Pablo Urtasun urdiaindarrak bere ibilbide berriari ekin dio. 2013an Euskaltel-Euskadi taldea desagertu ondoren, 2014an Txileko PinoRoad taldean aritzekoa zen urdiaindarra, baina taldea ez zen aurrera atera. Hala ere, Urtasunek ez zuen etsi, gogor entrenatzen jarraitu zuen eta saria jaso du: 20,15ean Japoniako Team Ukyo talde kontinentalean ariko da.
Helburua: Japoniako Kopa
Pablok igandean hartuko du Japoniako bidea eta gogotsu dago. Kaikun arroxa kolorekoa zen bere maillota, Euskaltelen laranja eta Team Ukyon beltza izanen da. “Laranjaz jantzita urte asko pasa eta gero orain kolore beltza izango dut. Hasieran arraroa egin zitzaidan, baina ohitu naiz” dio. Urdiaindarrak onartu du Japoniako txirrindularitzari buruz ezer gutxi zekiela, baina erreferentzia onak eman dizkiote. “Txirrindularitza nahiko ondo dago Japonian. 9 talde kontinental daude eta Japoneko Kopa bat antolatzen dute urtero, 20 probekin. Eguneko probak dira. Nik espero baino hobe dago txirrindularitza han. Bestalde, pistako txirrindularitzan proba asko daude eta diru asko mugitzen da, babesle handiak daude. Ez nekien” kontatu digu. Igandean hartuko du hegazkina, Tokyo helburu. “Japoniara iritsita kontzentrazio txikia egingo dugu, taldearen aurkezpena taldearen egoitzan egingo dugu eta gero Koparekin hasiko gara. Lasterketekin hasteko gogoekin nago” aitortu digu.
Team Ukyo taldeak irabazi du Japoniako Kopa azkeneko bi edizioetan, eta aurten ere Kopagatik borrokatzea da helburua, banakakoan eta taldekoan aurrean egotea eta irabaztea. Kopak etena izaten du garila-agorrila aldera eta tarte horretan hemen egotea espero du. “Aurreko urtean Team Ukyok Ordiziako Klasikoan eta Portugalgo itzulian egon zen. Aurten ere garilean eta agorrilean Europako lasterketetan aritzeko asmoa dute berriro. Ea hemengo probatan aritzeko gonbidapenak lortzen ditugun eta lasterketa horietan parte hartzeko aukerarik dudan” gaineratu du Urtasunek.
Pablo Urtasunen palmaresa
Profesionaletan 5 garaipen ditu Urtasunek: 2013an Gaztela Leongo lehen etapa irabazi zuen, 2012an Bretainia Handiko Tourreko 7. etapa, 2010ean Asturiaseko Itzuliko lehen etapa, 2008an Sotavento Algarvioko Voltako 2. etapa eta 2008an Asturiaseko Itzuliko 5. etapa.
Gertutik: Pablo Urtasun
Team Ukyoko txirrindularia
Team Ukyo nola jarri zen zurekin harremanetan?
Aurreko urtean, 2014an, nire lagun bati eta niri joateko Portugalgo Itzulian eurekin aritzeko eskaintza egin zigun Team Ukyok. Talderik gabe nengoen orduan, baina itzulia prestatzeko denbora gutxirekin abisatu ziguten, ez nengoen ziur probara ondo ailegatuko nintzen ala ez eta nahiago izan nuen ezetz esatea. Baina neguan nirekin harremanetan jarri ziren berriro Team Ukyokoak eta taldean aritzeko hitz egin genuen. Denboraldia prestatzeko denbora nuenez eta prest nengoenez, baiezkoa eman nien. Ukyo taldeko txirrindulari Salva Guardiolaren bidez egin nituen lehengo harremanak. Guardiola aurreko urtean Ukyorekin aritu zen eta aurten ere bai.
Ezagutzen dituzu Ukyoko beste taldekideak?
Salva Guardiola, Oscar Pujol eta ni izan ezik, gainontzekoak japoniarrak dira. Guardiola eta Pujol ezagutzen ditut, baina gainontzekoak ez.
Japoniakoa esperientzia berria izanen da guztiz, batetik txirrindularitza profesionalera bueltatuko zarelako eta bestetik, zure bizitzarako esperientzia ezberdina izango delako.
Bai. Japoniari buruz ezer gutxi dakit. Kultur ezberdina, hezkuntza ezberdina, gauzak egiteko modu ezberdina… dena da berria; bizimodu berria, ikusteko eta ikasteko. Hori aberasgarria da. Eta kirolean sartuta, ez dut ongi ezagutzen bertako txirrindularitza, ez dakit ze maila izango duten, maila horrekiko nola egongo naizen eta dena ikusteko eta ikasteko daukat.
Non biziko zara?
Taldeak aspaldi etxe bat erosi zuen atzerritarrentzat Tokyo inguruan eta han egongo gara Guardiola, Pujol eta hirurok, Tokyotik oso urrutikoak diren japoniarrekin batera. Lasterketak ez daudenean han entrenatu eta biziko gara.
Japoniak ze orografia dauka? Menditsua da, laua… Nolako klima topatuko duzu?
Euskal Herriko klima eta orografiarekin antzekotasun handia du. Biak ipar hemisferioan gaude, gutxi gorabehera altuera ia berdinean, eta Salvak esaten didanez eguraldia oso antzekoa da. Etxean bezalako giroa, alde horretatik.
Zenbat denborarako zoaz?
Asmoa lehenengoz igandean joan eta ekainera arte bertan egotea da. Ekaina inguruan etxera etorriko nintzateke, hemen Estatuko Txapelketa prestatzeko. Gonbidapenak lortzen baditugu Ordizia, Getxo, Portugal eta Burgoseko probetako gonbidapenak lortzen baditugu bi hilabete arituko nintzateke hemen, garila eta agorrila aldera. Gero Japoniara itzuliko nintzateke Japoniako Kopa bukatzera, ahal den hobekien.
Taldean zein izango da zure lana?
Esaten dutenez, Japoniako Kopako lasterketa askotan talde txikiak iristen dira helmugara elkarrekin eta esprintean erabakitzen dira lasterketak. Esprinterra naizenez, talde txiki horietan aurrean ailegatzea eta lasterketak disputatzen saiatzea da asmoa. Dena den, urte bat lehiatu gabe gorputzak nola erantzuten duen ikusi beharko da. Lehengo lasterketetan agian erritmo falta nabarituko dut baina probak pasa ahala hobeto egotea eta lasterketak borrokatzea espero dut.
Azkeneko urtean lehiatu gabe arituta, entrenatzeko motibazioa ez da berdina izango, ez?
Aurreko denboraldian Txileko PinoRoad taldean aritu behar nintzenez, aurreko neguan prestakuntza ongi egin nuen, berdin entrenatu nuen, baina gero taldea ez zen atera. Txirrindulan jarraitzeko asmoekin jarraitu nuen entrenatzen baina egia da motibazioa ez dela berdina. Abuzturaino sasoia mantentzen saiatu nintzen, pisu asko ez hartzen, abuztutik aurrera zerbait aterako zenaren itxaropenarekin. Team Ukyokoa atera da eta pozik.
Nola zaude? Sasoian? Sentsazio onekin?
Negu nahiko kaxkarra izan dugu ongi entrenatzeko. Nahiz eta Granadara, Sierra Nevadara 15 egun entrenatzera joan, Murtzian ere prestatzen egon, eguraldiak ez digu utzi guk nahi bezala entrenatzen eta horrela sasoia tope topera izatea oso zaila da. Nahiko genukeena baino pixka bat motzago ailegatuko gara baina lasterketak hasi ahala espero dugu lehenbailehen ongi jartzea.
Zer dio familiak?
Ni bezala daude. Batetik gogoak dauzkat Japonian egoteko, horretarako prestatu eta entrenatu naizelako baina, bestetik, etxetik hain urrun horrenbeste denbora egotea… gogorra egingo da baina horrela erabaki dugu eta horrela da. Lasterketetan ongi banabil errazagoak egingo dira gauzak.