Hiru hildako eta hainbat errepresaliatu utzi zituen 1936ko estatu kolpearen ondorenak Uharte Arakilen. Haiek guztiak oroitzeko ekitaldia antolatu zuen udalak igandean, azaroak 15. "Urtetan, gehiegitan, haien izenak isilduak egon ziren, haien historiak estalita eta beraien familiak maitatutakoak non zeuden ez jakitearen zalantza eta minarekin bizitzera zigortuak izan ziren", adierazi zuten errepresaliatuen senideek ekitaldian.
Eraildakoetako bat Victor Martiarena izan zen. Haren senide batek esan zuenez, "historia memoriaren alde egindako lanari esker familiak askok, azkenean, merezitako agurra eman ahal izan diete beren senideei". Martiarenaren gorpua berreskuratu zuten, "baina nire aitona eta haren anai-arrebek, aita eta anai-arreba agurtu gabe hil ziren". Otsailean hil zen Hermogenes Goñi Martiarena gogoan izan zuen: "berak bere osaba agurtzeko aukera izan zuen, baina senideak identifikatu gabe geratu izanaren penarekin utzi gaitu". Eta iragana ezagutzeko deia egin zuen, "orduan egindako akatsak berriro ez errepikatzeko".
Silverio Astiz aita-semeen senideek esan zutenez, "ez zituzten erail behar eta haien izenak gure memorian betirako mantentzea merezi dute". Aita, Hermogenes, gogoan izan zuten: "urtetan historia memoriaren kausarekin irmoki bat egin zuen. Urtero ekitaldi honetara etortzen zen, harendako oroitzea ez zelako bakarrik iraganera begiratzea, baizik eta beraien historia kontatu ezin izan zutenekiko betebeharra zen". Haien aitaren iritziz, "ezin zen etrkizun duin bat eraiki biktimak ahaztuz gero". Hermogenesen familiak esan zuen ekitaldian zeudela hark ibilitako bidean segitzeko, "memoria ez delako bukatzen bat hiltzen denean. Memoria transmititu eta partekatzen da, eta konpromiso bihurtzen da". Biktimei eta haien senideei esan zieten ez daudela bakarrik. Eta "isiltasunak berriro ez irabazteko", errepresaliatutakoen izenak "sekula ez ahazteko" deia egin zuten.
Hitzartzeen ondoren, Uharte Arakilgo alkate Txomin Uharte Baleztenak Hermogenesen familiari Herriko seme-alabak plazan dagoen eskulturaren errepika bat eman zien oroigarri gisa.