Guaixe eta Oixe, denboraren makinak

Guaixe 2019ko ots. 11a, 15:08

Guaixe hilabetekariak eta Oixe astekariak liburutegietan aparteko txoko batean egonen dira.

Guaixek aurten 25 urte beteko ditu eta urtean zehar hainbat ekimen antolatuko ditu fundazioak. Aurrena hilabetekari eta astekari zaharrak ikusgai jarriko dituen erakusketa ibiltaria da, liburutegiz liburutegiko ibilbidea Urdiainen hasiko duena gaur.

Guaixe hilabetekaria aurrenekoz 1994ko abenduan argitaratu zen. 25 urteko ibilbidea dugu beraz, ospatzeko. Eta, horretarako, Guaixe fundazioak urtean barna hainbat ekimen antolatzea erabaki du. Horretarako, Batzen gaituena leloa eta propio sortutako logotipo bat erabiliko ditugu. Eta zer batzen gaitu gu guztiok? Euskarak batzen gaitu. Sakanak batzen gaitu. Guaixek batzen gaitu.

Guaixek, hilabetekari moduan lehenik eta astekari moduan orain, euskara Sakanako etxeetara sartzen ia mende laurden egin du. Eta batzen gaituen horri erreparatu eta atzera begira jartzea egokia litzatekeela iruditu zaio Guaixe fundazioari. Horregatik, Guaixe hilabetekariez (1994-2003) eta Oixe astekariez (2001-2003) osatutako erakusketa ibiltaria prestatu du. Egungo astekariaren oinarri eta jatorria izan zirenak berriro irakurleen eskura jarriko ditugu. Haiek ezagutu zituztenak aspaldiko kontuak errepasatu ahal izateko, izan diren aldaketez gogoeta egiteko eta, zergatik ez, atzerako nostalgiazko begirada egiteko. 25 urte asko dira, edo ezer ez tangoaren arabera, baina dagoeneko bada sakandar belaunaldi bat Guaixe betidanik etxean ezagutu duena eta ez duena Sakana euskarazko tokiko prentsarik gabe ezagutu. Erakusketak, beraz, gazte horiei Guaixeren hastapenak ezagutu eta, zergatik ez, senideak eta ezagunak argazki zaharretan ikusteko aukera emanen die.

Hilabetekariz eta astekariz osatutako erakusketa ibiltaria izanen da, Sakanako liburutegi batetik bestera ibiliko da. Erakusketa propio hartuko duen set bat prestatu du Guaixe fundazioak, liburutegi bakoitzaren espaziora egokituko dena. Baldez, mahaiaz eta aulkiaz osatutako espazio berezi horretan hemeroteka kontsultatzeko aukera izanen da.

Erakusketak ibilbidea Urdiaingo udal liburutegian hasiko du, Guaixek bere lehen bulegoa izan zuen tokitik pare bat metrora. Urdiainen astelehenetik otsailaren 22ra izanen da ikusgai. Martxoren 11tik 29ra Altsasuko liburutegian izanen da eta Arbizukoan apirilaren 1etik 17ra. Gainontzeko herrietako datak aurrerago jakinaraziko ditugu.

Zurekin
Abenduan 25 urte eginen ditugu zurekin bazkide, zurekin irakurle, zurekin entzule. Sakanaz ibarretik bertatik informatzen, euskaraz. Sakanarako, eta mundu zabalerako. 1.450 bazkideko komunitate sendo batek eusten dio Guaixe fundazioari. Haren sostengu ekonomikoari esker Sakanaz euskaraz informatzen dugu astekariarekin, irratiarekin eta web orriarekin. Gure asmoa informatzen segitzea eta hedabideen arloan sortzen diren erronka berriei ahalik eta duinen eta hobekien erantzuten segitzea da. Gure txikitasunetik. Beti ere, gero eta zabalagoa izatea nahi genukeen komunitate horren babesarekin. Batzen gaituenarekin.

Erlazionatuak