. Beti zerbait positiboa atera behar da.
9. Zer egin daiteke artoarekin?
J. Galletak, gosarirako pancake edo tortitak, risotto moduko bat, kroketak... Dieta oso bat osatu nahi dugu. Prestatzen ditugun produktuak erraz egiteko dira; ur eta olio pixka batekin, errezetak hor daude, baita bideoak ere, jarraitu baino ez da egin behar.
10. Zein da artoaren prozesua?
J. Artoak termotratamendu bat behar du. Kroketak egiteko irinak, adibidez, granometria zehatz bat behar du, eta hemengo errotak batzuetan ez daude horretarako prest. Tragelatinizatzen dugu ere. Artoak sukaldatze momentu bat behar du horrelako produktuak egiteko.
11. Zergatik artoa?
J. Santo Tomas egun batean ikusi nuen jendeak ez zuela talo guztia jaten, gaizki egiten ziotelako. Ideia horretatik hasita artoak eta irina garatzen hasi ginen. Gure taloek ez die jendeari gaizki egiten, tragelatinizazio horregatik.