1. Zeintzuk zarete aurtengo kintoak?
Oihane Huarte, Urko Izagirre, Oihan Azkona, Mikel Apaolaza, Diana Machado, Ioana Berastegi, Gaizka Lanas, Julen Goikoetxea, Javier Flores eta Luka Zubiria.
2.Baina kintoez gain nortzuk ospatzen dituzue Santa Agedak Urdiainen?
Kinto zaharrak, urte bat gehiago dutenak, aurten hamarren bat izango direnak, eta kinto gazteak, urte bat gutxiago dutenak, aurten lau direnak. Eta gero beti kintoak daude, 20 urtetik gora dituztenak. Urtero egoten da beti kintoren bat. Aurten bosten bat izango dira. Hortaz, aurten 28-30en batek ospatuko dugu Santa Ageda.
3. Noiz hasiko duzue festa?
Gaur, ostiralean, bazkaltzera bilduko gara lokalean, antroan. Catering bat alokatzen dugu ostiraletik igandera bitarteko bazkari eta afarietarako, larunbateko afarirako izan ezik, Kaluxan egingo duguna. Ostiral arratsaldean boletoak saltzen hasiko gara. Izan ere, igandean, zortzikoaren ondoren, axuri bat zozketatuko dugu. 1.300 txartel inguru egin ditugu, saltzeko. Iaz guztiak saldu genituen, ea aurten. Eta igandean, bazkaldu ondoren, eskean ibiliko gara.
4. Urdiaingo kintoak nola janzten dira?
KaxeroBaserritarrez, bai mutilak eta baita neskak ere, eta kaikuekin. Guk beti kintoak kaxerobaserritarrez ezagutu ditugu. Normalean bi praka pare izaten ditugu eta neskek bi traje, aldatzeko.
5. Boletoak saltzera baserrietara ere jaisten zarete?
Bai, larunbatean, bazkaldu ondoren, bostak aldera jaitsiko gara. Lauzpabost baserri ingurutara gjoaten garaz: Errota, Sarabe… Boletoak saltzeaz gain, bertan jota eta porrusalda dantzatzen ditugu. Trikitixak lagunduta ibiltzen gara. Ostiralean eta igandean Arbizuko trikitilariekin eta larunbatean Urdiaingo kinto batek jo behar du, bere lagun batekin batera.
6. Kintoek Urdiaingo zortzikoa dantzatuko duzue igandean.
Bai, igande eguerdian, eguraldiak laguntzen badu plazan eta bestela frontoian. Aurten 7 mutil eta 3 neska gara kintoak. 3 neskek eta 5 mutilek dantzatuko dugu; beraz, 8 zortziko izango dira guztira.
7. Bitxia hori!
Aurreko urtean lehenengoz kinta batek zortzikoa dantzatu zuen. Aurten hiru kintak dantzatzera animatu dira. Bi kintok ezin izango dute dantzatu, entseguetara etortzea ezinezkoa izan dutelako, bat Iruñekoa delako eta bestea Urbasan bizi delako. Bestalde, badaude urteak zortzikoa dantzatzeko nahikoa kintorik ez daudela eta kasu horretan kinto gazteek edo kinto zaharrek ere dantzatzen dute. Ziurrenik hori gertatuko da heldu denurrengo urtean.
8.Urdiaingo zortzikoa ikasteko zaila da?
Ez. Ipi da gure irakaslea eta oso ongi ikasten dugu berarekin. Duela hilabete pasa hasi ginen entseatzen, astero bizpahiru egunez ordutxo bat. Aurreko urtean ere ikasten ibili aritu ginen. Larunbatean entsegu orokor bat egin genuen eta ea igandean ongi ateratzen den.
9. Zortzikoan kinto gehienak amak ateratzen dituzue dantzara…
Bai, normalean bai. Baina aurten neskalaguna aterako du gutako norbaitek, beste kinto batek aita… denetarik izango da. Izan ere, hemen bi pertsona ateratzen dira dantzara. Eta zortzikoa dantzatzen den bitartean ardoa banatzen da herriko zilarrezko katiluetan. Bestalde, larunbat eguerdian 25 urte betetzen dituen kintada izango da plazan zortzikoa dantzatuko duena.
10.Izan ere, zuetaz gain, Urdiaingo kintada guztiak gehitzen dira larunbatean festara.
Bai, kintada guztiek egiten dute bazkaria. Gero, arratsaldean musika izango da Kaluxan eta gauean DJ-a Aitziber elkartean. Larunbata egun handia da.
11. Zer da festa honetako politena zuen iritziz?
Dena: kriston parrandak, zortzikoa, dagoen giroa… Larunbat gauean batzuk Altsasura joango garagoaz parrandara. Behin festa bukatuta, astelehenetik aurrera, ikasleak gara gehienak eta, hurrengo astean azterketak ditugu. Batzuek astelehenean bertan ditugu azterketak. Iruñean eta Goierrin ez dakite zer diren kintoak. “Ez atera!” esaten digute. Ez dute ulertzen, sarritan esaten digute beti festetan gaudela. Baina guk Santa Ageda ospatuko dugu eta azterketetan ahal duguna egingo dugu.