Atera aurretik kontzeju etxe parean jendetza zegoen zain. Mozorrotzen ziren bitartean batzuek Mamuxarroen txokoa ezagutzeko baliatu zuten. Behingoan atera ziren, zigor bana hartu eta Beriain magalean talde argazkia egin ondoren, zigorrak arin ibiltzen hasi ziren. Aurreneko zigorkadak zegoen argazkilari saldoak jaso zuen. Ondoren herrian barnako lasterraldiak eragin zituzten mamoxarroek eta muttuek, batzuk eta besteak "berotuz". Ordu luzeko saioaren ondoren, elizako estalpean auzatea izan zen, gazta eta txistorra. Edariak edateko euro batean edalontziak eskuratu behar ziren. Horrela, bisitariek Unanuko inauterien edalontzia oroigarri gisa eramateko aukera izan zuten.