Sanantondar berri pare bat

Guaixe 2020ko urt. 21a, 13:02

Urdiaingo San Anton kofradiak bi kide berri ditu eta guztira 50 dira 

Larunbat eguerdiko mezaren ondoren, sanantondar urdindarrak eliz ataria atera ziren eta San Anton kantaita abestu zuten. Horrekin batera, Migel Anjel Sagaseta apaizak lau haizeetara bedeinkapena egin zuen, herriko soro eta ondasunak bedeinkatzeko. Tintiniturri elkartean gosaldu ondoren kofradeek herriaren etxean batzartu ziren. Han jakin zen bajarik ez zela eta altak, berriz, bi: Alberto Aldaz eta Ivan Gonzalez. 

Akta-liburuan ere jasoa gelditu zen kofradiako buruzagien, maiordomoen aldaketa. Izan ere, Valentin Floresek eta Imanol Goikoetxeak Iñigo Etxeberriari eta Josu Lanasi utzi zieten lekukoa. Azken horiek heldu den urteko ospakizuna antolatzeaz aparte, kakorratzez egindako diru-poltsa eta San Antonen omenezko bandera zainduko dituzte. Jasoa gelditu zen bestea da hemendik aurrera bazkaldu ondoren soilik maiordomo aukeratu berrien etxeetara joanen dira errondan. Orain artean zaharren eta berrien lau etxeetara joaten baitzen. Hala egin zuten Aitziber elkartean bazkaltzen egon ziren 40 kofradeek.

Nicolas Arbizu Gabirondo ikerlari iturmendiarrak Burundako mandazainak liburua argitaratu berri du. Haren bidez jakin da kofradiako lehen idazkaria, Lopez de Zubiriak, hiru erreal kobratzen zituela bere egitekoagatik. Gaur egungoak, Migel Anjel Zubiriak, 3 euroko ordaina jasotzen du bere egitekoagatik. Aurretik kofradiako idazkari ardura bere aitak eta aitonak izan zuten. Arbizuren liburua larunbat eguerdian Urdiaingo herriaren etxean aurkeztuko da. 

Erlazionatuak