Horrela sortu zen tradizio nomadan oinarritutako Gure Zirkua proiektua. Karpa Urdiainen jarri dute eta guar eta igandera bitartean bost saio eginen dituzte. Leihatilan lortu daitezke azkenengo sarrerak. Nafarroa Oinez-ek antolatu du Gure Zirkua.
Zer da Gure Zirkua?
Helburu nagusia euskal artistei lana ematea da. Euskal artisten topagune izatea. Horrek ez du esan nahi egunen batean norbait kanpotik badator eta zerbait ekar badezake ongi etorria izango ez direnik. Baina momentuz euskaldunak gaude bakarrik: nafarrak, bizkaitarrak, arabarrak, gizpuzkoarrak...
Zenbat pertsona zaudete?
Hamabi lagunek osatzen dugu taldetxoa eta hainbat zirkuko diziplina erakusten dugu.
Zeintzuk dira diziplina horiek?
Munduko diziplina zaharrenak: trapezioa, soka gainean ibiltzea, akrobaziak lurrean, baita airean ere, magia, malabarimoa eta umorea ere badago. Pailazoak daude kontuan hartuz umeak etortzen direla. Eta musika. Diziplina guztiak batzen dira pista borobil batean. Hor sortzen da magia, behintzat saiatzen gara. Poza eta alaitasuna eta gauza guztiak koktelera batean sartu eta hori jendearengana gerturatzea.
Nola sortu zen Gure Zirkua?
Afizio handia izan dut zirkuarekiko eta hainbat zirku ikustera joan naiz bai Euskal Herrira zetozenak, baita Frantziara, Kataluniara eta Alemaniara ere joan naiz. Beti pentsatu izan dut Euskal Herrian horrelako zerbait behar genuela. Batez ere Katalunian ikusi nuen tailerrak sortzen zirela eta afizio handia zegoela. Orduan ohartu nintzen gure haurrek eskoletan ere zirku tailerretan parte hartzen dutela. Eta pentsatu nuen zoragarria izango zela hori guztia karpa batean egin ahal izatera. Beraz, kotxe zaharren zaleek Interneten kotxeak begiratzen duen bezala nik zirkuak begiratzen nituen. Azkenean karpa batekin topo egin nuen Luxenburgon. Gero beste guztia gelditzen zen: harmailak egin eta poliki-poliki hiru urtez aritu naiz lan honetan. Tolosako zezen plazan zezenketarik ez direnez egiten espazio hura utzi zidaten harmailak egiteko. Bitartean nire lanekin jarraitzen nuen telebistan eta antzerkian. Joseba Usobiagarekin hasi nintzen. Malabarista azpeitiar bat enteratu zen zirku bat egiten ari nintzela eta lana zegoenez gelditzeko esan genion. Eta pixkanaka hor elkartu ginen malabarista, trapezistak, funanbulistak eta abar harmaila bat egiten. Ez dago kastingik egin beharrik, zirkuko euskal artistak hementxe dauzkat. Eta pentsatu nuen emanaldi bat prestatzea tokatzen zitzaigula orduan.
Zergatik da berezia Gure Zirkua?
Berezia da gurea delako. Zirku asko ikusi ditut eta egia da hemen ikusi ditugunak ez direlako holakoak. Baina guk gurearen antzekoak ikusi ditugu Europan eta politak dira, goxoak eta garbiak. Zerbait berezia esaten ariko banintz bezala dirudi. Baina azken finean garbia, goxoa eta ikuskizun xamurra da. Eta euskaraz dala. Jendeak horri garrantzia handia ematen dio, nik ez diot ematen. Ez naiz diru-laguntza bat eskatzera joango euskaraz dela. Euskaraz bizi gara, euskaraz muntatzen dugu karpa, harmailak jartzen ditugu eta ikuskizuna euskaraz da. Baina nik ez nuke jendea animatuko zirkua bakarrik euskaraz delako, zirkua delako animatuko nuke.
Zirkua arrazoi nahikoa da.
Eusko Jaurlaritzara joaten banaiz diru-laguntzak eskatzera musikarako, dantzarako, dantza kalean egiteko, antzokietarako, kale antzerkietarako eta abarretarako dago. Baina zirkurako ez dago epigrafe bat. Gu ferianteak gara txurro-dendariak, tiropitxoiak, barrakak eta holakoetan sartzen gara. Ez gara arte eszenikoak. Eta nik uste dut arte desberdin asko biltzen dituela zirkua: dantza, musika, antzerkia, akrobaziak eta abar. Arte eszeniko nagusia da nire ustez. Baina ez da horrela hartzen.
Zirkuaren tradizio nomadarekin jarraitu duzue. Zergatik?
Taldea egiteko garaian garrantzitsua da. Zerk ez ezberdintzen du zirkua beste diziplinetatik? Antzerkira zoazenean antzoki batera zoaz, emanaldia egiten duzu eta gero ostatura zoaz lo egitera. Gero etxera bueltatzen zara edota etxetik gertu bazaude kotxea hartu eta etxera itzultzen zara. Eta telebistan gauza bera. Guk, aldiz, zirkuan entseatzen dugu, eta margoak bertan lo egiten du, karpa erdian, gero berak aktuatuko duen tokian bertan. Beste batzuk furgonetan lo egiten dugu. Zirkua inguratzen dugu furgonetekin. Otorduak elkarrekin egiten ditugu, ontziak garbitu, afaria prestatu, apurtzen dena konpondu... Beraz, zure zirkuarekin zoaz, zure taldearekin, emanaldiak egiten dituzu, dena jaso eta hurrengo lekura joaten zara. Ez ditugu morroirik eta, beraz, aurreko artistak hurrengoari dena presatu behar dio. Esperientzia oso bat da.
Nolakoa da ikuskizuna?
Denetik dauka. Umorea dago, jendea pozik ateratzen da. Askok ez dakite nola definitu. Polita, zoragarria... hasten dira hitzak bilatzen hasten dira eta oso gurea dela esaten dute. Abestiak ere badaude, euskal abesti tradizionalak. Trapezioan, esaterako, ez da zortzi metroko altueran dagoela eta jendeak pentsatzen duela erortzen bada hilko da eta holakoak. Trapezioan Iraitzek edo Koldok lau metroko alturan ibiltzen dira eta azpian Xabier Leteren habanera bat edo Mikel Laboaren koplak entzuten dira. Eta iristen zaigu. Kritikak ere izan ditugu bat-batean The Police edo Sting jotzen duelako, hau da, musika ez da dena euskaraz. Baina zirkuak nazioartekoa ere izaten jakin behar du. Jakin behar dugu mundura begira jartzen.
Nafarroan lehenengo aldia izango da. Nolakoa izan da orain arteko esperientzia?
Orain arte butaka guztiak bete ditugu eta espero dugu Urdiainen horrela izatea ere. Karpa txikia da, 280 bat lagun sartzen dira, orduan ez da zaila betetzea. Ez da antzoki handi bat betetzea bezala. Lau familia nahikoak dira gure zirkua betetzeko.