guaixe.eus

“Prestakuntza eta berrikuntza pedagogikoa ezinbestekoak dira Haur Hezkuntzan. Eta gure jakintza ezin da etxean geratu”

  Gizartea  Urdiain

Eider Garde. Kattuka haur eskolako hezitzailea.

1. Garilaren 3an eta 4an Hik Hasi Topaketak egin dira Donostian eta haietan parte hartu duzu. Zer dira Topaketa hauek?
Hik Hasi Euskal Herri mailako egitasmo pedagogiko bat da. Ezagutza arlo osoa hartzen du. Azken urte hauetan apustu handia egin da Haur Hezkuntzako prestakuntzaren inguruan, eta prestakuntza nahiko sendoa du. Nazioartera atera gabe, kalitate hoberena eskaintzen dute. Euskarak presentzia handiagoa izateko lan handia egiten ari dira. Hik Hasik 25. urteurrena ospatu du eta udako topaketa hauek betidanik egin izan dira. Unibertsitatearekin oso lotuta dago eta prestakuntza saio asko homologatuta daude. Gu, adibidez, Haur Hezkuntzako lehen zikloan ibiltzen garenak bi urtetik behin egoten gara Hik Hasiko Topaketetan eta, hurrengo urtean, UEUk antolatzen dituen udako ikastaroetan.

2. Zeri buruzkoak ziren?
Nik parte hartu nuen Pikler Loczy metodologiaren inguruko jardunaldian. Metodologia honi buruzko hainbat esku-hartze aipatu ziren. Horren barruan enfasi edo indar gehien eman zitzaion hezitzaile eta haurren arteko harremanen zailtasunei.

3. Topaketetan hizlari moduan parte hartzen duzun lehenengo aldia da?
Urte asko daramat Hik Hasiko egitasmo honekin trebatzen. Hizlari moduan horrelako maila batean, unibertsitate mailan, lehenengo aldia da. Egia da beste maila batzuetan hitzaldiak eman ditudala: institutuko ikasleei eta eskola ikustera etortzen direnei, esaterako. Hik Hasirekin beste kolaborazio bat egin nuen. Aldizkarian testu bat argitaratu zidaten eta oihartzun handia izan zuen.

4. Zein zen zure hitzaldiaren gaia?
Izenburua Nora, zure keinu txikiei esker... izan da. Izenburu berezia izan da niretako, ikasle batekin izandako harrera-garaiko esperientziaren inguruko hitzaldia izan baita. Harrera-garaia oso zaila izaten da hezitzaileondako, baita haurrendako eta familiendako ere. Haurraren erritmora joan behar dugula esaten da, baina oso erraz esaten da. Praktikan oso zaila izaten da. Kasu honetan haren keinu txikiei esker aldaketak eta aurrerapausoak ikusi genituen.

5. Zer nolako esperientzia izan da hitzaldia ematea?
Hitzaldiak oso harrera ona izan zuen. Oso urduri egon nintzen aurreko bizpahiru egunetan. Gainera, herriko festak ziren eta lo gutxi egin nuen nahiko urduri bainengoen. Gaia islatzea nahiko konplexua zen. Ordu eta erdi baino ez zidaten eman hitz egiteko eta harrera prozesu hauetan hainbat irizpide ematen dira eta detaile txikiena ere garrantzitsua da. Oso zaila izan zen hitzaldia antolatzea. Ideia nagusiak aipatu nahi nituen, baina ez nuen detaile orokorretan geratu nahi. 150 pertsonaren aurrean egin nuen hitzaldia, eta haietako 100 gutxi gorabehera aurretik ezagutzen ditut. Lehenengo gauza esan nuela urduri nengoela izan zen.

6. Jardunaldiak Pikler Loczy metodologiaren inguruan ziren. Zer da Pikler Loczy metodologia?
Berez ez da metodologia; ez da metodoa, ez da errezeta. Haur kontzeptuaren beste begirada bat da. Haurra eta haurraren inguruko guztia osotasunean kontuan hartzen duen ikuspegi pedagogikoa da. Haurraren gaitasunak lantzen dira, haurra aintzat hartzen da, eta hezitzailearen jarreran oinarritzen da gehienbat. Gerturatze piklerriara deitzen zaio, egiteko modu bat baita. Ez nuke esango berritzailea denik, Pikler Loczy metodologia Bigarren Mundu Gerraren inguruan sortu baitzen, baina egia da azken urtetan oihartzun handia izan duela Euskal Herrian, baita Katalunian ere. Budapesten sortu zen, umezurztegi batean ospitalismo sindromearekin amaitzeko asmoz. Kattuka 2011n hasi ginenetik etengabeko berrikuntzan gaude. Gerturatze piklerriararekin lehenengo ukituak egiten hasi ginen eta urte hauetan jasotako prestakuntza eta irakurketekin fintzen joan gara.

7. Jardunaldi garrantzitsua izan zen, beraz?
Bai. Hizlarien artean Budapesteko hiru kide egon ziren: Andrea Szoke, Sjouke Borbely eta Timea Juhasz. Gainera, Xabier Tapia psikologo klinikoa egon zen ere. Gizon izugarria da, jakintza handikoa. Ezozi Arizaga Haur Eskolen Partzuergoan hezitzaile lanetan ibiltzen dena, eta Juanjo Kintela psikologoa eta Euskal Herriko Loczy elkarteko lehendakariak eman zuten hitzaldia ere. Eta horien artean, ni. Jose Mari Azurmendi, Hik Hasiko zuzendaria, temati izan nuen martxotik. Kattukako lan egiteko modua islatu behar zela esan zidan, erreferenteak ginela. Horrelako prestakuntzetara joaten naizenean faltan nabaritzen ditut praktikan dauden esperientziak. Eta honetaz beti kexatu naizenez, ezin nuen ezetz esan. Joan naiz, baina nire burua lekuz kanpo ikusten nuen.
 
8. Zergatik merezi dute holako topaketa, jardunaldi edota ikastaroek?
Zinez uste dudalako, bai nik bai Kattukako langile guztiek eta inguruan daukagun eragileek, Haur Hezkuntzan gehienbat eta hezkuntzan orokorrean berrikuntza pedagogikoa ezinbestekoa dela. Ezin gara eroso geratu ikasketa eta titulu bat daukagulako, eta horrekin pentsatu nahikoa dela. Hamazazpi urte daramat lanean haur hezkuntzan eta hamazazpi urte hauetan titulua lortzeko baino ikasketa gehiago egin ditut.

9. Bertan ikasitakoa praktikan jartzen duzue?
Kattukan talde bezala erronka bat dugu. Asko formatzen gara eta hamabost egunetik biltzen gara eta irizpide bezala dugu formazio saio guztietan jasotako zerbait gutxienez saiatu behar garela praktikan txertatzen. Ahalegin handia da, baina gerora emaitzak dauzka. Ikusten dugu teoria praktikan uztartu daitekeela.

10. Prestakuntza hauetan parte hartzen duzuenak elkar ezagutzen duzue. Hitzaldietatik kanpo esperientziak elkar banatzen dituzue?
Harreman oso sendoak dauzkagu Nafarroako hainbat haur eskoletako hezitzaileekin. Egon dira gurean eta gu berean. Partzuergoko jendearekin ere oso harreman ona daukagu. Nolabait nik beti esaten dut ezin dugula gure jakintza etxean utzi, eta elkar banatu behar dugula. Horrela sortzen da kultura maila eta jendartean 0-3 urte tarteko heziketa estima izatea. Oso ziklo denigratua da, bai lan baldintzei begira bai haurrek dauzkaten baldintzei begira. Heziketa ziklo bat da, baina ez da horrela aintzat hartzen.

11. Beste hitzaldi bat emateko esaten badizue, zer esango zenuke?
Oraintxe bertan pentsatu beharko nuke. Hain gaizki pasa dut nerbioekin... proposamen bat iritsi zitzaidan Hik Hasiko topaketa hauetan egon eta hurrengo egunean Bilbon Euskalduna Jauregian egiteko. Baina pentsatu beharko nuke. Azkenean nire bizitza hezkuntza praktikoa da, eta horretan ibiltzen naiz gustura. Jendeak esaten dit hitz egiteko erraztasuna daukadala eta emozioak transmititzeko gai naizela, baina halako mailako prestakuntza batean aritzeko asko pentsatu beharko nuke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak