Indarrean da zirkulazioa eta trafikoa arautzen dituen udal ordenantza

Guaixe 2024ko mai. 28a, 09:32

Urdiaingo kamioi aparkalekua.

Herriko zirkulazioa aratu nahi du, bereziki aparkalekuei dagokiona. 5.500 kilo baino gehiagoko ibilgailuek ezin izanen dute herrian ibili, baimendutako salbuespenak izan ezik. Kamioiak aparkalekuan aparkatzeko udaletxean baimen txartela eskuratu beharko da.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean maiatzaren 21ean argitaratu ondoren, indarrean da Urdiaingo zirkulazioa eta trafikoa arautzen dituen udal ordenantza. Araudi berriak lau artikulu ditu eta bereziki ibilgailuen aparkalekuak arautzen du. Ordenantzan jasoa dago udalaren eskumena dela herrian aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua. Hala, debekatu egin du herri gunean 5.500 kilo baino gehiago duten ibilgailuak zirkulatzea, gai arriskutsuen garraioan aritzen direnek eta 21 eserleku baino gehiago dituzten autobusek. Salbuespenak dira, besteak beste, zamalanak, baimendutako aparkalekua, garraio publikoa, bidaiarien eskatu ahalako garraioa.

Beraz, Sakanako Autobiako (A-10) irteera eta Magotteaux enpresaren artean udalak egindako aparkalekuan aparkatu beharko dute kamioiek. Horretarako, Urdiaingo kamioien jabeek edo gidariek baimen txartela eskuratu beharko dute. Udaletxean, eskabidearekin batera, honako agiriak aurkeztu beharko dituzte: nortasun agiriaren kopia konpultsatua, ohiko gidariaren gidatzeko baimenaren kopia, ibilgailuaren zirkulazio baimenaren fotokopia eta ibilgailuaren aseguru poliza indardunaren kopia eta ibilgailuen azterketa teknikoaren adostasun txostena, hura aginduzkoa bada. Jasotako baimen txartelak urte bateko indarraldia du eta kamioiaren kabinan agerian jarri beharko dute. 

Ordenantzan jasotako gelditzeko eta aparkatzeko arau orokorrei dagokionez, udalaren baimenik gabe ezin izanen da ez zirkulazioa moztu, ezta inolako seinalerik edo adierazlerik jarri. Aldi berean, jakinarazten da zoladuran markaturik dagoen esparruen barruan aparkatu beharko direla ibilgailuak.  Eta aparkatzerakoan beti kontuan izan behar dela gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten utzi behar zaiela, eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan. Jakinik ibilgailuak tarte motz eta luzetarako gelditzen dituztela gidariek, bi minutu baino gutxiagoko eta hortik gorako geldialdiak ere arautu ditu udalak. 

Erlazionatuak