Astekaria

Pausoka proiektuak pottokei etorkizuna bermatzea du helburu

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko ekainaren 10a

Pottokak Andian. THE PIXEL NOMAD CÉCILE ZAHORKA

Hiru erakundek bat egin dute egitasmoan. Sakanan garatzen ari da. Pottokaren kontserbazioa eta balorizazioa bermatu nahi da, balio erantsi handiko haragi ekoizpenean oinarritutako ekoizpen eredu bideragarri bat eginez.

Pottoka Euskal Herriko zaldi arraza autoktonoa da. Antza, Ekaingo kobazuloan margotuta dauden zaldiak pottokak lirateke. Tamaina ertain eta proportzionatua du, eta gorputz gihartsu eta sendoa. Pottoka baso eta mendi egoera latzenetara ondo egokitutako abere indartsua da, mendeetan zehar mendiko paisaiaren parte izan da, han libre biziz. Animalia mendez mende egin da, gaur egunera iritsi arte. Horrek guztiak pottoka gure lurraldeko abeltzaintza, natura eta kultura ondarearen ikur berezietako bat bihurtu du. Arraza horrek, gainera, funtsezko eginkizuna izan du ekosistemen kontserbazioan eta landa eremuen kudeaketan. 

Hala ere, gaur egun bere etorkizuna kolokan dago, errentagarritasun faltagatik arriskuan dago. Pottoka kargak batetik bestera eramateko asko erabili izan zen. Baina motordun ibilgailuak asmatzearekin batera, baztertu egin zen. Gainera, zaldi arraza handiagoak sartu ziren. Traktoreak eta kamioiak zeudenez, zaldi azienda haragitarako bideratzen hasi ziren eta, horretarako, arraza handienak prestatu zituzten, haiek gizentzera bideratuz. Pottoka txikia denez, haragi pieza txikiak edo kopuru txikia sortzen ditu, eta, horregatik, garai hartan baztertu egin zuten, ez zuten haragitarako berezitu eta gaur egun komertzializazioa zaila da. 

Errentagarritasun falta horrek abeltzainen belaunaldi erreleboa zailtzen du, pottokaren beraren jarraipena arriskuan jarriz. Pottoka gogoko duten abeltzainek animalia kopuru txiki bat izaten dute. Bestela, zaldi gainean ibiltzen ikasteko erabili izan da, baina gutxi. 

Iraganetik etortzen den genetika eta kultura ondarea etorkizuneko aukera bihurtu nahi du Pausoka proiektuak. Haren leloa da: pottoka hazi, natura bizi. Egitasmoa aurrera egiteko bat egin dute Sakanako Garapen Agentziak, Kalaska kooperatibak (Etxarri Aranazko hiltegia) eta Pottoka Lagun, Pottoka Hazleen Nafarroako elkartea. Azken horrek 30 kide ditu eta horietatik lau sakandarrak dira. 


Pottokak Andia mendian. THE PIXEL NOMAD CÉCILE ZAHORKA

Egitasmoa
Hiru eragileak elkartu dira helburu argi batekin: "Pottokaren etorkizuna bermatzea, ekoizpen eta balorizazio eredu ekologiko, berritzaile eta jasangarri baten bidez". Horrekin batera, Pausoka proiektuak "landa eremuetan ekonomia jarduera sustatu nahi du, pottokaren inguruan garatu daitezkeen aukera ekonomiko berriak identifikatuz eta lehen sektorean belaunaldi erreleboa errazteko ekarpena eginez". Egitasmoa "ikuspegi berritzaile batean oinarritzen da, eta sistema estentsiboetan haztea eta ezagutza zientifiko aplikatua sortzea konbinatzen ditu, kanpoko sargairik gabe, hau da, lurraldeko baliabide naturaletan oinarrituta bakar bakarrik". Eredu horri esker, kostuak eta kanpoko jakien mendekotasuna murriztu nahi dituzte. Era berean, "proiektuak zientzia eta teknika ezagutzak sortuko ditu, benetako baldintzetan baliozkoak diren aztertuko direnak". 

Egitasmoa ere baliatu nahi dute "arrazak mendi eta larreen kudeaketa jasangarrian duen zeregina aitortzeko, biodibertsitatearen kontserbazioari eta lurraldearen bizitasunari egiten dion ekarpena nabarmenduz. Pottoka funtsezkoa da paisaiari eusteko, sastrakak kontrolatzeko eta biodibertsitatea kontserbatzeko. Horrek, zuzenean, Balio Natural Handiko Sistemak babesten laguntzen du".


Pottokak Beriainpean larratzen. SGA

Aurrena
Pottoka Lagun elkarteko kideek egitasmorako animaliak utzi dituzte. Haien bidez, pottokaren ekoizpen-sistemen azterketa tekniko-ekonomiko konparatiboa eginen dute. Datuak biltzeko benetako ustiapen baldintzetan jarri dituzte pottokak. Pottoka saldoa lautan banatu dute. Talde batean pottoka eta moxala elkarrekin larratzen ari dira. Beste talde bateko pottokak Andian larratzen ari dira. Unanuko Ibarbordan daude beste pottokak. Batzuei elikagai ekologikoa ematen ari zaizkie bazkatzeko, besteei, berriz, elikagai konbentzionala. Irailera arte egonen dira horrela. 

Elkarteak azienda erabiltzeko lau modu horiek aztertuko ditu. Lau ereduen ekoizpen kostua zein den jakinen dute. Horrekin batera, produkzio errendimenduen berri jasoko dute. Sargaien edo kanpoko elikaduraren beharra zenbatekoa den kalkulatzeko aukera izanen dute. Baita ekonomia bideragarritasuna zein den aztertu ere. 

Abeltzainek "arreta berezia" jarriko diote "artzaintzan oinarritutako eta kanpoko ekarpenik gabeko sistemei, arraza autoktonoendako alternatiba bideragarri gisa, eta aukera emanen da lurraldeari egokitutako eta balio natural handiko sistemen kontserbazioarekin lerrokatutako ekoizpen ereduak baliozkotzeko". Gaineratu dutenez, "emaitzek sektorerako informazio praktikoa eta transferigarria sortuko dute, eta erabakiak hartzea eta eredu eraginkorragoak eta iraunkorragoak ezartzea erraztuko dute". 


Pottokak potto edo bihokekin. THE PIXEL NOMAD CÉCILE ZAHORKA

Hurrena
Lau ereduetan hazitako animaliak hil eginen dituzte eta haragi laginak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren esku utziko ditu elkarteak. Unibertsitateko ikerlariak arduratuko dira pottoka haragiaren karakterizazio integrala egiteaz. Horretarako, honakoak eginen dituzte: nutrizio analisia, ebaluazio mikrobiologikoa eta karakterizazio organoleptikoa. 

Unibertsitatean eginen den ikerketaren "funtsezko elementua izanen da pottoken lau maneiu ereduen arteko nutrizio konparazioa egitea". Horrek, alde batetik, aukera emanen du ekoizpen sistema bakoitzak haragiaren kalitatean duen eragina ebaluatzeko. Bestetik, sistema estentsiboei eta ekologikoei lotutako profil diferentzialak identifikatzeko bidea emanen du. Eta, azkenik, kanpoko sargairik edo elikadurarik gabe egindako ekoizpen sistemek izan dezaketen balio erantsia aztertuko dute. 

Pottoka Lagun elkarteko kide batek, bere kabuz, unibertsitatean nutrizio ikerketa egin zuen eta balio onak eman zituen. Pausoka proiektuarekin elkarteko kideen helburua da "ekoizpen sistema produktuaren kalitatearekin zientifikoki lotzea, pottokaren haragia elikagai osasungarri, jasangarri eta bereizi gisa duen posizioa indartzeko". Bestela esanda, haragi onena ematen duen ekoizpen eredua zein den jakin nahi dute. Pottoka haragiari berezitasuna emateaz aparte, errentagarria bihurtu nahi dute. 

Kalaskan sortutako pottoka haragi guztia ez du unibertsitatean bukatuko, merkaturatu daitezkeen produktu berriak sortzeko erabiliko dute. Horretarako, Kalaskak Leartiker kontratatu du, elikagaien eta polimeroen teknologian espezializatutako teknologia zentroa. Han pottoka haragiarekin saltxitxak, hanburgesak edota txistorrak nola egin aztertuko dute. Produktu horiek egiteko errezeta Leartikerren eta Kalaskaren artean adostuko dira. Izan ere, asmoa baita, errezeta izanda, Kalaskak haragi produktu horiek ekoizten hastea. 

Bestetik, proiektuaren sustatzaileek elaborazio handiagoa behar duten produktu berriak sortzeko asmoa ere badute. Kalaskan horiek prestatzeko aukera ez dagoenez, beste enpresa batzuek eginen lituzkete pottoka haragiz egindako produktuak. Horien artean daude gisatutako haragia, haragi bolak edo hezur salda. Azken hori kolageno iturri gisa erabil liteke. 

Gauzak ongi, produktuen hiru dastaketa eginen dira: Irurtzungo bertako ganadu azokan, Iruñean eginen den azoka batean eta Etxarri Aranazko ferietan. Pausoka egitasmoa martxan jarri berri da eta heldu den urte akaberara arte iraunen du. 

Finantziazioa 
Proiektuak 169.139,78 euroko aurrekontua du, eta Nafarroako Gobernuaren nekazaritza berrikuntzarako lankidetza proiektu pilotuen deialdiko %90eko dirulaguntza du, hau da, 147.823,62 euro. Koordinazio lana eginen duen Sakanako Garapen Agentziak proiekturako 29.594,31 euro jarriko ditu (27.459,39ko diru-laguntza). Parte hartzaile gisa, Kalaska kooperatibak proiektua aurrera ateratzeko 47.782,41 euro bideratuko ditu (45.059,83 euroko laguntza). Eta, azkenik, diru ekarpen handiena Pottoka Lagun elkarteak eginen du: 91.760,06 euro (82.556,23 euroko diru-laguntza). 

Beraz, elkarteak 9.178,01 euro jarri beharko ditu. Pottoka Lagun elkarteak funts propio nahikorik ez duenez, dirua lortzeko crowdfunding kanpaina bat eta mezenasgo ekintzak egitea aurreikusi du, proiektua gauzatzeko behar den ekarpen propioari aurre egiteko. Horrela, "finantza bideragarritasuna bermatzeaz aparte, gizartea proiektuan inplikatu ahal izanen da, bere dimentsio parte hartzailea indartuz eta herritarrak pottoka arrazaren kontserbazioarekin eta landa garapen iraunkorrarekin zuzenean lotuz". 


Pottokak Urbasan. ARTXIBOA

Arrazaren azterketa paleogenomikoa

Proiektuaren berrikuntza nagusietako bat da lehen aldiz bertako zaldi basatiaren ikerketa paleogenomikoa egitea. Horretan Pottoka Lagun elkartea Aranzadi zientzia elkartearekin lankidetzan ariko da. Helburua da pottoka arrazaren jatorrian eta eboluzio genetikoan sakontzea, baita Historiaurretik Iberiar Penintsulako iparraldean bizi izan ziren zaldi populazioekin duen harremanean sakontzea ere.

Estepan jatorria duten zaldi leinu etxekotua, DOM2 leinua, Europan zabaldu zen eta bertan zeuden zaldiekin hibridatu zen, hortik heldu dira gaur egungo zaldiak. Arkeologoek, bestalde, indusketen bidez, Iberiar Penintsulako zaldi populazioak dokumentatu dituzte, IBE leinu autoktonoa. Bestetik, uste da Euskal Herrian historikoki zaldi basatien beste leinu autoktono batzuk egon zirela.

Hiru horiek kontuan izanda, Euskal Herriko hainbat arkeologia aztarnategietatik ateratako lagin osteologikoak eta hortz laginak aztertuko dira, Paleolitotik Brontze Arora bitartekoak, aztertuko dituzte Aranzadiko kideek. Eta erreferentziazko kokaguneak barne hartuko dituzte, esate baterako: Aguilar mendia, Peñas de Oro, Los Husos II, Mendabia eta Nafarroa, Araba eta inguruko beste aztarnategi batzuk.

Azterlanak lau helburu espezifiko ditu. Batetik, Nafarroako historiaurreko zaldi populazioen aniztasun genetikoa ezaugarritzea. Bestetik, desagertutako edo orain arte ezezagunak ziren tokiko leinu posibleak identifikatzea. Aldi berean, Historiaurreko zaldi basatien populazioen eta egungo pottoka arrazaren arteko jarraitutasun genetikoa ebaluatzea. Eta, azkenik, estepako leinuek tokiko zaldi populazioetan duten hedapenaren eta etxekotze prozesuen eragin maila zehaztea.

Oro har, proiektuak funtsezko ebidentzia emanen du Nafarroako Historiaurre hurbilean animalien eta gizakien dinamikak berreraikitzeko, eta aztergai garrantzitsua izanen da mendebaldeko Europako zirkulazioari, mestizaje biokulturalari eta etxekotzeari buruzko eztabaidetan.

 

I. erakustaldi jardunaldia

Garagarrilak 19, ostirala 
10:30 Pausoka proiektuaren aurkezpena. Idoia Urrutia, Sakanako Garapen Agentzia. 
11:00 Pottoken hainbat maneiuen erakustaldia. Idoia Resano, Pottoka elkartea. 
11:30 Pausoka eta Kalaska. Leire Ganboa de Miguel, Kalaska kooperatiba. 
12:00 Pottoka haragi dastaketa

Unanuko Beriaingo pistako aparkalekuan. 
Izena emateko: labur.eus/exrsqa72