Saretzen

Bankuak, joerak eta ondorioak

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko mar. 18a, 14:00

Emakumezkoa eta gizonezkoa Urdiaingo banku bulegoan sartzen.

Kopuru handiena 2008an lortu ondoren, banku eta kutxen bulegoen kopuruak behera egiteko prozesua urte hartan hasi zen. Euskal Autonomia Erkidegoan sarearen %51 galdu du (1.034 bulego gutxiago), Nafarroan %44 (317 bulego gutxiago).

Urtez urte, Kutxa eta banketxe bulego gutxiago dago Hego Euskal Herrian. Joera orokorra da, baina neurri ezberdinean leku batetik bestera. Joera da eskudirua gero eta gutxiago erabiltzea, eta ordainketa terminalen (datafonoa) kopurua urtez urte handitzen doa. Bulegoen gutxitzeak zerbitzuen murrizketa ekarri du leku askotan ere, eta ingurune birtuala garatu da. Urdiainen CaixaBanken bulegoa ixtear egon zen duela lauzpabost urte. Bizitakoaren ondoren, herrian banku zerbitzua izatearen inguruan galdezka joan gara. 


Amelia, Maria Angeles eta Ana Isabel, jubilatu elkartean.

Urdiaingo jubilatu elkartean Ameli Irigoien Etxabarrik, Mari Angeles Garziandia Goñik eta Ana Isabel Zufiaurre Albizturrek hartu gaituzte, zuzendaritzako kideak. Hirurak kutxazainetik dirua ateratzen moldatzen dira. Irigoienek esan duenez, "kutxazainean dirua sartzen orain ikasi dugu. Ikasten ari gara". Zufiaurrek gaineratu duenez, "transferentzia edo egiteko beste zerbait badugu, orduan bai, barrura. Orain dagoen nesakiarekin oso ongi gabiltza". Garziandiak ziurtatu duenez, "zerbait baldin badut, berak dena konpontzen dit. Gauza handia da. Bestela, txartela kutxazain gainean jartzea eta horrekin dirua ateratzea, hori niretako errazena da. Baina orain ikasi dut". Irigoienek jakinarazi duenez, "ikusmen arazoak ditut eta laguntza behar dut. Bulegoko nesakiarekin oso ondo moldatzen naiz. Niretako urrea da bulegoa egotea". 

Herriko hiru zerbitzura ere jo dugu iritzi eske. Javier Lopez de Goikoetxea Ollokiegi harategiko jabea da. Jakinarazi duenez, "guk gehien-gehiena diru xehea, kanbioak, eskuratzeko da. Eta dendarako behar ditugun gauzak. Hemen gehiena diru xehea da. Apika jendea etortzen da ogi bat eske 50 eurokoarekin. Atera kontua zer aldaketa egin behar den hor. Gaur egun bankuko kontuak asko berritu dira, eta lan egiteko beste modu bat daukate. Gehiena etxetik egiten dugu". Karmen Lopez de Goikoetxea Goikoetxeak ile apaindegia du eta, aitortu duenez, "diru xehe asko behar du, niretako hori da makurrena". Barbara eta Manuel Perez Diez-Canseco tabernako nagusiak dira. Zabaldu zutenetik dira bezeroak eta, "funtsean, tramiteak egitera" joaten dira bulegora, kanbioak eskatzera, diru sarrerak egitera... "Gehien erabiltzen duguna kutxazaina da", aitortu dute. Harakinak azaldu duenez, "bankuan edozer gauzagatik kobratzen dute. Transferentziak etxetik egiten badituzu ere kobratu egiten dute. Beti dago hor ehuneko txiki bat kentzen dutena. Baina beti daude moduak ez kobratzeko eta beti ibiltzen gara muxinkuen, eztabaidatzen".

David Oroz Alonso alkateak esan duenez, "udal kontuengatik aldiro-aldiro joaten naiz tramiteak egitera". Gaineratu duenez, "mugimendua badago. Ez bakarrik urdindarrak, ingurukoak ere etortzen dira. Batez ere Iturmendi eta Bakaikukoak. Altsasuarrak ere ikusten dira. Altsasuko bulegoa nahiko saturatuta egoten omen da eta jendea hona etortzen da". 


Javier Lopez de Goikoetxea Ollokiegi harategian.

Ordutegia 
Bulegoa astearte eta ostegunetan 09:00etatik 12:00etara egoten da zabalik. "Guretako ordutegi ona da", esan dute jubilatu elkarteko kideek. Ile apaintzaileak esan duenez, "beti diru xehe gabe gelditzen naiz ostiraletan, Orduan dena itxita dago. Beti kanbioak eskatzen. Edo zorretan uzten dute, eta halakoak". Bestela, berak "normalean egin beharrekoak kutxazainean egiten" ditu, "barrura sartzeko arazo handirik ez baitut. Dirua sartu, atera, transferentziak edo dena delakoa. Erosoa da, nahi dudanean joaten naiz, ez dut ordutegirik". 

Tabernariek esan dutenez, "ordutegia pixka bat mugatua da. Baina asteartea ederki datorkigu, jai eguna dugu eta kudeaketak egiteko balia dezakegulako. Baina, egia esan, herriari begira ordutegi pixka bat mugatua da. Edo premia duzunean. Diru xeherik gabe gelditu, edo ostegunean joatea pasatzen bazaizu, Altsasura, Etxarrira, Arbizura edo edonora joan beharra duzu". 

Harakinak gogoratu du "lehenago egunero zabalik egoten" zela. "Hura martxa ona zen herriarendako, guretako, denondako. Gero, uste dut, Caja Navarratik CaixaBankera aldatu zen, eta orduan gauzak estutzen hasi ziren. Orain astean bi egunetan zabaltzen dute. Hori guretako faena latza da. Itxita dagoen egunean dendan diru xehea behar badugu jendeari kobratzeko, Altsasura joan beharko dut. Eta Altsasura joanez gero, beste eskaintza batzuk dauzkagu". Harakinak berak gaineratu duenez, "eskerrak kutxazaina dagoela. Ordutik kanpo, bulegoa itxita dagoela, gauza hona da hori martxan ibiltzea; dirua sartzeko edo ateratzeko".

Anai-arrebek gaineratu dutenez, "ordutegi murriztua duenez, gero eta jende gutxiago joaten dela ikusten dugu. Lehen astelehenetik ostiralera zabaltzen zuenean, jende gehiagok erabiltzen zuen bulegoa. Orain 09:00etatik 12:00etara dago. Jendea beste norabait joaten da, apenas etortzen da jendea". Langileari galdetu izan diote tabernariek: "gero eta jende gutxiago joaten dela erantzuten du. Ordutegi murriztua izatean, jendea bera mugatu egiten da: 'horretarako, beste norabait joanen naiz'. Bulegoa beti zabalik ez dagoenez, beste toki batera joateko ohitura hartzen duzu". 


Karmen Lopez de Goikoetxea Goikoetxea lanean.

Ordainketa moduak 
Ikerketen arabera, pertsonen erdiak baino gehiagok "eskudirutan"ordaintzen du pagatu beharrekoa. Ordainbiderik erabiliena da, batez ere 55 urtetik gorakoen artean. 25-39 eta 40-54 urteko pertsonek erabiltzen dituzte gehien txartelak. Eta zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago erabiltzen da mugikorra eta txartela. Bestalde, ordaintzeko terminalak (datafonoak) hirukoiztu egin dira bi hamarkadetan. Joera horiek baieztatu dizkigute harakinak, ile apaintzaileak eta tabernariek. Azken horiek ohitura aldaketa hori berretsi dute: "gero eta gehiago telefonoarekin edo txartelarekin ordaintzen da, mugimenduak handitu egin dira. Pandemiaz geroztik askoz ere gehiago. Batez ere gazteak dira hala ordaintzen dutenak, helduek oraindik eusten diote; haiendako dirua da garrantzitsua". 

Ile apaintzaileak azaldu duenez, "hemen 35 urte daramatzat, beti datafonoa jartzekotan, eta ez dut jarri. Bi urte daramatzat jende pila Bizum bidez ordaintzen duena. Oso erosoa da. Gazteak ordaintzen dute horrela. Helduek ez, beti diruarekin". Harakinak dioenez, "azkenean jendea bizi berrira moldatu beharko da. Arazoa jende jarriarekin dago. Jende jarriak txartelarekin ordaintzeko arazoak dauzka, eta hari gustatzen zaio dirua ibiltzea. Jakina, banku bulegoa bi egun zabalik izanik, jende jarriak kristoren arazoa dauka". Jubilatu elkartekoak diruaz aparte, txartela eta libretarekin egiten ditu ordainketak. Irigoienek esan duenez, "batzuetan pin-arekin gaizki ibiltzen naiz, baina bulegoko langileak esan zidan nola egin, eta kitto".

Tabernariek gogoratu dute datafonoagatik hilero ordaindu beharra dutela. "Tabernan estaldura onik ez dugunez datafonoz aldatu dugu eta wifidun bat jarri digute. Espero ez genuen aparteko gastu bat izan da. Telefono linearen estaldura eta Urdiainen, dagoena da". Harakinak azaldu duenez, "lehenago ez zegoen zuntz optikorik, eta seinalea hona ez zen ailegatzen. Orain, bai zuntza jarrita daukagu eta, dagoeneko, arazorik ez dugu". 

Bulegoa ixtear
Banku bulego sarearen galera orokortua da Europan. Espainiak (-%61) eta Danimarkak (-%60) izan dute galerarik handiena. Frantziak, txikiena (-%13). Sakanan 2015az geroztik bi bulego gutxiago daude. Eta Urdiainen banku bulegoa ixtear egon zen. "Azken urtetan bankuen politika hori izaten ari da: gero eta bulego gutxiago, jendea kaleratu, bulegoak itxi. Joera da dena Internet eta ordenagailu bidez egitea, eta aurrez aurreko arreta gero eta gutxiago eskaintzea. Politika horren barruko erabakia zen", azaldu du alkateak. 

Orozek gogoratu duenez, "gugana etorri ziren salduz bulegoa itxi baina kutxazain miragarri bat jarriko zutela esanez. Haren bidez eragiketa guztiak egiteko aukera izanen genuke. Udalak hasieratik esan zien hori ez zitzaiola nahikoa iruditzen. Arreta pertsonala gauza askotarako behar dela, eta ezinbestekoa ikusten genuela". Jubilatu elkarteko Garziandiak azaldu zuenez, urdindar batzuk, ez denek, bulegoaren itxieraren berri ematen zuen gutuna jaso zuen. 

Alkateak azaldu duenez, "albistea herrian zabaltzen hasi zenean, jendea aktibatu zen. Jendeak kezkaz bizi izan zuen albistea, eta mugitzen hasi zen". Jubilatu elkarteko Irigoienek esan duenez, "oso txarki iruditu zitzaigun. Jendea hasi zen esaten dirua bankutik atera behar zuela, herritik kentzen bazuten jende jarriak zer egin behar zuen, eta gauza bat eta bestea".

Udaletxean informazio batzarra egin zuten. "Eta jendartetik sinadura bilketa egiteko ideia atera zen, horren bidez urdindarren ezinegona eta kezka adierazteko. Jendearen ekimenez egin zen sinadura bilketa eta ehunka bildu ziren". Irigoienek gogoan du "jendeak arrazoiak eman genituen". Garziandiak gaineratu duenez, "orduan hasi ginen denak mobilizatzen, manifestazioa antolatzen eta normalean egiten diren gauza horiek. Udaletxe aurrean egoten ginen". 

Orozek azaldu duenez, "Caixabankeko arduradunekin bigarren bilerara joan ginen eta sinadura haiek momentu hartan eragina izan zuten. Haiek arazoaren tamaina edo urdindarren pertzepzioa ikusi zuten. Bulegorik ez balego, jendea bere diruaren jabe denez, egin beharrekoa egiteko prest zegoen. Horren ondorioz, beste planteamendu batekin etorri ziren. Gaur egun astean bitan irekita dago bulegoa". Jubilatu elkarteko bi kideek esan dutenez, "azkenean, gelditzea lortu genuen, eta ondo. Zerbitzua herrian mantendu da". 

Garai hura gogoan, alkateak esan duenez, "Urdiain herri txikia da, baina denetarik dugu; denda txukuna dago, taberna, medikua... eta banketxe bulegoa ere badago. Beharbada hori izan zen punta: 'hau galtzen hasten bagara, beste zerbaiten hasiera izan daiteke'. Halako sentimendua zegoen momentu horretan: beharrezko zerbitzu baten galera. Herri txikik, jakina, aireportu bat ez dugu eskatuko, baina herrietan gutxieneko zerbitzuak egon behar dira. 


Manuel eta Barbara Perez Diez-Canseco Kaluxa tabernan.

Bulegorik ez balego
Sakanan bertan badira banku bulego edo kutxazainik ez duten zazpi udalerri: Arakil, Irañeta, Arruazu, Ergoiena, Bakaiku, Iturmendi eta Ziordia. Hipotesi horren aurrean jarri ditugu urdindarrak, banku bulegorik ez izatea. Guztiek jende jarriari, adinekoei, erreparatu diete. Jubilatu elkarteko Zufiaurrek esan duenez, "arazo handia lukete. Zer egin beharko lukete, aldamenekoari edo familiakori diru bila joateko esan? Altsasun dirua ateratzeko?" Irigoienek gaineratu du: "oso jarriak badira, ez dira autobusean moldatzen. Hemen konfiantzarekin joaten dira bulegora, etxera bezala. Desberdina da". Zufiaurrek esan du beraiek autoa badutela eta Altsasura joaten direla. "Baina ez daukanak, arazo ikaragarria da herri txiki batendako; ez daukate dirua ateratzeko modurik. Irigoien eta Garziandiarendako bulegorik ez egotea "arazo bat litzateke, Altsasura joan beharko ginateke. Eta hara joateko beti ez duzu autorik. Arazoa da, bai".

Ile apaintzailek esan duenez, "niretako kalte handirik ez zen izanen. Autoa dut, mugikorrarekin eta guztiarekin moldatzen gara. Altsasura joatea ez da ezer kosta. Baina helduak beste kontu bat da. Ni nire gurasoen gauzak egiten hasi nintzen, ixten hasi zirelako, kutxazaina, ordutegia..." 

Harakinak, berriz "diru xehearen bila Altsasura joan beharko nuke. Dagoeneko egun askotan Altsasura joaten gara. Urdindarrak ere gauza bera eginen lukete. Beti egon da eta halako herrietan pena ematen du halako zerbitzuak galtzea. Azkenean, gauza bat kendu, bestea kendu, herriak horrela joaten dira galtzen". Eta jakinarazi duenez, "bere garaian kutxako bat etorri zitzaidan galdezka zer iruditzen zitzaidan bulegoa ixtea eta egun batzuetan zabalik izatea. Egia esan nion: 'Urdiaindik Altsasura, Irurtzunera edo Iruñera joateko autoa hartzen badut, beste gauza batzuetarako bezala, beste bulego batzuk ditut'. Erabat ixten badute, haiekin lan egiteari utziko dio jende askok, eta beste entitate batekin hasiko da. Espero dut bulegoak zabalik segitzea. Ea lortzen dugun bi egun baino gehiagotan zabaltzea". 

Orozek esan duenez, "herri txikiok halako zerbitzuak defendatu behar ditugu, herrietan eduki behar ditugu. Banketxeen irabaziak ikusten ditugunean, azkenean gure diruarekin zer diru irabazten duten, ez da asko eskatzea herri txikiak zaintzea. Herri txikiak ere garrantzitsuak dira". 


Emakumezkoa banku bulegorantz joaten.

Bulegoak segitzen du
Nafarroako udalerrien %54k (272tik 147) ez du banku-bulegorik, baina biztanleriaren %6,7 da. Sakandarren %13,46 ez du udalerrian halako zerbitzurik. Ile apaintzaileak ziurtatu duenez, "bulegoa egotea herria bizirik mantentzeko modua da. Dendak-eta ixten badituzte, askoz ere makurragoa da. Herrian gauza bat gutxiago dago herrian, bizi gutxiagoa". Jubilatu elkarteko Zufiaurrek esan duenez, "bulegoa dagoela baloratu behar da, eta erabili ere bai. Beraiek esaten dutenez, gazteek, eta guk ere, gutxi erabiltzen dugula bulegoa, kutxazainera joan dirua atera eta aurrera". Baina, gaineratu du: "herri bati zerbitzua eman behar zaio. Jendeak hor ditu bere diruak". Garziandiak bulegoak ematen duen "laguntasuna" nabarmendu du, "edozer gauza egiteko behar dugu". Zufiaurrek gaineratu duenez, "nesakia oso atsegina da. Gauza asko errazten dizkizu, guri eta elkarteari, eta jendea gustura joaten da. Jendea ez da beldurrez joaten, konfiantzarekin baizik. Jende jarria ere konfiantzaz joaten da". Irigoienek argitu duenez, "Altsasun jende pila bat dago. Jende jarria nahastu eta urduri jartzen da, desberdina da. Nahiz eta txikia izan haiendako oso gertukoa da herriko bulegoa". 

Profesionalek ere gertuko harreman hori ere baloratzen dute. Tabernariek azaldu dutenez, "azken aldian pertsona bera dago lanean, hori ona da, elkar ezagutza dago. Pertsona ezagutzen duzu, tratua duzu, hurbiltasuna eta hizketatzeko erraztasuna. Ezagutzen duzu, gosaltzera etortzen zen... Edozein kudeaketa egiteko ona da hori. Bulegoa bulego gisa zegoenean, joan eta han zegoen. Orain Urdiainen leihatila zerbitzua du, beste kontsulta mota batzuetarako Altsasura joan behar duzu". Ile apaintzaileak ziurtatu duenez, dagoen langileak konfiantza handia ematen dio: "Urdiainen egoten den langilearekin Altsasuko bulegoan berarekin egon naiz. Arazoren bat ibili dudanean, kasualitatez, berarekin tokatu zait. Eta ongi. 

Harakinak azaldu duenez, garai bateko langilea, "Patxi, oso ezaguna zen hemen eta jendearekin harreman ona izaten zuen. Eta kristoren konfiantza ematen zuen beti pertsona ezaguna ibiltzea". Gaineratu duenez, "aspaldi honetan nesaki bat dago. Baina hasieran joaten zinen aldiro pertsona berri bat zegoen". Orain inbertsio edo diru konturen batekin bulegora joanez gero "zuzendariarekin edo besteren batekin hitz egin behar duzula esaten dizute". 

Jubilatu elkarteko Irigoienek eta Garziandiak jakinarazi dutenez, iturmendiarrak eta bakaikuarrak ere Urdiaingo banku bulegora joaten dira. "Eta gelditzen dira. Batzuk joaten dira tabernara, besteak harategira erosketak egitera. Beti-beti mugitzen da jendea". Tabernariek berretsi dute aldameneko herrietako "batzuk" joaten zaizkiela, "zerbait nabari da, baina oso gutxi. Baina bulegoa egoteak mugimendua egotea sustatzen du". Ile apaintzaileak azaldu duenez, "noizbehinka etortzen dira. Lehen bai, baina orain herri guztietan ile apaindegiak daudenez, ez hainbeste". Zufiaurrek gehitu duenez, "horiek denak herriari bizia ematen diote, eta hori da herri txiki batek behar duena: bizia, zerbitzuak eta jendea.

Orozek "ez du ikusten" herria banku bulegorik gabe gelditzea. "Argi eta garbi, herri txikietan gero eta zerbitzu gutxiago izateak indartzen du nukleo batzuk gero eta handiagoak izatea. Urdiain txikia da. Baina Sakanako edozein herri txikia izan daiteke. Ezin dugu gure burua engainatu. Sakana osoa 20.000 herritar gara. Iruñeko auzo txikienak biztanle gehiago ditu. Zerbitzu guztiak Iruñean zentralizatuko ditugu? Ondoren despopulazioaz eta horri buelta emateko politikez hitz eginen dugu. Oro har, Sakana ez da despopulazio arriskuan dagoen eskualdea, Urdiain esaterako. Baina zerbitzuak galtzen baditugu, jendeak, nabarmen, zerbitzuak dauden tokietara joko du", esan du alkateak.