Saretzen

"Diru aurrezpena izugarria da"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko api. 1a, 09:00

Koldo Arzamendi Anza autoren ondoan.

Koldo Arzamendi Anza duela lau urte eta hiru hilabete dira auto elektrikoaren jabe direla. Egiten duten erabilerarako egokia da eta egindako aukeraketak asebete ditu.

Auto elektrikoa, zergatik?
Lehenengoa, ekologiagatik, hobea delako. Baina hori bezain garrantzitsua da dirua aurreztea. Gasolinan ordaintzen ez dena argindarrean ordaintzen da, baina aldea dezentekoa da. Orduan emazteak km pila egiten zituen. Eta dirua aurrezteko modua hori zela pentsatu genuen.

Dirulaguntzak daude?
Garestia bada. Orain dirulaguntzarik ez dago. Guk erosi genuen garaian bazeuden. Bestalde, zerga aitorpenean kenkariak daude. Kontuak eginda, gasolina edo diesel auto batengatik ordaindutako bera pagatu dut. Dirua aurreratu behar duzu, eta diru dezente da, baina dirulaguntzak zeudenean, beste auto baten prezio berean ateratzen zen.

Zer alde dago ohiko auto batekin?
Asko. Gidatzeko modua da bat. Diru aurrezpena izugarria da. Autoak duen indarra ikaragarria da. Eta gero kontrakoa ere bada: gasolina edo diesel auto batek hiri edo herri handi batean asko gastatzen du, eta errepidean gutxiago. Auto elektrikoarekin justu kontrakoa gertatzen da: errepidean dezente gastatzen du, eta hirietan oso gutxi. Mantentze lanak ere askoz ere merkeagoak dira. Aldizkako azterketagatik 50 euro ordaintzen ari gara. Garestiena gurpilen aldaketa da.

Zuenak zero etiketa izanen du.
Bai. Iruñean eremu urdinean aparkatzeagatik ez dugu ordaintzen. Hiri handietan sartzeko arazo gutxi: Donostian orain dela gutxi jarri dute. Madrilen eta Bartzelonan ere badago. Han ez dut probatu, ez naizelako joan. Baina ez genuke sartzeko arazorik izanen, eta dohainik aparkatzeko. Iruñean egiten dugu, eta Madrilen ziur. Donostian eta Gasteizen galdetu nuen eta han ez. Hemen autopista erabiltzeagatik ordaintzen da, baina Katalunian auto elektrikoek ez dute bidesaririk ordaintzen.

Neguko hotzak nabari dituzue?
Bai, tenperaturak eragiten dio. Hemen, momentuz, bero handiegirik ez du egiten. Baina hotza nabari da, neguan autonomia jaisten da.

Zenbateko autonomia du?
Ofizialki 450 km markatzen ditu. Nik udan, eta herri txikitan ibilita, 490 km egin ditut. Neguan, autobia edo autopistatik 120 km orduko abiaduran joanda, beharbada 360 km egiten ditu. Dezente jaisten da.

Hori berdindu egiten da?
Bai. Gainera, guk hemen inguruan erabiltzen dugu. Behin Kantabriara joan ginen. Badaukazu ardura eta kezka: "non kargatuko dut? Kargatzaileak martxan izanen dira? Hartuta egonen dira?" Horretan hobetzeko asko dago. Baina guk inguruan erabiltzen dugu, eta etxean kargatu. Oso garrantzitsua da garajea izatea. Publikoetan kargatzea dezentez garestiagoa da. Edo ez daukazu nola ibili.

Kargatzailea jartzeko zer behar da?
Orain jarriko dugu. 1.000 eta 6.000 euro artekoak daude. Dirulaguntzak badaude. Halakoak baimena duten elektrikariek jarri beharra dute. Irakurri dudanez, auto kontzesionario batzuek kargatzailea etxean jartzeko zerbitzua eskaintzen dutela.

Elektrolinerak badaude?
Egon, badaude. Beste gauza bat da funtzionatzen duten edo ez. Zure aurretik zenbat auto dauden. Ohiko autoen erregai tanga hiru edo bost minutuan bete duzu. Hauek. kargatzailearen arabera, ordu eta erdi, bi. 7 kW-ekoa bada, eta bateriaren arabera, bost, sei edo zazpi ordu egon behar zara. Beste arazo larri bat da ordaintzeko garaian dago: enpresa bakoitzak bere ordaintzeko aplikazioa dauka. Tentelkeria da. Gasolindegi batera joaten zarenean txartela atera eta ordaintzen duzu, berdin du zein kutxa edo banku duzun. Europak aldatu behar dela esan du, baina badakizu: Spain is different.

Gidatzeko modua aldatu duzu?
Ibilgailu automatikoa da, aurrera eta atzera egiteko dauka. Ez dago besterik. Ez duzu martxa aldatu beharrik, ez ez duzu ezer egin behar. Jarri eta D-ari (drive = gidatu) eman, eta aurrera. Bestela, R-ri (return = itzultzea) eman, eta kitto. Hori amerikarrek gidatzeko duten sistema da. Horregatik hona etortzen direnean gidabaimenak ez die balio, ez baitakite gidatzen. Nik, esaterako, beste autoarekin arazoak ditut, askotan gelditzen zait.

IAT pasa beharra du?
Lehenengoa pasa du, laugarren urtean. Eta langilea autoaren kargarekin harrituta gelditu zen, auto normal batek baino pisu gehiago zuela esan zidan. Bateriek pisu handia daukate.

Jendea galdezka joan zaizu?
Orain bat. Probatzeko eskaini nion, berak baloratzeko. Niretako zoragarria da. Emaztea eta biok oso pozik gaude. Jakina, Sevillara hilero joan beharko banu, pentsatuko nuke. Baina hemendik ibiltzeko, egunean 200 km baino gehiago ez baituzu egiten eta garaje bat baduzu, nik %100ean gomendatuko nuke. Hori bai, dirua iristen bada.