2003 urtean txirrindulari profesional moduan debutatu zuen Pablo Urtasun Perezek (Urdiain, 1980), Team CSC taldearekin. Kaiku, Liberty Seguros, Euskaltel-Euskadi, PinoRoad, Team Ukyo eta Funvic Soul taldeak etorri ziren ondoren, baina orain bizikleta zintzilikatzea erabaki du urdiaindarrak. Berarekin egon gara.
Txirrindulari izateari uztea erabaki duzu. Zaila da erabakia hartzea?
Txirrindularitzan hasten zarenean badakizu hau egun batean bukatuko dela. Abendura arte kontratua dut Funvic Soul Cycles talde brasildarrarekin, baina denboraldia bukatu da eta txirrindularitza uztea erabaki dut, egoerarengatik. Sasoian nago. Urteekin geroz eta gehiago kostatzen da forma hartzea, baina behin forma hartuta, beste urtetako maila hartzen duzu. Kontua da egutegi ona ez baduzu eta erritmoa hartzeko lasterketatan ez bazara ari… jarraipen hori lortzea kosta egiten dela. Hemengo lasterketatan aritzen bazara, motibazioa mantentzea errazagoa da. Baina aurten hilabete asko eman ditugu lasterketarik gabe, soilik entrenatzen, eta gogorra egiten da hori. Eta irtenbiderik ikusten ez dudanez, uztea erabaki dut.
Txikitatik izan nahi zenuen txirrindulari?
Txikitan dena egiten genuen: pilota, futbola, areto futbola, txirrindularitza... Aita txirrindula zalea zen eta anaia Burunda klubean hasi nintzen. Anaiari segika txirrindularitzan hasi nintzen. Afizionatuen maila hasieran gogorra egin zitzaidan. Aldaketa handia, kilometro kopurua… Unibertsitatean Filosofia ikasten nenbilen baina karrerako bigarren urtean ikasketak uztea erabaki nuen eta txirrindularitzan buru-belarri aritzea. Orduan hobera joan zen gauza eta afizionatuen azkenengo urteetan hobera joan zen gauza; lasterketekin disfrutatzen eta garaipen batzuk lortzen hasi nintzen.
CSC taldearekin debutatu zenuen profesionaletan, 2003an.
Proba txiki bat egin zidaten azkeneko lasterketatan aritzeko, bi hilabetez. Baina egiazko saltoa Kaikurekin eman nuen, 2004an, Oscar Guerreroren aginduetara.
Zein oroitzapen dituzu talde arrosarekin?
Oso onak. Talde oso txikia zen, familia bat bezalakoa. Lehenengo urtean ez, baina bigarren urtean lortu genituen garaipen batzuk. Horren talde txikia izateko emaitza nahiko onak lortu genituen. Lehen mailako taldeekin lehiatzerakoan lasterketak irabaztea oso zaila zen, eta garaipenak bilatzeko gure modua beti borrokan ibiltzea zen, ihesaldietan sartzea… Horiek ziren gure aukerak eta horrela bilatzen genituen garaipenak.
Gero Portugalera, Liberty Seguros talde kontinentalera joan zinen.
Kaiku desagertu egin zen eta aukera hori sortu zen. Kaiku antzera, talde txikia zen, 11-12 txirrindularikoa. Tratua oso familiarra zen, Kaikun bezala. Egutegi ona zuten eta oso gustura aritu nintzen.
Zure lehendabiziko garaipenak iritsi ziren…
Kaikurekin Portugalen garaipen bat lortu nuen eta Libertyrekin ere beste batzuk etorri ziren. Lehenengo garaipena beti da lehenengoa, markatzen zaitu. Baina garaipen bakoitzak, lasterketagatik edo egoeragatik, bere gauza dauka. Denek dute zerbait. Niri Tour de Gran Bretañakoa gustatzen zait asko, lortu nuen moduan lortu nuelako eta joaten zen jendea joaten zelako. Garaipen polita izan zen, 2012an, Euskaltelekin.
Euskaltel-Euskadi (2009-2013). UCI Pro Tour mailako taldearekin, goi mailako probak iritsi ziren. Tourra, Giroa… Pentsatzen dugu zure ibilbidean urrezko urteak izango zirela.
Euskaltelekin lehenengo mailako probatan parte hartzea lortu nuen. Primerako egutegia, puntakoa, eta horrek puntu bat gehiago ematen dizu, bai entrenatzeko orduan, dena ongi egiteko orduan... halako taldeekin goraka egiten duzu salto.
Gainera lau sakandar zeundeten. Gorka Verdugo, Egoi Martinez, Jorge Azanza eta zu.
28 laguneko talde batean lau sakandar batera aritzea oso zaila da eta oso polita. Taldekideak aparte lagunak dira eta bere xarma zuen.
Zergatik desagertu zen Euskaltel? Halako egitura eta talde garrantzitsua, zale ugari zituena, marea laranja sortu zuena…
Pentsatzen dut egoera batzuen ondorioz izan zela. Euskaltel enpresak kanpoko inbertsioetako fondo bat erosi zuen, gero arazoak etorri ziren eta babesle moduan ezin izan zuen jarraitu, bestetik Euskal Gobernuean aldaketa egon zen, krisia etorri zen... faktore guztiak elkartu ziren eta 22 urte zituen euskal taldea desagertu egin zen.
Alonsoren taldea erosteko saiakerak ez zuen ere fruiturik izan. Berriro bizia atera beharrak PinoRoad talde txiletarrera eraman zintuen, baina ez zen ongi atera.
Hurrengo urtetan estatuko txirrindularitzaren egoerak buelta emango zuelakoan, 2014 urtea han salbatzea pentsatu genuen, Txilen. Baina azkenean taldeak ez zuen babeslerik, arazoak sortu ziren eta talderik ez, hala joan zen gauza.
Baina beste irtenbide bat lortu zenuen: Japonera joan zinen Team Ukyora.
Txilen ezagutu nuen txirrindulari baten bidez Japoniako Team Ukyo taldearekin jarri nintzen harremanetan eta urte bateko eskaintza egin zidaten, 2015erako.
Ia urte guztia Japonian egon nintzen, bertako lasterketatan aritzen, baina oso esperientzia ona izan zen. Gustuko dut Japon, bertako jendea, herrialdea, gauzak nola egiten diren atsegin dut... esperientzia ona izan zen eta oso gustura ibili nintzen. Baina urte osoa kanpoan egotea gogorra egiten da.
Herrimina, famili mina...
Etxean egotekoa naiz, familiarekin egotekoa eta gogorra egiten zitzaidan. Aurten Japonian jarraitzeko aukera nuen baina Europan lehiatuko zen talde batera pasatu nahi nuen, etxean denbora gehiago egoteko. Eta horregatik aukeratu nuen aurten Funvic Soul talde brasildarrean aritzea, printzipioz Europako egutegietako probatan arituko zirelako. Kontua da azkenean oso proba gutxi egin ditugula, azkenean hiru itzuli bakarrik egin ditut eta urtea oso luze egin zait. Azkenean proba gehiago egin beharrean bizikleta uztea erabaki dut.
Erabakia hartuta, nola zaude?
Aita izan naiz bigarrenez eta etxean gustura nago. Aitatasunak lana ematen dizu eta beste gauzetan pentsatzen jartzeko denbora kentzen dizu. Lasai egon nahi dut orain, eta hurrengo hilabetean erabaki nahi dut zer egingo dudan. Zerbait bilatu nahi dut. Ea nondik ateratzen den gauza.
Txirrindularitza munduan jarraitu eta entrenatzaile edo teknikari moduan aritzeko aukerak ikusten dituzu?
Gustatuko litzaideke. Txirrindularitza nire bizimodua izan da, nire bizitza, urte asmo eman ditut bertan eta maite dudan mundua da. Hor jarraitu nahiko nuke baina zaila ikusten dut. Talde gutxi daude eta auxiliar eta txirrindulariendako toki gutxi. Entrenatzaile titulua daukat. Zaila dago, baina ea zerbait bilatzen dugun.
Zeintzuk izan dira zure unerik onenak eta okerrenak?
Euskalteleko azken urte eta erdia oso ona izan zen. Mailan gora egin nuen, lasterketak lehiatzen nituen, ongi entrenatzen nuen.... eta unerik txarrenak, Rufino gure masajista eta Victor Pradero taldekidea galdu genituenean. Bizikleta gainean une txarrak badituzu, baina aurrekoen ondoan ez dira horren txarrak.
Sakanako txirrindularitzaren egoera nola ikusten duzu? Aralar eta Burunda eskolak hor daude, eta afizionatuetan Rural Kutxa-Seguros RGA.
Iloba bat txirrindulari dut. Hura ikustera lasterketetara joan eta gero, iruditzen zait haur txirrindularien kopuruak gora egin duela. Hori ona da, eta hurrengo urteetan nabarituko da. Urte onak eta txarrak egoten dira, baina txirrindularitzak eusten dio. Eta ziur urte onak etorriko direla berriz.