1.Apirilaren 4an Garestik atera eta 14an Gasteiza iritsiko da Korrika, Klika lelopean. Noiz pasako da Sakanatik?
Apirilaren 8tik 9rako gauean Sakana zeharkatuko du. Goizaldeko ordu batean Aizkorbetik sartuko da Korrika Sakanara, hori izango da Korrikako 1063. Kilometroa, eta puntatik puntara zeharkatuko du ibarra, Ziorditik 05:37an Arabako Lautadara jotzeko. 1.128. kilometroa izango da sakandarren azkena.
2. Beraz, gauez pasako da Korrika guretik, beste behin…
Bai, baina gauak badauka bere xarma hori, Sakanan beti ateratzen da jendea. Umorez hartuko dugu, ez dago besterik.
3. Nola doa Korrikaren antolakuntza gurean?
Nahiko ondo, Korrika badoa aurrera.
4. Eta kilometroen salmenta nola doa?
Sakanan aurten 71 km ditugu euskararen alde korrika egiteko eta dagoeneko guztiak saldu ditugu, 3 km izan ezik. Hiru falta dira saltzeko.
5.Noizbait gelditu da Sakanan kilometroren bat erosi gabe?
Nik esango nuke ez dela kilometrorik gelditu saldu gabe sekula. Baina aurten km asko ditugu, gehiago, 71 km guztira. Izan ere, Korrika Aizkorbera iritsi baino lehen, Ultzama aldean ibiliko da, Muskiz, Zia, Aginaga, Gulia…, eta tarte horretan hartzen ditu km asko berez Sakanarenak ez direnak baina sakandarrek korrituko ditugunak. Horregatik km gehiago ditugu, 71 km guztira, eta 3 kilometro falta zaizkigu saltzeko. Norbaitek erosi nahi badu gugana jo dezala, Sakanako Itsasi euskaltegira.
6. Makina bat kultur ekitaldi antolatzen dira Korrika Kulturalaren barruan. Asko izanen al dira gurean?
Momentuz, Olaztin bi kultur ekitaldi daude lotuta eta Etxarri Aranatzen bat. Altsasun eta Urdiainen ere egingo da zerbait. Orain arte Santa Agedak eta ihoteak izan dira eta hemendik aurrera hasiko da jendea Korrikaren inguruan gehiago inplikatzen. Beraz, gero etorriko dira ekitaldi gehiago, Korrika iritsi ahala herrietan ekitaldiak antolatzen baitira. Lotuta daudenen artean, Olaztin apirilaren 5ean Xabi Bandini musikariaren kontzertua izanen dugu, 22:30ean Kultur Etxean, eta, apirilaren 7an Txan Magoa etorriko da Olaztira, 17:00etan. Etxarri Aranatzen martxoaren 31an irrintzien inguruan landutako Erraiak dokumentalaren aurkezpen-solasaldia izanen da. Dokumental horretan parte hartzen duten bi kide etorriko dira, dokumentalaz hitz egiteko.
7. Korrika nagusiarekin batera Korrika Txikiak ere antolatzen dira herriz-herri.
Bai, ia herri guztietan antolatzen dira. Korrika Txiki batzuen datak baditut, baina herri askoren datak konfirmatzea falta da. Arbizun, Uharte Arakilen eta Ihabarren apirilaren 6an ospatuko dira Korrika Txikiak, Lakuntzan apirilaren 8an, eta Bakaikun eta Iturmendin ere bai. Bakaikun eta Iturmendin Korrika Txikia herri batetik bestera egiten dute, batean hasi eta bestean bukatu, eta aurten Bakaikun hasi eta Iturmendin bukatuko dute, apirilaren 8an. Korrika apirilaren 8tik 9rako gauean pasako da Sakanatik eta inguru horretan egingo dira Korrika txikiak. Oraindik herri asko daude lotu gabe, baina garaiz gabiltza.
8. Ikastetxeek ere euren Korrika Txikiak egiten dituzte, ezta?
Bai, eta oso politak izaten dira. Ikastetxeak ari dira euren Korrika Txikiak antolatzen. Bihar (asteazkena) Altsasuko euskaltegian bilera dugu Altsasuko ikastetxeekin, ea denen artean elkarrekin Korrika Txikia egin dezakegun aztertzeko, data eta beste adosteko.
9.Petoak eta Korrika materiala non eros daiteke?
Sakanako Itsasi euskaltegian, Altsasun, petoak, arropa eta materiala dugu salgai, eta bertatik pasa daiteke materiala ikusi eta erostera.
10.Baina herrietan, Korrika Txikietan eta Korrikako ekitaldietan ere izaten da materiala erosteko aukera, ezta?
Bai, herrietako Korrika batzordeak antolatzen dira materiala hartu eta herrietan saltzeaz. Dena den, norbaitek Korrikako materiala bere herrian saldu nahi badu, euskaltegira deitu dezala lasai asko eta beharrezkoa den materiala emango diogu saltzeko. Korrika afaria dela, Korrika Kulturala, Korrika Txikia edo dena delakoa, materiala eskatu daiteke. Pixkanaka Korrikako data hurbiltzen ari da eta ekitaldi gehiago antolatuko dira.
11. Sakandarrak Korrikan parte hartzera inplikatuko ditugu?
Jakina! Korrikaren alde egiten diren ekitaldietan parte hartzera animatu nahi ditugu sakandarrak, eta herriren batean ekitaldirik prestatu ez bada eta norbaitek Korrikaren alde zerbait egiteko interesa badu –afari bat, hitzaldi bat, Korrika Txikia, dena delakoa…– anima daitezela.