Frankismoaren errepresaliatuak gogoan

Guaixe 2025eko azaroaren 4a

Ekitaldiaren ondoren lore eskaintza egin zuten. UTZITAKOA

Estatu kolpea izan zenetik 89 urteren ondoren hiru ubertear eraildakoetatik bakarraren gorpua besterik ez da berreskuratu. Memoriaren beharra aldarrikatu zuten jazotakoa, atzera ere, ez gertatzeko.

Herriko seme-alaben plazan dagoen oroigarrian ekitaldia egin zen igande eguerdian. 1936-2016 Uharte Arakil 80 urte memoria galtzen kolektiboak Frankismoak errepresaliatutako eta eraildako pertsonen omenezko ekitaldia izan zen. Kolektibokoek gogoratu zuten 1936an frankistek hiru ubertear erail zituztela: Silverio Astiz Ezkurdia eta Silverio Astiz Lakuntza aita-semeak eta Victor Martirena Alegria. Aurreneko bien gorpuak ez dituzte berreskuratu oraindik. Gainera, hainbat ubertearrek errepresioa pairatu zutela gogoratu zuten. 

Esan zutenez, "zoritxarrez, mundura begiratu eta Historia behin eta berriz errepikatzera kondenatuak gaudela dirudi. Palestinar herriak bizi duen genozidioa da horren erakusle handiena". Kolektibokoek palestinar herriari "elkartasuna eta babesa" adierazi zioten: "ea behingoz ibaitik itsasora libre eta bakean bizitzeko aukera duten".

Ekitaldian "memoria egiteko" bildu ziren, "duela 89 urte gertatutakoa berriro gerta ez dadin. Munduan bizi dugun oldarraldi faxistak, eskuin muturraren gorakadak, Trumpismoak, berri faltsuak… Beharrezkoa egiten dute inoiz baino gehiago gaurkoa bezalako ariketak". Deitzaileek ziurtatu zutenez, "memoria egiteak, herrian berriro horrelakorik ez gertatzea izan behar du helburu. Bakean eta askatasunean bizi nahi dugulako, gure ingurua eta ingurukoak zaindu nahi ditugulako".