Astekaria

Igor Arrietak Sakana batu du

Maider Betelu Ganboa 2026ko ekainaren 9a

Igorren anaia Mikelek ezin izan zuen egon, baina gertukoen eta lagunen zorion mezuz betetako bideoa prestatu zuen.

Girotik bueltatzerakoan omenaldi sorpresa jaso zuen txirrindulariak jaioterrian. Uharte Arakilgo Udalak, herritarrek, familiak, Aralar eta Burunda txirrindularitza taldeek, txirrindulari ohiek eta lagunek harrera xume bezain ederra egin zioten.

Bolo-bolo zabaldu zen berria: Igor Arrieta Lizarragari ongietorri sorpresa egingo zitzaion ekainaren 2an, 18:00etan, Uharte Arakilgo plazan. Igorrek ez zuen berririk. "Ez du ezer susmatzen. Bera Sakana Group-Aralar taldean hasi zen, baina Burunda taldea gonbidatu dugu egun honetan gurekin egoteko. Eta beste taldeetan ari diren neskak. Gaur Sakana osoa dago hemen ordezkatuta" azaldu zuen Igorren izeba Araceli Sergiok. "Gonbidapena jaso, eta ilusio guztiarekin etorri gara" konfirmatu zuen Burundako Xabier Ramirez de Aldak. Sakanako klubak elkarrekin ikustea oso polita izan zen. "Oso pozik gaude sorpresa honetako parte izateagatik" aipatzen zuen Aralar klubeko presidente Omar Sanchez uhartearrak, txirrindulariak bi lerroetan kokatzen zituen bitartean. Globoak, "Zorionak" pankarta, dantzariak, eta auzatea, dena prest. 

Puntual iritsi zen Igor Arrieta, ahoa zabal-zabalik zuela. "Ez nuen espero. Egoi Martinez etorri zait, zerbait egin behar genuela. Hitzik gabe geratu naiz" azaldu zuen. Nola da posible ezer ez susmatzea? "Sekretuak ongi gordetzen dakigu" arrazoitu zuen Jose Luis Arrieta aitak. 

 

Aurreskua eta gero, Txomin Huarte alkateak bi hitz erabili zituen, "zorionak eta eskerrik asko. Zorionak Giroko garaipenagatik eta Aralarren hasi eta orain arte egindako ibilbidearengatik; eta eskerrik asko transmititzen dituzun balioengatik: garaipenaren egunean erakutsi zenituen kemena, indarra, gogoa, umiltasuna, eskuzabaltasuna... zurekin bat etortzen direnak. Beti gure alboan, zure ibilbidean bidelagun izan zenituenetik gertu. Aurrera Igor, eta gora Uharte!". Aralarko Omar Sanchezek eskerrak eman zizkion, "gure izena, bai herrikoa, bai Sakanakoa, bai Aralar klubekoa munduan barna zabaltzeagatik". Iaz bere lehen garaipena, Ordiziakoa, Bakaikun ospatu zutela gogoratu zuen. "Esan genion hurrengoren bat ospatzea espero genuela, eta Girokoa etorri da. Ea gehiago datozen". 

Zeharo hunkituta
Igorrek bildutakoei eskerrak eman zizkien, hunkituta, tarteka malkoka. "Ez nuen halako festarik espero. Eskerrik asko, espero dut halako momentu gehiago edukitzea". Urduri zegoen. "Lasterketa batean badakit zer egin behar dudan, baina hemen ez". Bere anaia Mikelek gertukoek bidalitako mezuekin bideo bat prestatu zuen, eta barre egiteko tartea ere egon zen, Aralar klubeko Etxarrikok hogei siesta zor zizkiola esan zuenean, esaterako. "Uneko tentsioa kentzeko ongi etorri zait" barre egin zuen Igorrek. "Eta niri sofa zor didazu. Giroko urduritasunarekin, txikituta utzi dut" gaineratu zuen bere hasierako entrenatzaile Edi Cerviñok. 

Aurpegi ezagunak bildu ziren. Iker Mintegi txirrindularia, Imanol Erbiti, Egoi Martinez, Gorka Izagirre, Iker Flores, eta Alberto Martinez txirrindulari ohiak, Aralar klubeko sortzaile Joxe Andueza, eta gertukoenak: senitartekoak, kuadrilla, ikastolako lagunak eta irakasleak. Eta herri guztia. "Horregatik izan da horren polita" eskertu zuen Igorrek. 

Erlazionatuak