Astekaria

"Sentitzen dut nobela honetan emakume pila bat daudela"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko aza. 29a, 11:27

Alaine Agirre 'Karena' liburuaren egilea. UTZITAKOA

Alaine Agirre idazleak, besteak beste, amatasunaren eta amaren inguruko hausnarketa egiten du 'Karena' liburuan. Abenduaren 1ean, 'Liburu dasta' ekimenarekin Unanun izanen da.

Sakanako Mankomunitateko Berdintasun eta Euskara zerbitzuek antolatuta Liburu dasta: literatur solasaldiak idazleekin ekimena izanen da abenduaren 1ean, osteguna, 18:30ean, Unanuko Denok bat elkartean. Topaketa horretan gonbidatutako idazlea Alaine Agirre izanen da, eta Karena liburuaz hitz eginen du. Momentuan sentitzen duenari buruz idazten duela esan du idazleak, baina barruraino joaten da, tabuak azaleratzen.

Tabuak biluzteko idazten duzu?
Berez ez dut helburu bezala hartzen. Idazten dut ukitzen, zeharkatzen eta interesatzen zaizkidan gaien inguruan. Baina egia da egiten dudala modu batean ez duen laguntzen tabu hori iraunarazten. Kontrakoa baizik. Saiatzen naiz gai horren sakonera iristen; barrura, bihotzera. Azaleko kapa kenduta. Kasu honetan, laguntza bidezko ugalketa tekniketan parte hartzea, gaur egun joaten den jendeak normalean ez du esaten. Oraindik ez dago normalizatuta bi emakume intseminazio artifizialetara joatea ama izateko, edo ama bakarra, guraso bakarra, izatea. Ez da amatasun hegemoniko bat. Gauza horien guztien gainetik tabu handiena desiratzen den haurdunaldi batean umea galtzea da. Horrek dakarren dolu perinatala ezin egin izatea. Gizarte honetan ez dugulako horretaz hitz egiten. Ez zaio lekua ematen, tapatu egiten da, isildu egiten da. Horren adierazle da haurdunaldia hamabi aste pasatzen diren arte ez kontatzea. Beste mekanismo bat da tabu hori iraunarazten.

Dolu hori nobela hasieratik bukaeraraino egiten den bidai bat da.
Bai. Barne bidai luze bat da. Pertsonaia aldatzen doa eta hori egin ahala ni neu ere aldatu egin naiz pertsona eta idazle modura. Horrelakoetan esaten da dolua ez dela bakarrik galdu duzun haurrarekiko, baizik eta zure iruditegian eta batzuetan errealitatean ere eraiki duzun bizi proiektu edo bizimodu horregatik ere. Are gehiago, liburua ez da bukatzen ustez zoriontsua litzatekeen amaiera batekin. Hori gertatzen da errealitatean ere nahiz eta laguntza bidezko ugalketa tekniketan aritu, itsemizazioa, invitroetan eta bar ez da beti haurdunaldia lortzen. Hori ez dute klinikek esaten. Emakume askok, ama izan nahi dutenek eta ezin izan dutenek, dolu bat egin behar dute: Amatasunaren dolua. Askatu behar dute desio hori, horrek dakarren emozio katalogo guztiarekin. Horietako askorekin hitz egin nuen nobela hau idatzi ahal izateko. Sentitzen dut nobela honetan emakume pila bat daudela; ama pila bat, asko, gizarte honetan ama gisa ikusiak ez direnak.

Ama eta amatasuna gai horren inguruko ezkutatutako gai asko azaleratu dituzu.
Hasieran uste nuen abortu baten istorioa kontatu behar nuela, eta hasi ziren beste gai batzuk ateratzen. Amatasun idealizatu eta hegemonikoa bat irudikatzen dugu; benetakoa ez dena. Autopista horretatik ateratzen diren birak nahi nituen jaso. Gero konturatu nintzen guztiak ez nituela jaso, baina bai baten batzuk. Laguntza bidezko tekniken alderdi ez txarrak baina bai kostuak; batzuetan ez gara kontziente kostu ekonomikoaz gain kostu emozional, fisiko eta sozial handia daukala. Invitroa esaten dugunean burura datorkigu bikote heterosexual bat arrazoi organiko edo fisiologikoengatik ezin direla haurdun gelditu. Eta hori ez da egia osoa. Bestelako perfil asko daude.

Forma eta estilo aldetik, atal desberdinak eta laburrak ditu. Tren luze baten bagoiak elkarrekin joango balira bezala.

"Kontatzen dudan horrek pisua dauka, baina kontatzeko moduak ere"

Niretzat oso inportantea da idazten nabilenaren eduki horren araberako forma izatea; hau da, idazteko modua lotuta egotea idazten ari naizenarekin. Orduan, nire estiloa bat eta bakarra da, baina nobela bakoitzean forma bat har dezakeen bezala, kapitulu bakoitzak ere hartzen du forma bakar bat. Kapitulu batzuk tonu batean daude idatziak, beste batzuk estilo batekin, baliabide literario batzuekin... Forma aldetik autonomoak dira. Protagonista erditzen dagoenean tarte horiek oso intentsoak dira. Horrela daude idatzita. Beste kapitulu batzuk, laguntza bidezko ugalketakoak, esaterako, nahita daude hoztasuna performatzen duen forma batekin. Arroztasun eta deserotasun hori transmititzeko. Kontatzen dudan horrek pisua dauka, baina kontatzeko moduak ere. Biek ematen dute informazioa. Dantza bat egin behar da oreka bilatzeko; oso kapitulu intentsoaren ondoren irakurleari arnasa hartzeko tartea eman behar zaio. Collage moduko bat egin behar zen erritmoa, tonua, intentsitatea eta tenperatura kontuan hartuta.

Idazterako garaian nola bizi izan duzu liburuaren garapena?
Oso intentsoa izan da liburu hau idaztea. Nik antzeko zerbait bizi izan nuen. Protagonistak bizi izan dituen guztiak ez ditut bizi, eta alderantziz. Ez da ni, baina nik alaba bat galdu nuen modu horretan eta horretatik sortu zen horri buruz idazteko beharra. Alabaren dolua egin gabe neukan, jendarte honek bideratzen gaituelako dolu hori egin gabe martxan jarraitzera. Deskonexio hori oso insanoa da. Emoziek sentituak izan behar dute. Sentitzen ditugunean zerbaitengatik daude hor. Banekien noizbat horretaz idatzi beharko nukeela. Nik esaten dut bizitza diferitzeko idazten dudala eta gertatzen zaizkidan gauzak integratzeko edo kokatzeko, eta idatzi eta gero kapitulu hori ixten dut. Banekien idazteko beharra sentituko nuela, eta urtebetera etorri zen. Zentzu horretan, alabaren dolua egin dut nobela hau idazten. Oso intentsoa izan da, oso mingarria.