Iraileko azken aurreko astebururako erabilgarri zegoen, atzera ere, NA-120 errepidetik Unanura zuzen igotzen den dermioko bidea, errotakoa. Otsailaz geroztik bilgailuen trafikora itxita zegoen bidea, Leziza ugalde gaineko zubia egoera txarrean zegoelako. Ugaldearen emariaren indarrak zubiaren ipar-ekialdeko harrizko estribua hondatu eta zati bat erorarazi zuen. Behin betiko konponbidea eman bitartean, ura bideratzeko, eta estribua gehiago ez kaltetzeko, legarra pilatu zuten pala batekin.
Irailean heldu zioten behin betiko konponketari. Batetik, harrizko estribua porlanez ongi hartu zuten. Bestetik, dermioko bideko ezpondaren akaberan porlana zabaldu zuten, euri ura behar bezala ugaldera bideratzeko. Horretaz aparte, zubiaren azpian, ugaldearen ibilguan, porlan plantxa zabala jarri zuten. Eta, azkenik, hego-ekialdeko harrizko estribua babesteko porlanezko bi bloke handi jarri dituzte haren oinarrian.