Erreskatea Ihurbainen

Guaixe 2020ko eka. 8a, 11:30

Beriain mendiko zirrituan aurten egin den mendizaleen hirugarren erreskatea da. Azken 17 urtetan sei mendizale hil dira Beriainen, azkena otsailaren 22an.

Suhiltzaileen erreskate teknikoko taldeak eta Altsasuko parkekoak bi mendizale erreskatatu zituzten atzo Beriain mendian, Ihurbaingo zirrituan. 39 urteko emakumezkoa eta 41 urteko gizonezkoa onik atera zituzten estutasunetik. Antza Uharte Arakildik Beriainerako bidea hartu zuten. Bidetik desbideratu eta Ihurbaineko zuloaren puntu arriskutsu batera iritsi ziren. Han ez aurrera ez atzera egin gelditu ziren eta 14:16an SOS Nafarroaren 112 telefonora hots egin zuten. 

Zegoen lainoaren ondorioz erreskate taldeko helikopteroa ezin izan zen mendizaleak zeuden tokiraino hurbildu. Ondorioz, suhiltzaileak lur-orotako ibilgailu batekin San Donato ermitara igo ziren eta erreskate taldeko kideak Ihurbaingo zirrituan eskalatuz gora egin zuten. Bi mendizaleei sokak erabiliz igotzen lagundu zieten eta, gailurrera iritsitakoan, Altsasu parkeko ibilgailuan Unanura eraman zituzten.

Lau erreskate

  • 2020-02-02
    Bi mendizale erreskatatu zituzten Ihurbainen, bat larri 10 metroko erorikoa izan ondoren.
  • 2020-02-22
    34 urteko gizonezko bat hil zen hegoaldeko hegaletik behera erori ondoren.
  • 2020-02-29
    Bi mendizale onik erreskatatu zituzten Ihurbainen.
  • 2020-06-07
    Bi mendizale onik erreskatatu zituzten Ihurbainen. 
Erlazionatuak