Joan dira Uharteko kinto egunak

Guaixe 2026ko otsailaren 17a

Otsailaren 12tik otsailaren 14ra, kinto ospakizunak izan ziren Uharte Arakilen. Zortzi neska eta bi mutil izan ziren protagonistak.

Kinto ospakizunen protagonistak aurten hamar gazte izan dira: Oihane Marin Gonzalo, Usuri Astiz Mateo, Alba Macias Alvarez, Naroa Lakuntza Irigarai, Aintzane Aldasoro Arano, Olaia Vilariño Huarte, Manex Huarte Flores, Nisrin Aboufaras El Ouannasse, Oier Uharte Navarro eta Irati Unanua Uharte. Herriko ohiturari jarraituz, kintoak arropa zaharrekin eta koloretako ileordeak jantzi zituzten. Haiek erositako bonboa aldean zutela, nabari-nabariak izan ziren kintoen kalez kaleko ibilerak. Haiekin batera, kinto ospakizunean Maddi Lakuntza trikitilaria eta Mikel Zelaia akordeoi jotzailea iza dira.

Kinto hamarkotea ospakizunak dirauen bitartean emantzipatuta egon da, udalak mojena zen eraikinean txoko bat utzi baitie eta han lo egin dute. Ostegunean hasi zuten ospakizuna, kinto guztiak elkarrekin bazkaltzen. Mahaitik mugitu eta Aralar magalean dauden baserrietara bisita egin zuten. Herrira bueltan Itxesi auzoko goiko aldean eskean ibili ziren. Afaldu ondoren, parrandan ibili ziren.

Ostiralean, otsailak 13, eskolara bisitan joan ziren. Industrialdean eta auzoetan eskatuz jarraitu zuten. Majo bazkaldu eta afaldu zuten. Larunbat goizean herrian eskatu ondoren, bazkaldu eta kinto ospakizunak ihoteenarekin bat egin zuen. Eta ospakizuna kinto gazte eta zaharrekin afaltzen despeditu zuten. Mahaiaren bueltan 23 gazte elkartu ziren.

Kinto ospakizunak bukatzearen pena berehala pasako zaio hamarkoteari, izan ere, Uharte Arakilen kintada guztien eguna ospatuko da hilaren 28an eta, jakina, aurtengo kintoak ere ospakizuneko parte izanen dira.