Tren bazterbidea luzatzeko lanak emanda

Guaixe 2025ko api. 2a, 11:37

Adifek Caparroso, Artederreta eta Uharte Arakilgo geltokietako tren bazterbideak 750 metrora luzatzeko lanak 18 milioi eurotan eman ditu.

Espainiako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioak 18 milioi euroko (BEZa barne) kontratua esleitu du, Adifen bidez, Caparrosoko, Artederretako eta Uharte Arakilgo geltokietan lanak egiteko. Castejon eta Altsasu trenbide linean dauden hiru geltokietako trenbide bazterbideak luzatu eginen dituzte.

Lanei esker, hiru geltokietan 750 metroko luzera duten merkantzia-trenak hartzeko ahalmena duten bazterbideak izango dira. Kasu guztietan, luzapenak elektrifikazioa handitzea eskatzen du, bai eta bide-aparatuak, komunikazioak, segurtasun-instalazioak eta finkatzeak egokitzea ere. Uharte Arakilgo tren geltokiko bazterbideak 610 bat metro ditu eta 750 metrora arte luzatuko dute. Bazterbidea Geltoki kaleko 12. zenbakiaren parean hasiko da, autobia gaineko zubiaren azpitik pasa eta 200 bat metro gehiago hartuko ditu Arruazu aldera. Zubiaur dermioan bukatuko da. Horretaz aparte, Uharte Arakilgo geltokian Altsasu aldeko nasak eraitsiko da eta Iruñea aldekoa luzatuko da.

Lanen zergatia 
Tren bazterbideak luzatzeak trenbide-sarearen elkarreragingarritasuna indartzen du, eta trenbide zerbitzuaren eraginkortasuna eta kalitatea areagotzen ditu, batez ere salgaien trafikorako. Lan horiek trafiko gaitasun handiagoa eta karga zerbitzuen lehiakortasuna hobetzea ahalbidetuko dute. Obra hori TEN-T Europa Barneko Garraio Sarearen Korridore Atlantikoan salgaien trafikoa hobetzeko aurreikusitako ekimenen barruan dago, eta ODS 9 (Industria, Berrikuntza eta Azpiegitura) Garapen Jasangarriko Helburua lortzen laguntzen du. 

Lanek Europaren finantzaketa dute, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez. Europar Batasuna-NextGenerationEUk finantzatua da.