Goiko kalearen eta plazaren artean altuera handiko pareta handiak daude Unanun. Paretek ura izerditzen zuten eta putzuak sortzen zituzten plazan. Hori lehen zen, hori eragozteko Ergoienako Udalak lanak Iruek enpresari eman baitizkio. Aurreko asteetan izan dira kisuskileak lanean. Paretan isolatzailea jarri, hura harriz estali, plaza gaineko etxe parean lurreko porlana berritu, iturritik ura errazago edateko porlanezko koska bat egin, plaza ertzeko pareta berritu eta plazak zuen baranda kendu eta metalezkoa jarri dute. Azken horretan, herriko armarria, bi eguzkilore eta bi lauburu daude. Lanek 30.000 euro inguruko aurrekontua izan dutela azaldu du Jesus Mari Balda Mercerok, Unanuko Kontzejuko presidenteak.
Kisusgileak hormigoi makina plazan zutela baliatuta, unanuarrek lastail akaberako larunbat batean auzolana egin zuten. Ur ihesa zegoen tokian hura konpondu eta etorkizunean halakorik gertatuko balitz, errazago konpontzeko kutxatila bat egin zuten.
Bitartean, enpresa bereko kisusgileak herri sarreran dagoen eskola zaharren eraikinean ari da lanean. Fatxadak txukundu ondoren margotu eginen dituzte. Gainera, eraikinaren parean dagoen patioari eusten dion murruko zartadurak ere konpontzen ari dira. Baldak jakinarazi duenez, elektrikaria noiz joan zain daude: ″lehendik jarritako eta ezertarako balio ez duten kable zahartu asko dago, beste batzuk txintxilik daude. Behar ez direnak kendu eta gelditzen direnak txukun utzi nahi ditugu″.
Lan horiek guztiak Ergoienako Udalaren Herri berritze planaren bidez finantzatu dira. Planaren helburua da ″lanen finantzaketa, adjudikazioa eta kudeaketa osoa, bailara hobetzeko da, eta, gainera, kontzejuen arteko loturak eta elkarkidetza zaintzea″. Ergoienako Udalak kontzeju bakoitzean 60.000 euro inbertituko ditu.