1. Nola hasi zinen San Juan Kantaita egiten?
Duela bost urte inguru herriko ohiturarekin jarraitzeko proposatu ziguten Urdiaingo gazte batzuek, hau da, San Juan bezperan San Juan kanta eta dantza egitea. Baietz esan nien. Aurten beteranoena naiz, berriak izanen dira gehienak. Batzuek urte pare bat daramate, baina ia denek estreinakoz eginen dute Kantaita.
2. Zer da San Juan Kantaita?
Antzinatik datorren urdiaingo ohitura bat da. San Juan bezperan herriko emakumeek San Juan ermitaraino prozesio moduko bat egiten zuten. Ermitan kantatzen eta dantzatzen zuten. Belaunaldiz belaunaldi pasa da ohitura, ez da aldatu.
3. Noiz egiten da?
San Juan bezperan, garagarrilaren 23an, 19:00ak aldera, neskak Udaletxetik ateratzen gara eta San Juan ermitara joaten gara. Han gaudenean meza egiten da eta gero Kantaita egiten dugu. Bitartean, sua pizten da eta, ondoren, jendeak sua saltatzen du eta abar.
4. Zergatik egiten da ohitura hau Urdiainen?
Antzinako garaietan uzta txarrak egoten ziren eta eguraldi txarra egiten zuen. Hortaz, uzta onak ateratzeko eskaera moduko bat da Kantaita. Eskatzen da urteko une horretatik aurrera hobeki joateko.
5 . Baldintzaren bat bete behar da kantaita egiteko?
Ez. Herrikoa izatea eta prest egotea. Ez dakit zehazki zein adin tarte izan behar den, uste dut 14 edo 15 urtetik aurrera. Ohiturarekin jarraitzeko beti behar izan da jendea eta hainbat urtetan jende asko izan ohi da eta beste urte batzuetan gutxi. Jende asko dagoenean eta zuk urte asko badaramazu hau egiten, beste batzuei lekukoa pasatzen diezu. Ez da neska kopuru zehatz bat behar. Zortzi bagara, zortziek eginen dugu, hamar bagaude, hamar. Herrian hainbat jantzi daude, baina ez dira asko. Beraz, jantziek mugatzen dute kopurua; hamar edo hamabi izan ohi gara.
6 . Letra ere antzinatik dator. Zer moduz moldatu zarete ikasteko?
Zailtasuna badauka herriko euskalkian dagoelako, eta, bi bezala, Urdiainen jaioa ez naizela, nahiz eta aspaldi etorri, zaila egiten da. Baina hainbatetan errepikatu ondoren erraza egiten da. San Juan eguna baino bi aste lehenago elkartzen hasten gara entseatzeko eta abestia barneratzeko.
7 . Norbaitek erakusten dizue?
Belaunaldien artekoa da, hortaz, Kantaita egiten duen jendea aldatzen joaten da. Esan bezala, urte batzuetan batzuk sartzen dira eta beste batzuetan beste hainbat ateratzen dira. Beraz, ateratzen direnek edo urte gehiago daramatenek berriei irakasten diete. Ez dago pertsona bat urtero irakasteaz arduratzen dena.
8. Dantza ere bada, nolakoa da?
Dantza, berez, ez da dantza bat. Eskuak elkartuta ditugula kanta koreografia moduko batekin jarraitzen dugu.
9. Zer suposatzen du herriko neskendako eta emakumeendako San Juan Kantaita egitea?
Oso gauza berezia da, pertsona bezala aberasten nau. Azken finean herriaren ohitura bat egiten ari zara. Ohore bat da.
10. Jantziak bereziak dira. Nola lortzen dituzue?
Jantzi hauek herriko emakumeek izan ohi dituzte, beraz, San Juan Kantaita prestatzen hasten garenean emakumeen etxetara joaten gara jantziak ote dituzten galdetzera. Emakume hauek gazte garaian Kantaita jantzi horiekin egin zuten. Batzuek bere familiako jantzia dituzte, baina beste batzuek ez, eta horregatik eskatu behar ditugu.
11. Nolakoa da jantzia?
Landutako jantziak dira. Bi gona dira, urdinak, eta gonari buelta ematen diozunean oihal-zerrenda berdea ikusten zaio. Gona hori buruan jartzen da eta behean gelditzen dena gona bezala erabiltzen da. Neguko eta udako gonak daude, lodiak edo finoagoak. Goialderako bi modu daude: lehenengoa txaketa da, eta txaketak ezkondutako emakumeen jantziak ziren. Bigarrena txalekoa da, eta txalekoak ezkondu gabekoendako ziren.