Unanuko Kontzejuaren aurtengo aurrekontuetan 76.900 euroko sarrerak eta 75.900 euroko gastuak jaso dira. Joan den urtean baino 25.000 euro txikiagoa da aurrekontua, inbertsio gutxiago aurreikusten baititu kontzejuak. Halako lanetarako 11.000 euro daude jasoak aurrekontuan. Unanuko Kontzejuko presidente Jesus Mari Balda Mercerok azaldu duenez, herriko sareetako giltzak zahartuta eta egoera txarrean daude. “Herria sektoreka ixteko balio dute, baina edo ez dute ixten, edo erdizka ixten dute edo puskatu egiten dira”. Hamar bat giltza dira berritu beharrekoak. Lana enpresaren bati emanen diote aurten egin dezan. Haren aurrekontua 7.000 euro ingurukoa izanen dela jakinarazi du.
Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planera lan hori aurkeztekotan egon zen kontzejua. “Baina arkitekto baten txostenean dirua gastatu behar genuen. Gobernuak lanen baremazioa egin eta puntuak banatzen ditu eta ez genekien emanen zigun edo ez. Horregatik, kontzejuak berak egitea erabaki dugu”. Foru administrazioak, bestetik, 4.979,30 euro eman dizkio aurten kontzejuari, hark egokia jotzen duenera bideratzeko. Aipatutako konponketara bideratuko da diru hori ziurrenik. Bestelako lanak auzolanean eginen dituzte.
Bestetik, Unanuko Kontzejuak ureztatze sistema konpondu nahiko luke. “Duela 50 bat urtetik dugu. Herritar bakoitzak ura hartzeko aukera ematen du. Gaur egun ura eramaten duen kanala zahartuta eta hautsita dago eta, horregatik, gutxik erabiltzen dute. Hura baldintza onetan jarriz gero, gehiagok erabiliko lukete baratza edo arbolak ureztatzeko”, argitu du Baldak.
Beste lan batzuk
Ergoienako Udalak Herri Berritze planaren bidez kontzejuei lanak egiteko dirua eman zien joan den urtean. Unanukoak plaza berritu, eskola zaharreko fatxada konpondu eta herri sarreran dagoen murrua konpontzera bideratu zuen jasotako 60.000 euroak. Baldak azaldu duenez, “aurten udal aldaketa egonen da, baina planarekin segituko duela uste dut. Ideia hori da”. Kontzejuak berak, bestalde, Beriainerako pistaren herri ondoko zatia konpontzeko lanak hasi zituen 2021ean. Aurreneko 72 metroetan porlana zabaldu zuen. Kontzejuaren asmoa da langaraino dauden beste 300 metro inguru horrela konpontzea. “Malda handia du eta euria egiten duenean hondatu egiten da”, azaldu du kontzeju buruak. Hala ere, lan horiek momentuz gelditu eginen dira. Pista horretan aurrerago, mendi magalean, 2021eko abenduko euriteek kalte handiak sortu zituzten. Haiek konpontzeko lanak aurten eginen direla azaldu du Baldak. Obra hori Ergoienako Udalak aurkeztu zuen proiektuaren barruan dago. Hartan beste hainbat lan jasotzen dira. Egitasmoak 44.763,11 euroko aurrekontua du eta estatutik 21.856,16 euroko dirulaguntza jasoko du udalak.
Konpondu gabe jarraituko duena frontoian argia jartzeko makina izanen da. “Elektrizitatearen prezioak gora egin du eta makina bera konpontzeak dirua balio du”, esan du kontzeju buruak. Frontoia egunez unenuarrek erabiltzen dute. Gauez herritik kanpokoek erabiltzen zuten, baina argiarekin arazoa izan zuen bakarren batek palarekin makina hondatu zuen. Kirol azpiegituran LED argiak jartzeko ideia ere atzeratu egin du kontzejuak. Frontoiak beti festetako ekitaldiren bat hartzen du. Aurten festak garagarrilaren 29tik garilaren 2ra izanen dira, ostegunetik igandera.
Egitasmoak
Beriainek erakarrita makina bat jende joaten da Unanura, eta autoa nonahi aparkatzen du. Horrek herritarren ibilgailuak normal ibiltzeko zailtasunak sortu eta eskola garraioko autobusek buelta ematea zaildu egiten dute. Ez aparkatzeko marra horiak lurrean margotu zituzten. “Kasurik ez diete egiten. Autoa utzi eta mendira lau ordurako joaten da jendea”. Zerbait egitea aztertzen ari da kontzejua. “Herri inguruan kontzejuak ez du lurrik aparkalekua egiteko. Seinaleak jarri daitezke... Zer egin aztertzen ari gara”.
Bestalde, herri sarreran urbanizazio berria eta hainbat etxe egiteko egitasmoa esku artean du Ergoienako Udalak. “Proiektua oso mantso doa, hirigintza plan zaharraren eta berriaren artean harrapatu zuen”, azaldu du Baldak.
Kexa
Pandemiaren aurretik medikua eta erizaina astearte eta ostiraletan joaten ziren Unanuko kontsultategira. “Gaur egun batzuetan ez batean ez bestean ez dira etortzen. Edo erizaina bakarrik etortzen da. Kexak jartzen ditugu baina ez dugu erantzunik jasotzen”, azaldu du kontzeju buruak.