San Bizente ermitako atea, atzera ere, zabaldu zen

Guaixe

Ubertearrak eta apaiza ermitaren parean. UTZITAKOA

Titularraren egunean meza izan zen.

Gaztelak Araba eta Gipuzkoa konkistatu ondoren, Sakana "gaizkileen muga" bihurtu zen. Gaizkile haietatik babesteko, erregeek erabaki zuten herrixketan bizi ziren biztanleek harresiz babestutako herri berrietan bizi behar zutela. Horrela sortu zen 1.312an Etxarri Aranatz. Muztillano, Argindoain, Amurgin, Etxabe, Agiregi, Mendikoa, Epeloa, Uztegi, Berastegi, Ilardia eta Gatizano herriak biztanlez hustu ziren 1.359. urtean eta Uharte Arakilera joan ziren.  

Despopulazio horren ondorioa da Uharte Arakilgo dermioan hainbat ermita egotea, garai bateko despopulatu haien elizak izandakoak. Izan ere, egun ermitak diren eliza horietako batzuek zutik iraun dute mendetan, ubertearrak beraien aspaldiko ahaideekin lotzen zituzten eraikinak baitziren. Horietako bat da San Bizente ermita, Andia mendiaren magalean dagoena, herritik bi kilometro ingurura. Okue izeneko despopulatu bateko eliza izan liteke.

Berrikuntza
Ermita oinplano angeluzuzena da, burualde zuzena eta sarrera zuzeneko atea ditu, azken hori iparraldean. Han leihotxo bat du eta beste 3 hegoaldeko paretan. 17,5 metro luze eta 5,3 metro zabal da ermita. Iparraldera ematen duen paretan dago atea. Bi isuriko teilatua du. Irudi titularra elizan dago.

Eraikinaren teiladura egoera txarrean zegoela ikusita, Donibane jubilatu elkarteko talde bat eta boluntario batzuek esku hartzea erabaki zuten 2007ko agorrilean. Aurretik, ermitako teiladura azkenekoz konpondu zela 25 urte ziren. Teilatua berritu ondoren 2007ko irailaren 24an meza eman zuen Mikel Larranbebere Zabala apaizak. 80 bat ubertear joan ziren. Bazen mende erdi, gutxi gorabehera, ez zela han elizkizunik egiten. Ordutik urtero bueltatu dira ubertearrak.

San Bizente eguna irailaren 24a da eta ermitara 21 ubertear joan ziren. Han Jose Manuel Nazabal Larraza apaizak meza eman zuen. Ermitara bueltatzearekin ubertear horiek beraien "fedea, erlijio tradizioa, eta Erdi Aroan erroak dituen herriaren memoria" bat egin zuten.

Herriko ermitak
Artzapezpikuaren ordezkaria Uharte Arakilen 1797ko agorrilean egon zen eta zeuden ermiten zerrenda egin zuen: Santa Luzia, San Joan Bataiatzailearen, San Julian, San Bartolome, Santa Barbara, San Andres, Andre Maria Sortzez Garbia, San Bizente eta San Donato. Berri bat egitea eta gainerakoak botatzea agindu zuen. Salbuetsi zituen San Donato, Santa Luzia, San Vicente eta San Bartolome ermitak. Egun daudenak.