Irati Irigoien: "Holandan aritzea nahikoa saria da"

Guaixe 2018ko mar. 2a, 08:41

Asteburuan Junior mailako Espainiako Txapelketan, Cordoban, zilarrezko domina lortu zuen Irati Irigoien urdiaindarrak. Taekwondo Mundialetan parte hartzeko aukera du urdiaindarrak, baina horretarako martxoaren bigarren asteburuan Holandako probetan puntuazio altua lortu beharko du.

1. Noiz hasi zinen taekwondoan?
Orain dela 4 urte, 10 urterekin. Kirolak harrapatu ninduen. Hau da nire laugarren urtea eta junior mailako lehen urtean nabil. Taekwondoa arte martziala da. Jendeak lotzen du borrokarekin, baina ez da bakarrik hori. Guk teknikak lantzen ditugu eta errespetua oso garrantzitsua da. Beste pertsona batekin borrokan zaude baina ez dugu inolako pikerik. Alde horretatik asko gustatzen zait. Gero, teknikoki oso polita da.

2. Juniorra zara, baina kategoria barruan pisu ezberdinetan lehiatzen zarete?
Bai, ni 59 kilo azpiko pisuan nago. Pisu bakoitzak modu ezberdinean lan egiten du. Pisu gutxiago dutenak arinagoak dira eta mugimendu azkarragoak egiten dituzte, giro ikusgarriagoak. Pisu altuagoen mugimenduak geldiagoak dira, baina mugimenduak teknikoagoak dira. Nire pisua gorantz begiratzen dago, baina erdi mailakoa da.

3. Hasieratik hasi zinen txapelketetan lehiatzen?
Nire bigarren urtean hasi nintzen, Nafarroa mailako txapelketa batzuetan parte hartu nuen. Eta iaz, nire 3. urtean, kanpoan lehiatzen hasi nintzen eta Nafarroako selekziorako hautatu ninduten. Horrek laguntza asko ematen dizu. Iruñara goaz entrenatzera, entrenatzaile ezberdinekin aritzen gara eta trebakuntza borrokaldietara bideratuago dago, baina hemen, Bargagainen ere gauzak egiten ditugu.

4. Gerardo Montero da zure irakaslea, Altsasuko Bargagain klubean. Zer moduzkoa da?
Niretzako kristoren irakasle ona da. Taekwondoaz izugarri daki, laugarren DAN maila dauka, baina horretaz gain, asko inplikatzen da ikasleekin eta lan asko egiten du gurekin, bai taekwondoan eta baita maila pertsonalean ere. Bargagain taldean oso ongi pasatzen dugu eta harreman oso ona dugu. Familia bat bezala gara. Aste Santuan egonaldia egingo dugu Lekarrozen.

5. Zuen maila gerrikoen koloreak definitzen du?
Bai, baina gerriko beltza lortu ondoren, DAN maila lortu dezakezu. DAN bakoitza lortzeko urte batzuk eman behar dira trebatzen. 4. DAN maila altua da, asko kostatzen da iristea. Nik, momentuz, gerriko urdina dut. Nahiko gutxi da borrokatzea tokatzen zaidan jendearekin alderatuta; gehienek gerriko beltza dute. Nik beharko ditut urte pare bat gutxienez gerriko beltza lortzeko. Ondo lan egiten badut, kurtso honen bukaeran egin dezaket azterketa berria, gerriko marroia lortzeko. Hemen egingo dit, Altsasun, nire irakasleak. Gerriko beltza lortzeko proba Iruñean egin behar da.

6. Asteburuan Junior mailako Espainiako Taekwondo txapelketan parte hartu zenuen, Kordoban, eta zilarrezko domina lortu zenuen. Zorionak!
Eskerrik asko, super pozik nago. Ez nuen espero, junior mailako lehen urtea dela kontuan hartuta. Nafarroako selekzioan hiru neska gaude nire pisuan, eta ezin ginen hirurak Kordobara joan. Selekzioak ni konbokatu izanagatik oso pozik nengoen, eta zilarrezko domina lortzea… izugarria izan da. Esan didate oso ongi ibili nintzela eta zilarra lortu nuela egindako lanarengatik. Nire arerioek maila nahiko handia zuten,eta borrokaldiak ez zituzten erraztasun handiekin irabazi. Txapelduna Valentziar selekzioarekin lehiatu zen Anastasia izan zen. Urrezko domina lortzen duena zuzenean doa Mundialetara, baina Anastasiak errusiar nazionalitatea du. Orduan, nire eta hirugarrena sailkatu zen Madrilgo selekzioko Elena Torreren artean erabakiko da nor doa Mundialera.

7. Hortaz aurten Turkian jokatuko diren Mundialetan aritzeko aukera duzu?
Hori martxoaren bigarren asteburuan Holandan jokatuko den taekwondo txapelketan erabakiko da. Elena Torrek eta nik aurre selekzioko borrokaldi bat egin genuen eta berak irabazi zuen, puntu batengatik. Orduan, bera Holandara Espainiako selekzioa ordezkatuz joango da eta ni, aldiz, Altsasuko Bargagain klubaren izenean. Oraingoz, nik berak baino puntu gehiago ditut, eta Holandan puntuazio gehiago lortzen badut, espainiar selekzioarekin joango naiz Mundialetara.

8. Nola ikusten duzu?
Holandako probarako entrenatzen nago, baina ez dakit zer egingo dudan. Martxoaren 8an joango naiz, Gerardo irakaslearekin. Estatutik kanpo naiz sekula atera, eta ni nolakoa den ikustera noa. Lortzen badut, ongi, eta ez badut lortzen, ez naiz gehiegi tristetuko. Esperientzia hori bizi ahal izatea nahikotxo saria da. Etxekoak, lagunak, herritarrak… pozik daude, denek zoriondu naute.

9. Zortea izan dezazula! Baduzu amuletoren bat?
Eskerrik asko! Ez dut asko sinisten baina ileak eusteko jartzen dut diadema bat lagun batek oparitu zidana. Hori fosforitoa da eta asko ikusten da, baina grazia egiten dit eta horregatik jartzen dut.

10. Neska eta mutilen artean desberdintasuna dago taekwondoan?
Txikiak garenean desberdinak dira nesken eta mutilen arteko konbateak. Mutilek neskak baino gutxiago pentsatzen dute eta egiten dituzte ostiko gehiago eta dira ikusgarriagoak. Neskek gehiago pentsatzen dute nola egin gauza bakoitza. Baina, bestela, ez dago aldaketarik.

11. Taekwondoan aritzea gomendatuko zenuen jendea?
Bai, jendeak uste baino balore askoz hobeagoak lantzen dira taekwondoan. Arte martzial hau diziplinarioa da, baina ez horrenbeste. Ez gaude zorrotz-zorrotz une guztian. Oso kirol polita da eta jende guztiari gomendatzen diot, zeren berdin da zein adina duzun, nahi duzunean hasi zaitezke. Lortzen duzu elastikotasun handia izatea, eta gorputza kontrolatzen ikasten duzu. Gainera, lagun asko egiten dituzu. Nik Iruñean lagun asko egin ditut.