Trenbideetako azpiegituren kudeaketaz arduratzen den Adif enpresak Caparroso, Artederreta (Untzue) eta Uharte Arakil geltokietan dauden tren bazterbideak 750 metrora arte luzatu nahi ditu. Hiru geltokietako lanak emateko deialdia egin Adifek. Hiru bazterlekuak egiteko lanek 19.749.591,61 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Obrak 2025ean hasi eta 2026an despedituko beharko ditu eraikuntza enpresak. Lanak egiten interesa duen enpresak ilbeltzaren 13ko 13:00ak arteko epea du eskaintza aurkezteko. Lanak hartzen dituen enpresak bi urte izanen ditu horiek despeditzeko.
Uharte Arakilgo tren geltokiko bazterbideak 610 bat metro ditu eta 750 metrora arte luzatuko dute. Bazterbidea Geltoki kaleko 12. zenbakiaren parean hasiko da, autobia gaineko zubiaren azpitik pasa eta 200 bat metro gehiago hartuko ditu Arruazu aldera. Zubiaur dermioan bukatuko da.
Horretaz aparte, hiru geltokietan erabiltzen ez diren nasak eraitsiko dira. Uharte Arakilgo geltokian Altsasu aldeko nasak eraitsiko da eta Iruñea aldekoa luzatuko da.
Adifek azaldu duenez, jarduera horiek Garapen Jasangarriaren Helburuen 9 puntuarekin (Industria, Berrikuntza eta Azpiegitura) lortzen laguntzen dute. Helburuetako bat azpiegitura fidagarriak, jasangarriak, erresilienteak eta kalitatezkoak garatzea da.
Gainera, TEN-T sareko korridore atlantikoan salgaien trafikoa hobetzeko aurreikusitako ekimenen barruan daude lan horiek, eta Europaren finantzaketa dute, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez, Europar Batasuna-NextGenerationEUk finantzatua.