Pablo Urtasun, Japoniatik Brasilera

Guaixe 2015ko aza. 12a, 13:13

Urdiaindarrak Brasilgo Funvic Soul talde profesional kontinentalarekin fitxatu du 2016rako

Japoniatik Brasilera egingo du salto Pablo Urtasun Perez txirrindulariak (35 urte). Azken urtean Japoniako Team Ukyo talde kontinentalean aritu da urdiaindarra, Salva Guardiolarekin, Oscar Pujolekin eta txirrindulari japoniarrekin batera. Urtasunek bere taldeak Japan Pro Tour irabazteko lan handia egin du, eta urdiaindarra sarritan igo da podiumera: Utsunomyan hirugarrena eta Ibukiyaman bigarrena izan zen, Japan Pro Tourreko liderra ere izan zen urdiaindarra eta denboraldia urriaren 11n jokatutako Wajima lasterketako garaipenarekin borobildu zuen. Tartean ere beste garaipen bat lortu zuen, baina Japan Pro Tourretik kanpo.

Baina Japoniako esperientziari agur esan eta 2016an Brasilgo Funvic Soul talde profesional kontinentalean ariko da Urtasun. Taldeak Europara egin nahi du salto eta, printzipioz, Europako probetan aritzeko asmoa du urdiaindarrak.

Pablo Urtasunen palmaresa
Profesionaletan 5 garaipen ditu Urtasunek: 2013an Gaztela Leongo lehen etapa irabazi zuen, 2012an Bretainia Handiko Tourreko 7. etapa, 2010ean Asturiaseko Itzuliko lehen etapa, 2008an Sotavento Algarvioko Voltako 2. etapa eta 2008an Asturiaseko Itzuliko 5. etapa. Horiei urriaren 11n Japan Pro Tourreko Wajima lasterketaren garaipena gehitu behar zaio.


Gertutik

Japoniatik Brasilera. Zelako aldaketa!
Japoniara joan nintzenean nire txirrindularitza karrera Team Ukyo taldean bukatzeko asmoarekin joan nintzen. Nire eta taldearen asmoa Europako probatan aritzea zen, baina azkenean Japonian gauzak uste baino geldiago joan dira, eta hurrengo urtean taldea ez da asko etorriko hemendik. Horrela, beste soluzio bat bilatzen hasi ginen eta Brasilgo aukera suertatu zen. Funvic Soul taldeak badu Europara etortzeko asmoa. Hori da nik bilatzen duena, nire karrera bukatzeko hemengo lasterketetan aritzea.

Nolako taldea da Funvic Soul?
Orain arte, 5 urtez talde kontinentala izan da, baina mailaz igo da eta orain talde kontinental profesionala da. Orain arte gehienbat Ameriketako probetan aritu dira: Brasilen, Argentinan, Mexikon… eta orain, salto horrekin Europara etortzea da asmoa.

Zein lasterketetan ariko zinateke? Edo lotu gabe dago?
Managerra hemendik aste batera etorriko dela esan didate, egutegia itxi eta hemengo antolatzaileekin egoteko. Talde kontinental profesionala izanda eta 2. mailan egonda, edozein motako karreretan parte har dezakegu, baina World Tour probetarako gonbidapena beharko genuke. Gainontzeko lasterketetan parte hartzeko, taldeak nahi izanez gero, uste dut tokia izango genukeela. Ez dut uste aparteko arazorik egonen litzatekeela lasterketetan parte hartzeko, gaur egun talde asko ez daudelako eta probako antolatzaileek taldeak behar dituztelako.

Urte bat eman duzu Japonen. Bi lasterketa irabazi dituzu, bigarren eta hirugarren postuak lortu dituzu, Japan Pro Tourreko liderra ere izan zara. Zein nolako balorazioa egiten duzu?
Uste dut egindako lanarekin pozik geratu dela taldea. Gure taldeak, Team Ukyok, irabazi zuen Japan Pro Tourra, Iusuke Hatanakarekin. Taldeka ere guk irabazi genuen. Pozik geratu naiz egindakoarekin. Urte bat egon nintzen talderik gabe, eta urte bat lehiatu ondoren txirrindularitzara bueltatzeko nahiko ongi joan zait urtea. Gustura egon naiz, baina nire asmoa Europan aritzea zenez, beste aukeraren alde egin dut. Dena den, Team Ukyorekin ez ditugu ateak itxi. Hurrengo urtetarako Europara etortzen direnean agian kolaboratuko dugula aipatu genuen.

Talde berriarekin egonaldi luzeak egin beharko dituzu Brasilen?
Nik uste dut lanaren %90a hemen egingo dudala, etxean. Aurkezpenera eta Brasilgo Tourrera hara joango naiz, baina ni gehienbat hemen egongo naiz, Europako probatan parte hartzen. Bereziki Espainian eta Portugalen.

Taldea itxita dago?
Uste dut taldea itxita dutela. Denak brasildarrak izango dira, ni eta Antonio Piedra izan ezik. Piedrak Caja Ruralekin Lagos de Covadongako etapa bat irabazi zuen eta esperientzia handia du.

Zer eskatu dizue taldeak?
Oraindik ez dugu asko zehaztu. Guztia azkar joan da. Badirudi esperientzia zuen jendea nahi zutela. Beraien txirrindulariei hemengo probatan aritzeko erakutsi ahal dieguna erakustea da helburua, eta bidean emaitzak lortzen baditugu, hobe.

Zure ibilbideari Europan agur esatea espero zenuen?
Orain dela hilabete bat ez nuen espero. Europan aritu nahi nuela argi nuen, bestela nahiago nuen txirrindularitza uztea, Japonen beste urte bat eman baino lehen. Familiatik urrun luze egiten da. Gauzak dauden bezala, zaila ikusten nuen, baina Funvic Soulek aurten profesional kontinental mailara egin du saltoa eta zortea izan dut. Ea nola ateratzen den.