Sakanako Garapen Agentziak, Kalaska kooperatibak (Etxarri Aranazko hiltegia) eta Pottoka Lagunek, Pottoka Hazleen Nafarroako elkarteak, Pausoka proiektua martxan jarri dute. Haren bidez pottokaren kontserbazioa eta balorizazioa bermatu nahi da, balio erantsi handiko haragi ekoizpenean oinarritutako ekoizpen eredu bideragarri bat eginez.
Proiektua abiarazteko jardunaldia egin zen Unanun garagarrilaren 19an. 40 bat parte hartzaile izan ziren. Haien artean zeuden abeltzainak, ikertzaileak, teknikariak, ikasleak, administrazioetako ordezkariak eta bertako arrazetan, ekoizpen ekologikoan eta lurraldearen kudeaketa iraunkorrean oinarritutako ekoizpen eredu bat ezagutu nahi zuten pertsonak. Besteak beste, honako erakundeetako ordezkariak: Pottoka Lagun Elkarteko, INTIAko, EHNEko, CEINeko eta Nafarroako Gobernua. Egitasmoaren sustatzaileek azaldu dutenez, "parte-hartze handiak berretsi zuen biodibertsitatearen kontserbazioa, ustiategien errentagarritasuna eta kalitate handiko elikagaien ekoizpena bateragarri egiteko gai diren ekoizpen alternatibekiko interesa gero eta handiagoa dela".

Elkarlanean etorkizuna eraikitzen
Egitasmoak abereendako kanpoko bazka edo intsumoen mendekotasun txikiagoa duen abeltzaintza ereduaren bideragarritasuna erakutsi nahi du. "Baliabide naturalen zuzeneko aprobetxamenduan oinarritutako sistemek pentsuak eta bazkak erosteko beharra murrizten dute, makinekiko eta azpiegiturekiko mendekotasuna murriztuz eta ohiko sistema intentsiboek baino inbertsio nabarmen txikiagoak eskatzen dute", azaldu dute sustatzaileek.
Gaineratu dutenez, "planteamendu horrek gazteak sektorean sartzea erraztu dezake, sarrera oztopo nagusietako bat murriztean: abeltzaintza ustiategi bat hasteko behar den inbertsio handia".

Datuak
Proiektuak lau ekoizpen-eredu alderatuko ditu, horietako hiru ekoizpen ekologikoko ziurtagiriak. Pottoka arrazaren bideragarritasuna bermatzeko sistema egokienak zeintzuk diren identifikatzeko informazio zientifikoa jasoko dute. Hori lau ekoizpen sistemen jarraipen zehatza eginez lortuko dute: animaliak aldizka pisatuko dira, egunero gizentzeko loteetako pentsu eta bazka kontsumoa erregistratuko da eta eredu bakoitzari lotutako kostu guztiak bilduko dira.
Informazio horrekin, azterketa tekniko ekonomiko bat egingo da, sistema bakoitzean kilogramo bat okela ekoizteak zenbat balio duen jakiteko, hazkundearen zer fasetan lortzen den pisu gehien, elikadurak nola eragiten duen eta ikuspuntu tekniko, ekonomiko eta ingurumenekotik zein den eredurik eraginkorrena jakiteko.
Egitasmoaren hasierako hipotesia da animaliek landaredi aniztasun handiagoa kontsumituz gero, lortutako haragiaren nutrizio aniztasun handiagoa izan litekeela. Hipotesi hori hainbat azterketa zientifikoren bidez ebaluatuko dute. Horretan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren laguntza izanen dute. Hark aztertuko du produktuaren azken ezaugarrietan landarediaren erabilera, elikadura eta aprobetxamendua nola isla daitezkeen. "Emaitzei esker, oinarri zientifiko bat izango dugu pottokaren haragiari balioa emateko eta sistema estentsibo eta ekologikoetan hazitako arraza autoktonoen balorizazio komertzialerako aukera berriak irekitzeko", azaldu dute sustatzaileek.

Bertako arrazak
Ikerketa pottokan oinarritzen bada ere, ondorioetako asko bertako abere arraza guztietara estrapolatu ahal izango dira. "Baliteke arraza horiek sistema intentsiboetako beste arraza batzuen errendimendu produktibo berberak ez izatea, baina beste arraza batzuek ia erabili ezin dituzten baliabide naturalak aprobetxatzeko gaitasun aparta dute".
Sustatzaileen iritziz, "bertako arrazek ez dituzte elikagaiak bakarrik ekoizten. Bazkatzen duten bitartean, mendiak irekita mantentzen dituzte, biodibertsitatearen alde egiten dute eta suteen prebentzioan laguntzen dute. Sortzen duten haragia prozesu natural horien guztien emaitza da". Nabarmendu dutenez, "helburu zientifiko nagusietako bat izango da egiaztatzea landare aniztasun izugarri horrek nutrizio ezaugarri bereizgarriak dituen okela bat ere dakarrela".

Ekoizpen- edo ingurumen-parametroetatik harago, proiektuak erakutsi nahi du ekoizpen-eredu horiek kalitate handiko elikagaia eskain dezaketela, ekosistemak mantentzen eta lurraldea kontserbatzen laguntzen duen prozesu baten ondorioz. Pausoka eta Kalaska kooperatibak pottoka haragiari balioa emateko lanketa aurkeztu zen. Hala bertaratutakoek pottoka haragiz egindako hanburgesak dastatu zituzten. Dastaketak harrera bikaina izan zuen, eta parte-hartzaileak oso gustura agertu ziren esperientziarekin.