Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia zela Espainiako Vuelta bitan osatu zuen Pablo Urtasun Perezek, 2010. eta 2013. urteetan. Aurten, kirol zuzendari gisa bere lehen Vuelta egin du, Kern Pharma taldearekin. Gustura ibili da, eta dagoeneko burua Kroazian du, irailaren 27tik urriaren 2ra bitartean jokatuko den CRO Race lasterketan talde farmazeutikoa gidatuko baitu.
Espainiako Vueltan bi aldiz aritu zara txirrindulari, eta aurten kirol zuzendari gisa mustu zara. Eszenatoki berbera, baina lanbide ezberdina.
Erabat ezberdina da. Txirrindularia zarenean buruari buelta gutxi ematen dizkiozu: etapa jokatu eta atseden hartu. Kirol zuzendari gisa, etapa gidatu behar duzu eta etapa bukatu eta berehala hasten dira hurrengo etapako kezka eta planifikazio guztiak argitzen. Lan ezberdina da, bat fisikoagoa eta bestea burua gehiago erabiltzekoa.
Txirrindulariak bai, baina zuek ere lehertuta bukatuko duzue.
Itzuli handi hauetako batean hilabete bat pasatzen duzu lanean. Autoa gidatzen ordu asko dira, eta lasterketan beti tentsio gehiago egoten da. Handik hona bueltaka, hoteletik hotelera, ohe ezberdinetan lo egiten. Egia da luze egiten dela, baina gustura ibili gara.
Nola moldatzen zarete gidatzen zaudetela txirrindulariei aginduak eman, lasterketako informazio edo irudiak jarraitu, bazkaldu eta bestelakoak aldi berean egiteko? Baldintza horietan gidatzen ikasteko masterclassen bat jasotzen al duzue?
(Kar, kar…). Gehienak tropelean ibili gara aurretik, eta hori ere nabaritzen da. Lasterketetan urduritasun asko egoten da, abiadura handia, eta gauza asko egin behar ditugu gidatzen dugun bitartean: mapa begiratu, telebista begiratu, bazkaldu... dena batera. Gauza asko dira, alboan txirrindulariak, motorrak, autoak eta beste ditugulako. Gertatu ahal zenerako ez da ezer gutxi gertatzen. Ez da erraza izaten, baina mundu honetan gabiltzanok gustura ibiltzen gara.
"Vueltan ongi hasi ginen, lehenengo astean lan ona egin genuen, baina Covidarengatik hiru txirrindulari galdu genituen eta egun zailak pasa genituen"
Kern Pharma talde berria da, hirugarren denboraldia baitu. Aurten Espainiako Vueltako gonbidapen preziatuetako bat jasotzea, berez, handia izan da zuendako. Hori nahikoa ez, eta Vueltan maila polita eman duzue. Parra 26. sailkatu da, eta Garciak, Berradek, Řepak eta Galvanek ere lasterketa bukatzea lortu dute.
Vueltan ongi hasi ginen. Holandako etapa horiek, taldekako erlojupekoa… lehenengo astean lan ona egin genuen, baina atseden egunean hiru txirrindulari galdu genituen COVID-19 birusarengatik, eta bizpahiru egun zail pasa behar izan genituen. Zorionez, txirrindulariek egoerari buelta eman zioten eta Vuelta bukaera oso ona egin zuten, batez ere Garciak eta Parrak, azkeneko bi etapatan maila handia eman zutelako. Vuelta nahiko ona atera zaigula uste dut.
Askok Igor Arrieta Lizarraga zuen txirrindulari uharte arakildarra Espainiako Vueltan kokatzen zuten.
Berarekin hitz egin genuen, eta berak aurten Etorkizuneko Tourra egin nahi zuen. Eta horrela erabaki genuen, ezin baituzu txirrindulari bat behartu. Etorkizuneko Tourra lasterketa oso polita da, maila handikoa ere bai. Tamalez, etapa zailenak gainditu eta gero, gaixotu zen, hain justu berarendako aproposak ziren etapak iritsi zirenean. Apustua ez zen oso ongi atera, baina datorren urtean ikusiko dugu Vueltako gonbidapena jasotzen dugun eta bera egoten den. Orain Eslovakiako Tourrean ari da parte hartzen.
Kern Pharmako manager eta kirol zuzendari Juanjo Orozek adierazi duenez, “proba honek taldea hobetzea ekarri du. Hori zen bilatzen genuena, eta Vueltak eskatzen duen mailan egon gara. Harro egoteko moduan egon behar dugu”.
Bai, txirrindulari gazte asko dauzkagu, eta egia da itzuli luze batek indartsuago eta psikologikoki sendoago egiten dituela. Sufritzeko momentu asko izaten dira, eta une horiek gainditzea eta etapa txarrei aurre egiteak txirrindulariak hobetu egiten ditu.
"Txirrindulariek egoerari buelta eman zioten eta Vuelta bukaera oso ona egin zuten"
UCI Pro Team mailako taldea zarete, tropelaren bigarren maila. UCI Pro Tour edo lehen mailako taldeen ondoan egotea nolakoa da? Tropelean mailakatzea nabari egiten da edo guztiak berdinak zarete?
Tropelean denok berdinak izaten saiatzen gara. Aurrekontu handiko taldeak daude, eta hoteletan, materialean eta dituzten bitartekoetan nabaritzen da. Azpiegitura ikusgarriak dauzkate, eta hori ikusten da, baina etapari irteera ematen zaionean diferentzia horiek horrenbeste ez nabaritzen saiatzen gara. Ez da erraza, maila handiko txirrindulariak dituztelako, baina saiatzen gara.
Zuen txirrindulariek Vuelta nola bizi izan dute? Beraiendako sekulakoa izango zen.
Bai. Azken etapan argi ikusten zen jende guztia pozik zegoela. Ondo atera zaionari ondo atera zaiolako eta gaizki atera zaionari bukatu egin delako. Egia da ilusio handiz aritu direla, eta asko ikasi dutela uste dut. Esaterako, hiru asteko lasterketa batean ezin duzu egunero topera joan, batzuetan indarrak gorde behar dira, eta hori ere kudeatzen ikasi beharra dago. Gure txirrindulariendako lehen itzuli handia zen, eta uste dut lan hori eta beste batzuk egiten ikasi dutela.
Zuek, teknikari zareten aldetik, ikasi al duzue?
Beti ikusten dituzu gauza interesgarriak. Adibidez, talde handi horiek sukaldariekin bidaiatzen dute, edo material konkretua dute, edo bestelakoak. Aurrekontuarekin asko aldatzen da egoera. Beraz, hobetu daitezkeen gauzak daude, baina ikusiko dugu, pausoz pauso joan beharra dago.
Vuelta berezia izan da, mugimendu askokoa. Azkenean Remco Evanopoelek irabazi zuen, Enric Masen eta Juan Aiusoren aurretik. Primoz Roglicen erorikoak lasterketa baldintzatu zuen. Finean, gauza asko gertatu ziren.
Bai, lasterketa polita izan da, ikusgarritasuna izan du. Ez zegoen faborito argi bat. Roglic aipatzen zen, aurretik Vuelta hirutan irabazi duelako, baina Tourreko erorketarengatik bere prestakuntza ez zen onena izan. Hala ere, egunetik egunera geroz eta hobe ikusten zitzaion, eta Remcorekin borroka polita aurreikusten zen, baina erorikoarengatik erretiratu beharra izan zuen. Vuelta interesgarria izan da.
"Datorren denboraldiari begira helburu nagusia gure txirrindulariak taldean mantentzea izango da, eta ez da erraza izango, World Tour taldeak ongi ibiltzen diren txirrindularien atzetik ibiltzen baitira"
Txirrindulari zinen garaitik jende asko ezagutuko duzu tropelean. Aspaldiko ezagunekin egoteko aukera izan zenuen edo ezagutzen zenuen mundua goitik behera aldatu da?
Jende berria zegoen, baina aspaldiko jende askok mundu horretan jarraitzen du: mekanikoak, masajistak, zuzendariak... txirrindulariak ez horrenbeste, erretiratzen joan direlako, baina jende asko ezagutzen nuen. Gehienbat etapak hasi baino lehen genuen ezagunekin egoteko aukera. Etapa hasieran talde guztien aurkezpena egiten da eta denborarekin joaten ginen. Hor izaten genuen batarekin eta bestearekin hitz egiteko edo kaferen bat hartzeko tartea.
Jorge Azanza altsasuarrarekin, Euskalteleko zure taldekide ohi eta Euskaltel-Euskadiko egungo kirol zuzendariarekin egoteko aukera izan zenuen?
Bai, Jorge Vueltan ibili zen ere. Egun batzuetan hotel berdinetan egon ginen bi taldeak.
Zure garaiko txirrindulari horietako bat Alejandro Valverde izango zen. Aurten erretiroa hartuko dute berak eta Vincenzo Nibalik, eta omenaldi polita egin zitzaien. Hala erretiratzea polita izango da.
Bai, txirrindulari guztiek ez dute aukera hori izaten, baina oso polita izan zela esan beharra dago. Biak Espainiako Vueltako irabazleak izan dira, eta ederra izan zen.
Vueltan hilabete bat egon zarete etxetik kanpo. Hori familiaren egunerokotasunarekin uztartzea zaila izango da eta zuen lanbidearen alde negatiboa. Gainera, zuretako urte hau oso gogorra izan da, aita galdu duzulako.
Bai, egia esan. Itzuli luzeetan gehiago nabaritzen da eta tarteka gogorra egiten da, baina gaur egun komunikazioak asko hobetu dira eta ia egunero egiten ditugu bideodeiak etxekoekin. Duela urte batzuk ez genituen etxekoak ikusten eta ia-ia eurekin ez genuen hitz egiten ere. Orain, egunero ikusten dituzu, mugikorrean edo ordenagailuan bada ere. Aurten Vuelta etxetik gertu egon denez, bisitan etorri dira eta eskertzen da, hilabete hori laburragoa egiten delako.
Orain arteko denboraldiaren balantzea nolakoa da? Espero zenutena, hobea…
Nik uste dut ongi atera dela. Espainiako Txapelketa bat irabazi dugu Raul Garciarekin, World Tourreko La Route d'Occitanie-ko etapa bat, Roger Adriárekin, eta bestelako podiumak, tartean Igor Arrietak. Txirrindulariek, oro har, maila ona eman dute, baina pozgarriena da txirrindulariak hazten ikusten ditugula, hobetzen, urtetik urtera maila gehiago dutela, eta hori da bidea. Lasterketak irabazi edo ez, ez da hain garrantzitsua, beraiek hazten badira hori iritsiko delako. Beraien maila handitzen joaten dela ikustea, hori da garrantzitsuena.
UCI Pro Tour mailara pasatzea zaila izango da. Hasteko, gutxieneko aurrekontu bat izan beharko dute taldeek.
Bai, auditoria modukoak egoten dira, aurrekontuak eta babesletza kontratuak aztertu, eta auditoria horiek esaten dutenaren arabera lizentzia jasotzeko aukera izaten dute taldeek, ala ez. Orain hasi dira lizentziak hiru urtetik behin ematen. Aurten berriz ere emango dituzte, eta, beraz, datorren hiru urteetan ez dira aldatuko.
"Vueltan politena euskal afizioaren gertutasuna eta berotasuna sentitzea izan da"
Kern Pharmak lehen mailara egiteko saltoa noiz ikusiko zenukete egingarria?
Ez da erraza esaten. UCI Pro Tour mailan egoteko gutxi gorabehera 20 milioi euroko aurrekontua behar da, eta hori lortzea ez da erraza. Beraz, pausoz pauso ikusiko dugu. Momentuz hurrengo hiru urteak izango ditugu handitzen jarraitzeko eta orduan ikusiko dugu.
Denboraldia ez da oraindik bukatu. Zein da zure hurrengo lasterketa?
Hurrengo astean Kern Pharmako talde batekin Kroaziara joango naiz CRO Race lasterketan parte hartzera, eta beste talde bat Italiako Klasikoak egitera joango da. Nik uste dut aurten Kroaziako probekin bukatuko dudala denboraldia.
Ez dakit kirol zuzendari batendako denboraldia noizbait bukatzen ote den. Oporrak hartuko al dituzu?
Denboraldi bat bukatzen denerako hurrengoan pentsatzen eta plangintza egiten hasten gara, baina CRO Race bukatutakoan aste pare bat lasaiago pasatuko ditut. Hortik aurrera denboraldi berriari ekingo diogu, azaroan talde kontzentrazioren bat egingo dugu eta gutxika denboraldi berriari begira jarriko gara.
Datorren denboraldirako zein da Kern Pharma taldearen helburu nagusia?
Gure txirrindulari guztiak taldean jarraitzea, hori da gure helburu nagusiena, eta ez da erraza izango, World Tour taldeak ondo ibiltzen diren txirrindularien atzetik ibiltzen baitira. Deitzen badiete, zaila izango da eurak eustea. Baina gure txirrindulariek jarraitzea, hori da xedea, beraiekin handitzea eta taldea eustea, horri esker taldea hobea izango delako. Eta lasterketei dagokionez, Espainiako Vueltako gonbidapena lortzea eta Euskal Herriko Itzulian lan ona egitea.
Zuen babeslea, Kern Pharma enpresa farmazeutikoa, kontentu dago Vueltan egin duzuen lanarekin?
Madrilgo bi etapatan enpresako zuzendaria gurekin egon zen autoan eta oso gustura ibili zen. Gainera, Raul Garcia eta Urko Berrade ihesaldian sartu ziren eta maila handia eman zuten etapa horietan, eta zuzendaria oso pozik bueltatu zen. Espero dugu kontentu egotea eta taldea babesten jarraitzea.
Zure lehendabiziko Vuelta zuzendari gisa. Zein sentsaziorekin gelditu zara?
Sentsazio onarekin. Gu gustura ibili gara. Pena handia izan genuen hiru txirrindulari galdu genituelako, baina taldearendako lehenengo Vuelta zen, ilusio handiz ibili ginen eta uste dut ondo egin genuela. Bestalde, euskal afizioaren gertutasuna, euskal zaleek txirrindularitza nola bizi duten eta nola jarraitzen duten ikustea eta sentitzea, hori izan da politena. Txirrindulariek ere jendearen berotasuna eta animo horiek sentitzen dituzte. Txirrindulari gehienek euskal afizioarekin harreman oso polita dute.