Gozategi taldeak 25 urteko ibilbidea egina du eta urteak betetzen segituko du. Baina taldeko ardatzak, Asier Gozategik eta Iñigo Goikoetxeak, elkarrekin proiektu paraleloa jarri dute martxan: Iñigo eta biyok, Gozategiz. Biak eszenara bakarrik, aurrenekoz, pasa den astean igo ziren, Orion. Egitasmo berriaz Iñigo Goikoetxeak eman dizkigu azalpenak.
6 kantuko emanaldi bat. Argi dago hau ez dela betiko Gozategi!
Ez da betiko Gozategi. Toki txikitan kontakizun asko egiten dituen emanaldi bat da. Hau beste ikuspuntu batetik ikustera joan behar da. Ezberdina da.
Konturatu gara, azkeneko lauzpabost urteetan berpizte bat izan dela plazan. Asko pentsatu dugu horren inguruan: zergatik pasatzen da? Gizarteak zer behar klase du halako berpizte bat emateko? Ideia horri bueltak ematen gidoitxo bat prestatzen hasi ginen. Azkenean, emanaldi bat atera zaigu. Kontakizun intimoa eta zuzeneko musika. Lau hitz horiekin laburtzen da prestatu duguna.
Eszenatokia psikologoaren dibana bihurtu duzue?
Hainbesterako ez. Gure ibilbide honetan gauza asko gertatu zaizkigula konturatu gara . Gertatu zaizkigunak baino garrantzitsuagoa izan da zer gertatu den pentsatzea , baina batez ere, gauza horiek aurrera begira pausuak emateko nola kokatzen gaituzten. Nik uste hausnarketa hori egiten dugula. Ez da historiaren laburpen bat; historiak eman diguna aprobetxatuz, aurrera egiteko eta aurrera pauso horiek nola eman behar ditugun zehatzeko modua baizik.
Guztia Gozategi filtrotik pasatuta?
Bai. Emanaldia Asier eta biok izaera oso ezberdina dugula esaten hasten da. Txuria eta beltza izan gaitezkeela. Emanaldiaren ardatza izanen litzateke, nolabait, ezberdinen arteko errespetua eta elkartasuna. Bi mutur horien elkartasunean gainontzeko koloreak sartu daitezke. Nik uste gizarteak behar duela, nolabait, errespetua ardatz moduan hartzea. Gaur egun politika, hedabideak, gauza guztietan errespetu falta ikusten da. Horrela herri bat eraikitzea oso gauza arraroa dela iruditzen zaigu.
Gure 25 urteetan egin ditugun kanta guztietan herriari hitz egiten diogu, herriaren elkartasunari eta, beti ere, errespetuz. Gauza serio askori buruz umore puntua jarrita hitz egin dezakezu, horrek ez du esan nahi errespetua faltatzen diozunik. Horiek guztiak ibiltzen ditugu kontuan. Ideia horiei guztiei buelta emanez sortu dugu gidoia eta emanaldi hau sortu da.
Hizketaldi, errezitaldi, kantaldi… -aldi pila bat izan daiteke, ezta?
Bai. Eta, egia esan, denak daude: bien arteko hitz-aldiak, anekdota asko, zuzeneko musika, irakurketa, gertatutako hainbat gauzen bideoak… Formula ezberdinak erabili ditugu eta emanaldia, nik uste, oso interesgarria dela. Hainbat momentutan hunkigarria ere. Asierrek aurreko batean elkarrizketa batean esan zuen mentalki biluztu egin garela.
Orain arte plazako emanaldien akaberako entzuleen aho zaporea jakina da. Honena zein da?
Askotan esaten dugu kalejira baten inguruan herria batzea lortu daitekeela. Plazan jendea dantza egitera elkartzen da. Fandangoa, arin-arina edo beste batzuk batzuendako zailak dira. Kalejirak eskutik hartu eta elkarrekin dantza egiteko aukera ematen du. Dantza hori nahiko motibo izan daiteke dantzatu duzun horren agurra urte guztian izateko. Lagun bezala ikustea, nahiz eta gero bizi garen abiaduran hizketaldiak izateko aukerarik ez izan. Agurra, behitzat, agur positiboa izateko. Eta hori herri batean oso garrantzitsua da. Hausnarketa horren inguruan jendeak pentsatzea nahi genuke. Ez bakarrik, normalean gertatzen den moduan, sentitzea eta dantzatzea. Oraingoan, hausnarketa egin eta horretaz hitz egin nahi izan dugu. Jendea hausnarketa horrekin etxera joatea nahi genuke.
Jendeak errotari bueltak ematen etxera bidaltzea?
Bai. Hori kontatzeko gogoa dugula sentitzen dugu. Nahiko esperientzia badugu. Egia esan aurreneko emanaldian oso kritika positiboak jaso ditugu. Askok esaten digute: ez dakigu zertara goazen! Kontua da areto itxi batean sartuko dela eta eszenatoki batean bi pertsona eserita izanen direla; jendea butaketan eserita. Hor Asier eta biok hausnarketak egiten eta hainbat gauza kontatzen hasiko gara.
Gozategik talde bezala segituko du?
Gure ideia taldearekin zuzenekoak ematen segitzea da. Gozategiren egin behar garrantzitsuena zein den oso garbi daukagu: jendeak plazan ongi pasatzeko musika egiten dugu. Garrantzitsuena plazan bizi poza lortu eta sortzea da.