Ekainaren 29an San Pedro eguna da, eta Urdiaingo festak sainduaren egunaren hurrengo larunbatean hasten dira. Hortaz, aurten uztailaren 5ean hasi ziren festak, eta igandean egin zuten ermitara erromeria. Urdiaingo Gazte Asanbladak bezpera ere ospatuko du eta uztailaren 4an Tekno gaua antolatu zuen. UGAk ere lehenengo aldiz Kalderete txapelketa antolatu du festetako lehenengo egunerako; harekin txupinazoaren ondoren zegoen "hutsunea" bete nahi izan dutela esan dute Euken Perez Ariztizabal eta Patxi Arakama Irigoien gazte asanbladako kideek. Festen aurretik, "urtero bezala" festak ospatzeko gogoa zuten.
"UGAk antolatzen duen lehenengoa da; lehen kalderete txapelketa egiten zen plazan"
"UGAk antolatzen duen lehenengo kalderete lehiaketa da, baina lehen egiten zen. Gogoratzen naiz txikia nintzenean plazan antolatzen zutela", azaldu du Perezek. Duela hamar urte baino gehiago egiteari utzi ziotela gaineratu du, "eta larunbata nahiko hutsik geratu zen". Gazteek azaldu dutenez, festak 12:00etan hasten dira eta "iruditzen zitzaigun nahiko triste etxera bazkaltzera joatea edo kuadrillarekin baina norbaiten etxera joatea", beraz, herriarekin batera zerbait egitean pentsatu zuten: "Eta kalderete txapelketa egiten badugu?".
Pentsatu eta egin; uztailaren 5ean ,Elizazpin, kaldereta txapelketa egin zuten. Zeintzuk izanen ziren baldintzak? "Ez dugu ezer ez zehaztu. Patatak haragiarekin eta edozein haragi izan daiteke ere. Gure kuadrillak, esaterako, arkumearekin egin behar du. Baina izan daiteke edozein haragi". Kalderetearen osagaiak "libre" izango dira. Antolakuntzak suak jarriko ditu, Arakamak azaldu bezala: "Kuadrilla bakoitzeko bi su jartzea pentsatu dugu; mahaiak herriarenak izango dira. Antolakuntza aldetik ez du zailtasun handirik". Parte hartzea ere "irekia" izanen zela azaldu dute: "Kuadrillak, familiak, bi edo hiru pertsonako taldeak... Edozeinek parte har dezake; irekia da". Gazte asanbladak suak jarriko ditu, "eta agertzen dena agertzen da". Arakama: "Beti horrela izan da. Suak jartzen ziren, eta nahi zuenak parte hartzen zuen".
Kalderete onena
Gaztai bat eta "koparen bat" izan zen UGAk antolatzen duen lehenengo kalderete txapelketaren saria. Epaimahaia egunean bertan aukeratuko zuten: "Hasiera batean pentsatu genuen aurretik hiru pertsona zehaztea, baina ez dakit beteko dugun", azaldu du Perezek. Egunean bertan mahaiez mahai joanen direla eta pertsona bat aukeratuko dutela gaineratu du. "Azken urtean ere horrela egin zuten", esan du Arakamak.
"Bakoitzaren gustuaren araberakoa izango da; onenak irabaziko du". Epaimahaiak balorazioa egiteko orduan ez du irizipide zehatzik jarraituko, momentuz, behintzat: "Ez da fundamentuzko gauzak bat, eta horrela izatea nahi dugu. Hutsune hori bete nahi genuen; eguerdian zerbait egotea". Kalderete irabazlea egiteko "gogoa" sekreturik hoberena dela gaineratu dute gazteek.
Festak
Festetarako gogoa dutela esan dute UGAko kideek. Urdiaingo festetako momentu gogokoenagatik galdetuta, Perezek egunero 20:00etatik 22:00etara herri guztia plazan elkartzen dela aipatu du, "niretako momenturik polita izaten da". Perezendako azken eguna da gogokoena: "Herri guztiak bazkaria egiten dugu eta gero herriari buelta ematen diogu eta plazan bukatzen dugu; nik uste giro handiena dagoen eguna dela".
UGAk aurten "bakarrik" kalderete txapelketa, ondoren mojitada eta Elizondoko Bidenabar taldearen kontzertu akustikoa antolatu zuen.