Mantaguna eta momoxarroak Urdiainen

Guaixe 2023ko ots. 14a, 12:16

Momoxarroak 2022ko Urdiaingo ihoteetan. ARTXIBOA

Otsailaren 18an, 19an eta 21ean, larunbata, igandea eta asteartea, ospatuko dituzte Urdiaingo ihoteak.

Otsailaren 18an, larunbata, mantaguna izanen da Urdiainen. Arpilerazko mantak edo zakuak soinean, aurpegia estalita eta zigorra eskuan aterako dira urdiaindarrak eta Mantaguna, guna, guna, guna, zakuan kunkuna abesten dutenen atzean ariko dira arratsaldean.

Otsailaren 19an eta 21ean, igandea eta asteartea, momoxarroak aterako dira: eskuetan zigorra eramanen dute, aurpegia estalita, farak bizkarrean eta haietako batzuek ardi narrruak daramatzatela soinean, beste batzuek ohe estalkiak eta besteren batzuek txano konikoa. Momoxarro xirrikiti xarro, esportero molinero, zaia janda putza gero, arre konpañero abesten dutenen atzean zigortzeko asmoz ariko dira.

Urdiaingo ihoteetako egitaraua

Otsailak 18 larunbata
Mantaguna

  • 16:30-20:00 Mozorrotuak kalean.

Otsailak 19 igandea

  • 17:00-20:00 Momoxarro txikiak.
  • Ondoren, txokolate jana, plazan.

Otsailak 21 asteartea

  • 17:00-20:00 Momoxarro handiak.
  • Ondoren, kuadrillen sorgin afariak.