Jose Mari Ustarroz Razkin uharte arakildar ezaguna 85 urterekin zendu da, maiatzaren 29an. Langile nekaezina, Uharte Arakilgo Artzai Egunaren sustatzailea izan zen, Idiazabal Gazta Jatorri Izendapeneko presidente, bi hamarkadatan, eta Aralarko San Migel Goiaingeruaren Kofradiako presidentea zen oraindik.
81 urte zituela utzi zion Idiazabal Gazta Jatorri Izendapeneko presidente izateari eta Uharte Arakilgo Artzai Eguneko lehen lerroan egoteari, baina ekitaldietan ez zuen huts egiten. Aralarko San Migel santutegiko aurpegi ezagunetako bat zen.
Haren aldeko hileta elizkizunak maiatzaren 31n, larunbata, izango dira Uharte Arakilgo San Juan Bautista parrokian, 17:00etan.
Aralar Mendi elkartearen dolumina eta aitortza
Artzai Eguneko antolatzaileek, Aralar Mendi elkarteko kideek, "gure kide Jose Mari Ustarrozen heriotza dela eta geure samiña eta tristura" adierazi dute. "Geure doluminak adierazi nahi dizkiogu Jose Mariren gertuko eta lagunei, geure komunitatearen besarkadarik beroena".
Aralar Mendi elkarteak 1968tik Artzai Egunaren alde eginiko lana eskertu nahi izan diote Ustarrozi. "bera izan baita urte guzti hauetan eguna bizirik izatearen arrazoi nagusienetakoa". Nabarmendu dutenez, "gaurkoan Euskal Herriko Artzaintzak erreferente bat galdu du, Artzai Eguna bultzatzeaz gain Ustarrozek artzaintzaren alde hainbat esparruetan egin baitu lan". Gogoratu dute Idiazabal Jatorriko Izendapeneko lehendakari izan zela 17 urtez, edota artzain txakurraren alde Ustarrozek izandako jarrera irmoa. "Herrian ere aktibo bat izan da hainbat esparrutan, herrigintzan, euskararen eta euskal kulturaren alde, besteak beste".
Aurten 57. Artzai Eguna ospatuko da Uharten, "lehenengoa Jose Mariren ekarpenik gabe, 1968. urtetik Artzai Eguna aurrera ateratzeko lehen lerroan egon baita. Beraz, geure omenaldirik onena aurtengoan ere Artzai egun arrakastatsu bat antolatzea izango da, Euskal Herriko Artzainak erdian kokatuz. Mila Esker Jose Mari, zuk egindakoa gurekin geratzen da".
Jatorri izendapena
Idiazabal gazta jatorri izendapeneko ordezkariek azaldu dutenez, "pertsona oso berezia agurtzen dugu gaur, Deiturako lehendakari izandako Idiazabal familiako kidea eta azken egunera arte bere lurraldera errotuta dagoen sektoreagatik arima jarri zuena".Gaineratu dutenez, "Zure konpromisoagatik, zure indarragatik, zure dedikazio eta eskuzabaltasunagatik. Lurraldera errotuta dagoen sektore baten zintzotasunaren irudia zara eta izango zara". Izendapenean egindako lana eskertu diote. "Betirako Ustarroz, gure ardirik gabeko artzaina".