Jose Mari Ustarroz Razkin zenaren etxean bazekiten igandekoa egun desberdina, zaila izanen zela. Senar eta aita gabeko aurreneko Artzain Eguna zen. Aralar Mendi elkarteak gazta txapelketari ere Ustarrozen izena eman dio eta omenaldiak iragarriak zituen. Eguerdikoa izan zen nagusia. San Joan plazan gazta txapelketako epaileak eta artzaintzarekin lotura duten hainbat ogibidetako pertsonek artzain makil bana hartu eta zutituz arkua osatu zuten. Haren azpitik pasa ziren Miren eta Edurne Ustarroz Goñi eta aitaren argazki baten alde banatan jarri ziren eta haien parean jarri ziren bi dantzarik aurreskua dantzatu zuten. Omenaldian hainbat oroigarri jaso zituzten alabek. Gainera,
Luis Mari Bengoak omenaldiaren aurkezpenean esan zuen: "nork ez zuen Jose Mari ezagutu? Hemen egon da, aurreko lerroan beti. Abertzale baketsua, herria bihotzean zuen beti. Eta hor, bihotzean, artzainak, ardiak eta bere Uharte Arakil zituen". Ondoren Artzain Egunaren bilakaeraren historia errepasoa egin zuen. Nola hasi ziren artzain txakur txapelketarekin eta eguna osatuz eta txapelketak gehituz joan zirela. Artzaintzarekin zuen konpromisoak Ustarroz Idiazabal gaztaren jatorri izendapeneko buru izatera eraman zuela gogoratu zuen. Lorpen horiek guztiak "artzainei, abeltzainei, gaztari eta gure herria maite dugunei Ustarroz bizirik zela egin zigun omenaldia da", esan zuen Bengoak.
Aralar Mendi elkarteko presidente Roberto Jakak esan zuenez, "ospakizunaren arima izan zen hasieratik hil zen arte. Printzipio sendokoa, lanean oso saiatua eta oso sortzailea. Gauzak ongi egitearen zale, berak egindakoen epaile, Artzain Egunak jasotako ohore eta aitortza guztiak Ustarrozek berak jaso zitzakeen". Jakak nabarmendu zuen omenduak hainbat ardura izan zituela artzaintzaren sektorean. "Ustarrozen ekarpenak egun hau gainditzen du. Aurretik erronka handiak dituzten bertako arrazen eta artzaintzaren biziraupenaren alde egin zuen". Jakak gaineratu zuenez, artzainen eta elkarteko kideen artean Ustarrozek "betetzen zaila den hutsunea utzi du". Gaineratu zuenez, "zaila izanen da berak utzitako mailara iristea. Eta are zailagoa zure ardura eta iraunkortasuna berdintzea".
Eskuz-esku
Ustarrozekin buruz buru lan handia egin zuen Mirian Molina jatorri izendapeneko gerenteak. Molinak gogoratu zuenez, Ustarroz "lau herrialdeak jatorri izendapen bakarrean biltzeko ahalegina egin zuen ameslari haietako bat izan zen 80ko hamarkada hasieran". Ondoren izendapeneko presidente 17 urtez izan zela oroitu zuen. "Sektore eta jatorri izendapen egituratzaile, bateratu eta sendoago bat lortzeko zurekin lan egin dugula azpimarratu nahi dugu. Izaeragatik eta zure lan eta ibilbidearen balio egiaztatuagatik Euskal Herri guztian baldintza gabeko sinpatia eta konfiantza sortu duzu. Zure jendetasuna, ekimen handia, iraunkortasuna ekarri du Idiazabal gaztari eta artzaintzari betirako lotuta gelditu diren eta haien defentsa eginen duten pertsonen eta erakundeen sare bat sortzea". Gaineratu zuenez, "zure erabakiak guztion ongiaren bilaketa eskuzabaletik egiten zenituen". Azkenik, familiari eskertu zion "Ustarrozen dedikazioa erraztu izana".
Jose Mari Aierdi Landa Garapen kontseilariak esan zuenez, "Ustarrozez hitz egitea, herri batekin eta sektore batekin izandako konpromisoaz hitz egitea da. Horrek festa eta aldarrikapena uztartzen dituen Artzain Eguna sendotzea ekarri zuen". Gogoratu zuen Ustarrozek lurraldean lan egiteko, bertako arrazen, garapen jasangarriaren aldeko eredua aldarrikatzen zuela, "hau da, abeltzaintza estentsiboa". Aierdik gaineratu zuenez, "berak garatu zuen ideiaren gainean 150 kolaboratzailek baino gehiagok bat egiten dute festa honetan". Azkenik, kontseilariak ere familiari aitortza egin zion, Ustarrozek "eguneko 24 ordutan zuen konpromiso hori ezin izanen zen posible izanen familiak ez balu gurekin partekatu".
Omenaldia despeditzeko, Ricardo Goikoetxea artzain eta lagunak Pantxoa eta Pelloren Azken dantza hau abestu zuen. Eta Bengoak berak tronpetaz Agur jaunak jo zuen. Akaberan Mirenek eta Edurnek artzain makilekin arkua egiten zituzten guztiak banan-banan agurtu zituzten. Une hunkigarriak izan ziren. Arratsaldeko artzain txakurren lehiaketan Ustarroz oroitzeko minutu bateko isilunea gorde zen.