Piperropilak ere badira mamuxarroen herrian

Guaixe 2026ko otsailaren 16a

Haiek prestatzen ikasteko tailerra egin zuten elkartean.

Mamuxarroak eta mutuak dira Unanuko inauteriko pertsonaiak. Baina bada Unanun ihotearekin lotzen den gozo bat: piperropila. Haiek nola egiten diren azaltzeko tailerra antolatu zuten Denok Bat elkartean otsailaren 14an, larunbatean. Osagaiak nola eta zer neurritan nahastu, nola berotu eta bestelakoak azaldu zuten. Elkarlanean egin zituzten piperropilak haur, gazte eta helduek. Unanuko gozo horren inguruko transmisioa sustatzeko modua izan zen. 

Prestatutako piperropilak mamuxarro egunetan dastatuko dituzte. Estreinakoz, eskuan zigorra zutela, igandean, otsailaren 15ean, atera ziren. Gazteak ziren horiek. Mamuxarro eta muttu handiak atzera ere astearte ihotean, otsailaren 17an, aterako dira kalera, 16:45ean.