Urriztirako sendan, beste zati bat

Guaixe 2023ko abu. 1a, 10:03
Oinezkoendako senda asfaltutako bideari paraleloa da.

Oinezkoendako bidexkak baserriak eta igerilekuak lotuko ditu Bernoako galtzadako bideari segituz.

Urdiaingo Udalak Teileriko zabaletik Urriztiraino, baserrietatik igerilekuraino, metro bat zabal eta 2,5 km inguruko luzera duen senda egiteko asmoa du. Lan horrekin, Urdiaingo Udalak oinezko eta txirrindulariei segurtasuna eman nahi die, asfaltatutako pistan ibilgailuak gehiegizko abiaduran ibiltzen baitira. 

Lana bere baliabideekin egiten hasi da, pitteka ari da horretan. Lehen zatia Ibasko errekaldean dagoen zubi ondotik herrirantz egindakoa izan zen, urte hasieran egina. Berriki udalak Teileriko Zabalean dauden bi bidegurutzeen artean lurra jaso du senda egiteko. 210 bat metro gehiago izanen ditu sendak zati hori egina dagoenean. Udalak argitu duenez, San Pedro plazaren erditik ez da hareazko sendarik pasako; hura asfaltatutako biderantz eramanen du. 

Bestetik, Urdiaingo Udalak baso aprobetxamendua aurten bargan eman du, Altsasu alderantz. Han gaztainondoak daude, eta pagoak haiek inguratzen ari zirenez, epaitzak emanez, gaztainondoendako espazioa sortu nahi izan du. Loteetara iritsi ahal izateko, bideetan mantentze lanak egin ditu udalak.