Hiru hamarkadatan turismo arloko eskarmentua pilatu duzu. Baina nolakoa izan zen hasiera?
Guztiendako kontu berria zen. Aurreko esperientziarik ez zegoen. Nola funtzionatuko zuen ere ez genekien: ia zer etxe, ia nola funtzionatzen duen, ia jendeak nola erantzuten dion… Ziurgabetasun sentipena genuen.
Nondik landetxea jartzeko ideia?
Aspaldiko kontua zen. Gu Pirinioetara joaten ginen, Anson zegoen ostatu batera joanen ginen. Toki atsegina zen. Mahai bat zegoen eta haren inguruan esertzen ginen denak. Guztiok gure ilusioak eta gure egitasmoak partekatzen genituen. Oso interesgarria zen. Halako zerbait egitea interesgarria litzateke. Gure ideia beti izan da ostatu batean topo egiten duten bidaiariena, euren esperientziak, bidaiak, istorioak eta beste partekatzen dituztenak. Ideia horrekin hasi ginen.
Nolakoa izan zen hasiera?
Zailtasun bikoitza izan zuen. Landa-turismoaren hasiera zen. Zein erantzun izanen zuen ez genekien. Jendearen itxaropenak zein ziren ez genekizkien: landa-turismo hori zer izanen da? Toki batera zoazela eta ohe bat ematen dizutela? Pirinioetan, hasieran, ez ziren ostatuak gelak baizik. Halakoak iragartzen karteltxoak zeuden. Erreserba egiterakoan jende batzuk galdetzen zuten ea maindireak edo mantak ekarri behar ote zituzten. Ez zela beharrezkoa erantzuten genien, dena jartzen genuela, ez zegoela inolako arazorik. Espektatiba berria zen. Baina, bestetik, turismo tradizioa ia ezdeusa zen eskualde batean. Horregatik, lan bikoitza izan zen. “Ia honetatik nola ateratzen naizen. Ia nola moldatzen naizen”. Zentzu horretan desertua zeharkatu dugu. Ez dago ezer eta ia zer gertatzen den.
Landa etxeen booma etorri zen gero.
Bai. Garapena azkarra izan da. Guztioi zentzu guztietan harrapatu gaitu. Hasieran geletan telefonoa jartzearen egokitasunaz hizketatzen ginen. Bakoitza telefonoa jarri edo ez pentsatzen ari zen. Azkartzea hain handia izan da telefonoa jartzea pentsatzetik wifia jartzera pasa garela. Wifira berehalakoan pasa gara. Garapena ikusgarria izan da. Arlo guztietan, eta azkar. Hasieran komunak partekatu behar ziren. Baina berehala partekatutako komunetik gelek komuna izatera pasa ziren. Turismo-eskaintzaren garapen handia egon da ere. Nafarroan mila pasa landetxe daude. Unanuko Edronekoa landetxea Nafarroako aurrenekoa izan zen.
Krisialdia nabaritu zenuten?
Nabaritu da, bai. 2008koak, eta aurrekoak. Arlo guztietan bezala, oso garai onak, hala modukoak eta txarrak egon dira. Berrasmatzen ere egon behar izan dugu garai batean: ea orain zein eskaintza mota ematen dugu? Nola ekarriko dugu jendea? Baina denean bezala, aurrera egin behar izan dugu. Antolakuntza aldetik Sakanako turismo elkarteak (Bidelagun), ez du zerikusirik gaur egungo egoerak duela ez askokoarekin, lauzpabost urtekoarekin.
Gaur egun zein egoeratan daude landetxeak?
Lehen zegoena beste kontu bat zen. Gaur egun antolakuntza aldetik askoz hobeto dago. Sakanako Garapen Agentzia dago, esperientzia duen jendearekin. Bidelagun Sakanako turismo elkartea, hasieran gauza horietaz guztiez tiraka ibili behar izan genuen, bilerak eginez eta beste. Gaur egun lantalde garrantzitsua dago eta gurdi horretatik tiraka ari dira. Eta nabari da.
Hasieratik landetxe eta ostatuak elkartzearen alde egin duzu. Zergatik?
Ez dut sinesten bakoitza bakarka gaiarekin aurrera egin dezakeenik. Nork bere landetxean, negozioan aritu beharra du. Ongi eginez. Eta bezeroak errepikatzea saiatuz. Arlo teknikoagoetarako beharrezkoa da trebatutako jendea egotea. Eta bazkideek kolaboratu eta parte hartu behar dute. Hori oso garrantzitsua da. Bestela ez du etorkizunik.
Horregatik busti zinen ibarreko garapen proiektu guztietan?
Bai. Sakanako garapenaren alde egiten duten proiektuetan, beharrezkoa den tokietan, parte hartzea beharrezkoa dela pentsatu dut beti. Oso garrantzitsua da.
Ergoienako Udaletik pasatzea ere, arrazoi beragatik?
Bai. Laguntza eskatzen dizuten eskualde batean zaude. Eta esaten duzu: hor egotea, udalean egotea tokatzen zait. Eta udalean ibarraren alde lanean zaude, merezi duten proiektuen alde lan egiten.
Bezeroetan aldaketarik izan da?
Aldatu da. Hazi gara eta beste merkatuetara iritsi gara. Sakana, eta Urbasa, izenak ezagunak egin dira. Bezeroak eta haien jatorria aldatu da. Lehen ezagutu gabe etortzen zen. Orain jendea badaki zertara etortzen den. Informazio gehiago dute. Lehen ingurukoak ziren. Orain, batez ere, kataluniarrak. Katalunia Nafarroa binomioa oso ongi uztartzen da. Kataluniako bezero asko izan ditugu, orain lagunak direnak, haiekin Bartzelonan eta gelditzen gara.
Eta bezeroekin izandako harremanetan?
Guk beti espazioa haiekin partekatu dugu. Ez diegu giltza eman iritsi direnean, ospa egin eta joan direnean bueltatu, ez. Gu haiekin bizitzen egon gara. Niretako landa-turismoaren esentzia bezeroekin egotea da, haien begiak izatea. Beti oso presente izan dugun aspektu bat izan da bezeroekin espazioa partekatzea.
31 urteren ondoren uzteko garaia. Hausnartutakoa edo beroan hartuta?
Hausnartuta. Semea dugu eta nik galdetzen nion ea landetxearekin segitu behar zuen. Zalantzan izan zen, baina lan bat sortu zitzaion, bere istorioa beste bide batetik doa eta ezezkoa eman zuen. Bikotea eta biondako etxe puska bat zen. Guztia prest egonda, gelak, komunak… Ez du zentzu handirik biok hemen kontu honekin egotea. Agian landetxearen kudeaketan interesa duen jendea dago. Bikote bati saltzeko, adibidez, ez da etxe edo pisu bat normal bat. Landetxe muntaia egina duen eraikina da eta hurrengo egunean jarduna segi daitekeena. Saltzea erabaki genuen, landetxearekin segitzea nahi zuen bakarren bati. Saldua dago. Hemendik aurrera ez da Edronekoa landetxea izanen, landa-ostatua baizik.
Zein da aldea?
Administrazioaren ikuspegitik landetxe batek bete behar batzuk ditu. Araudi bat dago. Hura betez aritu zaitezke. Landa-ostatua sailkatutako-jarduera da, bete behar batzuk daude eta Industria Departamentuak kudeatzen du. Bezeroei begira, bestelako zerbitzuak eman daitezke, esaterako, jatetxea edo bestelako zerbitzuak izan ditzake. Halakoak landetxe batek mugatuago ditu.
Eta orain zer eginen duzu?
Lasai egon. Pixka bat gozatu. Bidaiatu. Sakanan sartuta hainbeste denbora egon gara, Lizarrustiz bestaldean bizia ere badago.
Hala ere, Bidelagunetik hots eginen gero telefonoa hartuko duzu, ezta?
Bai. Noizbait zerbaiterako lagungarria izan naitekeela pentsatzen badute, arazorik ez. Hori esana diet. Beti prest egon naiz, orain gehiago.
Edronekoa.
Jabe berriak abiatu daitezela, ongi dihoakiela. Ni poz-pozik nago Edronekoa landetxeak martxan segitzen duelako. Beste izen bat? Berdin zait. Martxan jarrai dezala. Okerrena litzateke segidarik ez izatea, uztea eta etxea hondatzea. Horregatik, pozik.