Hala erabaki zuten unanuarrek igandean egindako batzarrean. Unanuko untxi granjaren ondoan (Dorraorako errepide ertzean) eraikuntza eta eraiste hondakinak kudeatzeko instalazio gune bat jartzeko proiektua dago. Batzarrean unanuarrek proiektuaren kokapenarekin kezka azaldu zuten. Izan ere, zarata, hautsa, amiantoa moduko produktu kutsakorrak nola tratatuko dituzten, gertu dagoen errekari nola eraginen dion eta bestelako kezkak agertu ziren batzarrean.
Proiektua bera zalantzan jarri gabe, industrialde batean hobe ikusten dute. Horregatik, unanuarrendako kokapen hori egokia den edo ez argitzeko herri galdeketa eginen da ilbeltzaren 24an Unanun. Alde, kontra edo txuri izanen dira aukerak, bozka ez ematekoarekin batera. Javier Mozo kontzeju-buruak esan digunez, emaitzarekin udalera, Nafarroako Gobernura edo behar den tokietara joko dute.