1. Nola sortu zen Urdiaingo Gurasoen Euskara Batzordea?
Urdiaingo udaletxeko egungo udal taldea sortu genuenean, kezka handienetako bat izan zen ikustea nola euskara geroz eta gehiago ari ginen galtzen kalean. Orduan zerbait egitea erabaki zen, eta prozesu horren bukaeran Urdiaingo Gurasoen Euskara Batzordea sortu zen.
2. Bereziki haur eta gazteen artean ari da jaisten euskararen erabilera edo orokorra da?
Esango nuke orokorra dela, baina taldea sortzerakoan erabaki genuen euskararen erabilera adin zehatz batekin lantzea, 6 eta 12 urte bitarteko neska mutilekin lan egitea gure taldean, euskara sustatzeko ekintzak antolatuz.
3. Paradoxa da. Haur gehienek, guztiek ez esateagatik, D ereduan ikasten dute, euskaraz badakite, eta kale erabilpenean gaztelania asko entzuten da.
Bai, kalean euskaraz hitz egiteko ohitura hori aldatzen ari da. Nik 10 urte daramatzat Urdiainen bizitzen, eta urte hauetan beherakada hori nabaritu dut. Horren aurrean zerbait egin behar zela erabaki genuen.
4. Aurreko urtean sortu zenuten guraso taldea, ezta?
Bai, 2016ko martxoa aldera elkartu ginen. Aurretik, Urdiaingo Udaletik Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuarekin elkartu ginen. Bertako teknikari Izaskun Errazkinek EBETE enpresaz hitz egin zigun. Iñaki Eizmendi da arduraduna eta euskararen erabilera sustatzeko baliabideak eta tresnak eskaintzen dituzte. Bilera deitu genuen berarekin eta jende dexente joan zen. Hortik abiatu ginen Urdiaingo Gurasoen Euskara Batzordea sortzeko.
5. Antolatutakoen artean “euslie” kanpaina egin zenuten iaz.
Bai, euskararen eusleak dira euskara eusten dutenak eta euskararen erabilera sustatzen dutenak. Gurasoek euskaraz aritzeko konpromisoa hartu genuen. Euskararen “eusliek” ginela zioen txapa batzuk jarri genituen, euskaraz ariko ginela erakusteko. Nolabait, gure seme-alabei guk ejenplua emateko, gurasoek euskaraz hitz egiten dugula. Konpromiso hori.
Iazko ekainean egin genuen kanpaina, hiru astetan zehar. Kanpainako azken egunak Urdiaingo festetako lehen egunarekin kointziditu zuen. Aste bakoitzean 7 gurasok hartu zuten eusle izateko konpromisoa. “Euslie” txapa jantzi eta edonon zeudela euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartu zuten. Oso esperientzia positiboa izan zen.
6. Jendeak galdetzen al zuen ea zer zen txapa hori?
Kanpainarekin hasi aurretik ekimenaren berri eman genuen, informazioa zabaldu genuen herria. Kanpainan parte hartu zuten gurasoei ere esan zitzaien zein zen beraien lana: herrian euskararen erabilera sustatzea, txapa jantzita. Esparru ezberdinetan mugitzen den jendea izan zen euslie: eskolako eta ikastolako gurasoak, futbolean dabiltzan seme-alaben gurasoak… denetatik. Eta lortu genuen ere herriko harakina, ileapaintzailea eta beste eusliek izatea, haurrekin bakarrik ez, helduekin ere euskara sustatzeko.
7. Zer moduz atera zen?
Positiboa izan zen, errepikatzeko modukoa. Eguraldi ona datorrenean, hurrengo urtean, atzera ere egin nahi dena. Garrantzitsua da herrian azaleraztea arazo bat dagoela, euskararen erabileran atzera egiten ari garela. Kanpainari esker jende asko konturatu zen arazo larria zegoela euskararen erabileran. Txipa aldatzea ez da erraza, baina horretan gaude.
8. Aipatu kanpainaz gain, euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko bidean txangoak antolatzea erabaki zenuten.
Bai. Udaberrian bi data jarri genituen Bernoara txangoa egiteko, baina sekulako eguraldi txarra egin zuen, tartean elurra eta guzti. Azkenean larunbatean lortu genuen. 21 lagun elkartu ginen, eta oso positiboa izan zen. Eguraldi txarra iragartzen zuten eta B plan bat ere prestatua genuen, baina azkenean Urriztin hitzordua jarri genuen larunbat arratsaldean eta berriki berreskuratu den Bernoa galtzadaraino joan ginen. Euskaldunak ginen gurasoek hartu genuen neska-mutikoak eramatearen ardura. Eta ongi ibili ginen, gustura. Taldetxotan banatu ginen, ziurtatuz euskara erabiltzen ari ginela, eta gustura. Hasieran eguraldiak lagundu zuen, gero euria hasi zen eta busti egin ginen, baina euskararen alde, edozer gauza, bustitzea barne!
9. Hemendik aurrera zer? Txango gehiago etorriko dira? Bestelako ekimenak?
Bigarren ibilaldi bat egingo dugu, Jon Zufiaurre herritarraren laguntza dugu horretarako. Bestalde, ideia batzuk ere baditugu: sukaldaritza tailerrak antolatzea, kirol jardueretan erabiltzen diren esamolde eta esapideak euskaratzea...
10. Askotan, esapide askotarako eta hizkera kolokialerako, gaztelerara jotzen dugu. Akaso hiztegi hori da osatu behar dena, gaztetxoenak erabiltzen dituzten hitz eta esamolde horiek euskaratzea...
Bai, EBETEren laguntza izango dugu horretarako. Taldean aztertuko dugu. Hitz berriak ikasten hasi beharko dugu, futbolean, kiroletan eta gazteen hizkuntza eta esapide horietan janzteko. Pilak jarri beharko ditugu.
11. Gurasoren batek edo herritarren batek Urdiaingo Gurasoen Euskara Batzordean parte hartu nahi badu, nora jo behar du?
Urdiain herri txikia da eta elkar ezagutzen dugu. Gugana etorri daitezena, eta ongi etorriak izanen dira denak.