Udalak baso kudeaketaz azalpenak eman ditu

Guaixe 2020ko ots. 2a, 12:59
Baso aprobetxamendua. Artxiboa.

Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuaren Baso Antolakuntza Planaren araberako kudeatzen dela gaztigatu du, PEFC zigiluaren ikuskaritzapean.

Teilekozabal, Arbotonata, Aizpikomaizti eta Bustintza dermioetan baso aprobetxamendua ateratzen ari da enpresa bat. Makineria astuna erabiltzen ari da horretarako eta haren gurpilek arrasto handiak uzten ditu lurrean. Pasako tokia denez, jendearen artean zeresana eman du horrek, eta horren adierazle da joan den astean Guaixe zenbakian Objektibotik atalean argitaratuko argazkia eta hari lotutako testua. 

Urdiaingo Udalak azaldu duenez, herriko baso kudeaketa Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuak onartutako Baso Plangintzaren arabera egiten da. Han jasotzen dira basoa eta bertako baliabideak berritu eta iraunkortasuna bermatzeko egin beharreko jarduerak eta egutegia. Udaletik azaldu dutenez, “PEFC zigiluak kudeaketa jasangarria dela ziurtatzen du”. Udaletik gogorarazi dutenez, “baso aprobetxamendua erosten duen enpresaren egitekoen artean “bideak eta hondatutako eremuak leheneratzea dago. Hori, aurretik ordaintzen duten fidantzarekin bermatzen da”. 

Herriaren etxetik gaztigatu dutenez, “zuhaitzak ateratzeko garaian makinek egiten dituzten mugimenduekin laharrak eta zaparrak apurtzen dituzte, horrela ezkurra lurreraino iristen da eta bertan errotzea lortzen da, basoa landare gaztez betetzen delarik”. Udalak jakinarazi duenez, Teilekozabalgo baso aprobetxamendua atera ondoren gelditzen diren adarrak etxetarako sutarako egur loteetan banatuko dira urdiaindarren artean. Ondoren, aprobetxamendua hartu duenak bideak konponduko ditu. Azkenik, udalak gogorarazi du baso plangintza herriaren etxean ikusgai dagoela, eta nahi duenak kontsultatzeko aukera du.