Uharte Arakilgo tren bazterbidea 750 metrora arte luzatzeko lanak egin nahi ditu Adif enpresak, Trenbide Azpiegituren Administratzaileak. Proiektuko obrak egiteko behar diren lurrak edukitzeko nahitaezko desjabetze espedientea onartu da. Onespen horren ondorioz, onura publikokotzat edo interes sozialekotzat jo behar da, eraginpeko ondasunak okupatu behar dira eta presakotzat jo behar da.
Lau lursail okupatuko dira lanak egiten diren bitartean. Alde batetik, Nafarroako Gobernuaren bi: autobia gaineko zubira daraman errepide zatiaren ingurua eta Zerradoa kalearen eta industrialdeko bidegurutzaren artean dagoen NA-7517 errepidearen ondoko zatia. Bestetik, enpresa batek Sargaiz industrialdean duen eremua. Eta, azkenik, ezezagun batek Zerradoa kalean duen eremua.
Trenbide Sektorearen Zuzendaritza Nagusiak jendaurreko informazioa ematea erabaki du 15 egun balioduneko epean. Desjabetzeei buruzko eranskina kontsultatu ahal izango da Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioaren egoitzan. Gainera, Desjabetzeen Eranskina web bidez kontsultatu ahal izango da www.transportes.gob.es webguneko Partaidetza Publikoaren atalean (www.transportes.gob.es) eta www.adif.es webguneko Gardentasun Atariko Informazio Publikoaren atalean). Era berean, eraginpeko ondasun eta eskubideen jabeei dei egin die Uharte Arakilen izan daitezen maiatzaren 21ean, 09:00etan, okupatu aurreko aktak egin ditzaten.