Unanuko etorkizunari buruzko jardunaldiak fruituak eman ditu

Alfredo Alvaro Igoa

Denok Bat elkartean egin zen jardunaldia. UTZITAKOA

Hainbat arlotan gabeziak eta egitekoak identifikatu zituzten. Jardunaldiek agerian utzi zuten unanuarren herriaren alde egiteko nahia. Eta horren ondorioz kultur elkarte bat sortu dute, dagoeneko martxan dagoena.

Herriko biztanleriaren beherako bilakaerarekin kezkatuta zeuden unanuarrak. Gaur egun Unanun 83 pertsona daude erroldatuta. Unanurekin erlazioa duten makina bat pertsonaren kezka hori zabalduta zegoen. Errezeloa sortzeko kanpaina bat egin zuten herrian eta eragina izan zuen. Eta kezka horretatik abiatuta, pertsona horiek Unanuren etorkizuna nola ikusten zuten jakiteko jardunaldi batzuk egiteko ideia sortu zen. Unanu Eraikiz izena eman zieten jardunaldiei. Unanuarrek ideia ongi hartu zuten, gainera, parte hartzearen bidez herriarekin lotura zuten pertsonek beraien iritzia emateko aukera eskaintzen zuen jardunaldiak. 

Gai asko landu nahi zituztenez, saio bakarra egin beharrean lau antolatu zituzten, guztiak Denok Bat elkartean egin ziren larunbat arratsaldetan. Aurreneko saioa, otsailak 28an, herriaren diagnosia egiteko balio izan zuen. Bigarren saioa martxoaren 14an egin zuten eta herriaren memoria eta indarguneak aztertu zituzten. Martxoaren 28ko saioan etorkizuneko Unanu amestu zuten. Eta jardunaldietako atzeneko saioa apirilaren 11n egin zuten. Hartan oinak lurrean jarri, zerrendatu zutenetik ez zen posible egitea eta zer ez eta eman beharreko pausoak zehaztu zituzten. 

Jardunaldietan parte hartzea handia izan da: 20 eta 36 artean egon ziren. Lan saio bakoitzean lan egiteko modu bera izan zuten: aurkezpena, parte hartzaileak talde txikietan banatu eta gaiak landu eta ondoren talde txikietan landutakoa guztiei azaltzea. Saioetan izan zirenendako aberasgarria izan zen parte hartzea. 

Ondorioak
Unanuarrak herriaren alde lan egiteko prest daudela da lehen ondorioa. Sentipena dute hausnarketa prozesuak herriari on egin diola, Unanuren bizi nahia agerian utzi duela. Haien esku dagoena egitea erabaki dute, egiteko batzuk erakunde batzuen inplikazioa eskatzen baitu. Esaterako, garraio publikoaren falta. Ergoienako Udalak Altsasuko azokara joateko asteazkenetan jartzen duen autobusa da garraio publikoko zerbitzu bakarra. NBUSen eskaerapeko zerbitzua ez da erabiltzen. Osasun arretaren eta etxebizitzaren inguruko kezka ere badago. 

Prozesu guztian Unanuko Kontzejuak parte hartu zuen eta lagundu zuen. Jardunaldian mahaigaineratu ziren gaietako batzuk bere egin zituen. Ergoienako Udalaren gertutasuna ere sentitu dute. 

Halako parte hartze prozesuetarako normalena enpresa bat kontratatzea da. Baina Unanuko Kontzejuaren aurrekontuak ez zuen horretarako ematen. Beraz, bi unenuar halako prozesuetan aditua zen pertsona batekin trebatu eta prozesuaren diseinua egin zuten. Jarraibide batzuk ere jaso zituzten. Ongi moldatu ziren. 

Elkartea 
Jardunaldien lehen fruitua Ernaitta kultur elkartearen sorrera da. Ernaitta da euri asko egiten duenean Beriaineko muturretik ateratzen den hirugarren ur jauzia. Elkartea erregistratu dute eta bere kideak hilean behin elkartzen dira, hamarren bat, eta lanerako gogoz gainera. Ernaittako kideen helburua da hilero-edo jardueraren bat antolatzea da. Horiekin lortu nahi dute jendea etxetik ateratzea eta gustura egotea. 

Ernaitta kultur elkarteak antolatu zuen lehen jarduera Arimen gaua izan zen, lastailaren 31n. Jardunaldietan emakumezko batzuen bidez jakin zuten egun horretan Unanuko etxe batzuetan ospatu egiten zutela egun hori. Beraz, etxe barruko ospakizun hori kalera atera zuten. Aurreko asteburuan kandelak egiteko tailerra egin zuten, baita mozorroak eta herria apaintzeko apaingarriak ere. Eguna iritsita, herria apaindu eta iluntzean herriko argiteria publikoa itzali zuten. Eskolak hartu zituen eraikineko plazan su ikuskizun bat izan zen. Ondoren herrian barna kalejiran ibili ziren haiek egindako kandelak argiztatuta. Oso gustura ibili ziren, bereziki haurrak. Eguna borobiltzeko afaria egin zuten elkartean. 

Hurrengo hitzordua azaroko azken asteburuan izanen dute. Kontzejuarekin eta elkartearekin batera festa txikiak antolatu dituzte. San Andres eguneko ospakizuna duela 12 edo 13 urte berreskuratu zuten. Ermitan meza eta elkartean bazkaria egiten dute. Aurten azaroaren 30a astelehena denez, jendea lanean dagoenez, eta herrian ez daudenak ere ospatzeko, festa txikiak antolatu dituzte. 

Erlazionatuak